Udako ikastaroek aurreikuspenak bete dituztela esan du UEUk
GARA |
Iragan ekainaren 27an hasitako ikastaroak amaituta, Udako Euskal Unibertsitateko arduradun Irati Iciarrek balorazio positiboa egin zuen atzo. Lau astetan zehar 26 ikastaro eskaini dituzte hiru hezkuntza zentrotan, Eibarren, Baionan eta Iruñean.
Hasiera batean, 35 ikastaro eskaini bazituzten ere, azkenean 26 izan dira burututakoak, iaz bezainbeste, beraz. Hain zuzen, UEUren helburua aurreko edizioko zifrei eustea zen eta, 400 parte hartzaile izan dituztenez, erdietsi dute xedea.
Hala eta guztiz ere, erakunde babesleek ezin izan dute UEUk nahi lukeen bezainbeste lagundu, eta gainera, erakunde publikoek diru laguntzak murriztu dituzte aurtengo edizioan. Hori dela-eta, UEUk bi neurri hartu zituen. Alde batetik, Baionan eta Iruñean emandako ikastaroen iraupena mantendu du, baina hiru egunetan trinkotu zituen. Bestalde, UEUk ekintza osagarriak antolatzerik izan ez duen arren, «eragile sozialekin egindako elkarlanari esker», gutxienez hiru ekintza antolatzeko aukera izan du: Gaindegiarekin batera antolatutako «Zer behar du Iparraldeak eta Hegoaldeak?» izenekoa eta bi kontzertu Eibarren.
Aurrekontua orekatuta
Iciarrek baieztatu zuenez, adostutako neurriak bete eta aurreikusitako ikasle kopurua mantentzeari esker, UEUk aurtengo aurrekontua orekatuta itxi du. Hain zuzen ere, egin berri duten balantzean ondorioztatu dutenez, «irakasleen eta ikasleen eskaerak asetzea lortu dugu».
Gaineratu zutenez, lau asteotan ikastaroetan sortu den material guztia eskuragarri izango da www.unibertsitatea.net atarian, «Otarrea» atalean.