Euskara ez da arazoa, agintari politikoak bai
Osakidetzak lan eskaintza publikorako deialdi berri bat egin du, eta bertan 320 lanpostu berri eta bitarteko langileentzako beste 2.280 lanpostu eskainiko ditu. Berri ona izan beharko litzatekeena, ordea, euskaldunei eta euskarari berari eginiko iruzurra bilakatu da eskaintzaren ezaugarrien berri eman dutenean. Izan ere, Rafael Bengoa Lakuako sailburuak atzo baieztatu zuenez, euskararen ezagutzak aurreko deialdietan baino balorazio txikiagoa izango du, «ezagutza teknikoaren eta esperientziaren» mesedetan. Auzi honetan aspaldikoa den leloa erabili zuen Bengoak erabakia argudiatzeko, eta adierazi zuen euskal hizkuntzak pisu handiegia zeukala aurreko deialdietan, Osakidetzaren euskalduntze prozesua «azkarregi» gauzatu nahi izan delako. Beraz, orain, 198 puntutik euskararen ezagutzari 18 baino ez zaizkio eskainiko, %9a baino ez.
«Euskara ez da arazoa» esan zuen Bengoak, arazoa euskararen «diskriminazio positiboa» abiadura handiegiarekin bultzatu nahi izatea dela gaineratuz. Lotsagarria da Lakuako sailburuak horrelako adierazpenak egitea, euskalduntze prozesua «azkarregi» doala argudiatzea, Gobernuak eta Osakidetzak berak euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko 30 urte izan dituztenean, eta helburu horrek oraindik oso urrun jarraitzen duenean. Ez, euskara ez da arazoa, herri honetako agintariak, bai.