GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Udazken giroko Jazzaldia, soinuz garbi eta urez blai

Donostiako Jazzaldia joan zaigu, eta berarekin uztailero gurera agertzen den jazz festak agur esango digu hurrengo urtera arte. Donostikoaz gain, Getxon aurrena (jaialdirik txikiena) eta Gasteizen gero (generoari lotuena), jazz doinuek presentzia nabarmena izan dute aurten ere Euskal Herriko udan. Donostiako Jazzaldia gurean den jazz festarik eklektikoena dugu, eta batzuek oraindik izaera horren aurrean muturra okertzen duten arren, horixe da duen altxorrik handienetarikoa, ordaindu beharreko saioekin batera doakoak izateaz gain. Aurten jaialdiak, eguraldiak ez bezala, ostarte zein zaparradak izan ditu. Maila artistikoari dagokionez, eta musikari bere hutsean begiratuta, pozik egoteko modukoa da. Aldez aurretik egitaraua bikaina zen, sasoian diren artistaz lepo (azken urteotan inoizko jazz generoari lotuena), eta zuzenekoen maila artistikoa eta soinua oso ona izan da. Gainera, San Telmo museoaren estreinaldiarekin oholtza zoragarri ederra irabazi du jaialdiak.

Baina udazken giroak eguraldi iluna, hotza eta euria barra-barra ekarri ditu, Zurriolako terrazetako zenbait zuzeneko bertan behera utzi eta Trinitate plazako zaleak mela-mela egin eta erdi gaixotzeraino. Urak barazkiei legez, euriak on egin eta jazz zuzeneko ederrak loratu ditu Donostian, baina eguraldia okertzen den guztietarako bigarren plan edo aukera bat bilatzen hasi beharko lirateke jaialdiaren antolatzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo