Mikel Aramendi | Kazetaria
Oroitzapenaren profesionalei, adeitasunez
Alonsotegiko Aldana tabernan hildako lau herritarren kasuarekin batera, gure iragan hurbileko bortxakeriazko ekintza zigorgabe larriena da. Baina Amezolako hilketak eta haren inpunitateak tabu izaten jarraitzen du
Gaiztakeria pittin batez utzi nuen gaur hamabost aipatzeke, urteurrenaren aurretik nahiz atzetik hitza ateratzea finean berdintsu izango zela iritzita. Inork, bere kasa, 1980ko uztailaren 23 hura gogora ekartzen ote zuen ikusi nahi nuen. Herri honetan oroitzapenaren profesional mordoa dabil azkenaldian, eta batzuen lanbidean bete-betean zetorkeela gertaera haren gomuta iruditzen zitzaidan. Baita zera ere! Inork ez du fitsik ere esan, nik aditu ahal izan dudanez behintzat. Norvegiako sarraskiaren gaurkotasunak gain hartu diola kontu zaharraren urteurrenari, esango dit baten batek. Ez dut uste hori denik kontua.
Oroitzapenaren lanbide horretatik kanpo zaudeten eta, batez ere, sasoi hartan haur edo jaio gabeak zineten irakurleok zertaz ari naizen oroitzeko obligaziorik ez, antza, posibilitate handirik ez duzuenez, oinarrizko argibideak eman beharko dira lehenik. 1980ko uztailaren 23an, asteazken arratsean, bonba bat lehertu zen Bilboko Amezola plazan; ezker abertzaleko pertsona batek kudeatzen zuen haurtzaindegiaren alboko zakarrontzian utzita egon behar zuen. Itxura denez, Maria eta Antonio Contreras Gabarri, 17 eta 12 urteko neba-arreba ijitoek, bizibide zuten bilaketan ari zirela ukitu eta eztanda egin zuen lehergailuak; zirpilduta geratu ziren biak bertan. Bestalde, leherketak hautsitako kristal batek larriki zauritu zuen Anastasio Leal Serradillo, 59 urteko kale garbitzailea; handik ordu batzuetara hil zen. Sarraskiaren emaitza zuzen zenbatzeko, haatik, gogoratu behar da Maria Contreras haurdun zegoela, erditzear kasik, eta haren fetuaren gorpuzkina amarenarengandik aldenduta geratu zela hilda; hala ere, gizatasuna eta beroni dagozkion eskubideak noiz hasten diren tematzea hain gogoko duen herrialdean, epaile batek ezbairik gabe ebatzi zuen gizaki bakarraren hilketatzat hartu behar zela ama eta umekiarena...
Hiru edo lau izan Amezola plazako sarraskiaren biktimak, hilketa haren benetako makurkeria geroztikoa da. Inoiz ez da argitu; are gutxiago zigortu eta kitatu. Dakigun apurra, hiltzaileei «zor» diegula esan daiteke: bi egun geroago, deitzaile ezezagun batek eginiko deian, hilketak deitoratu eta bere gain hartu zituen AAAren izenean. Eta kito: inoiz inor ez da ekintza haren erantzule legez ikertua edo galdekatua izan; zer esanik ez atxilotua edota kondenatua. Sei hilabete lehenago Alonsotegiko Aldana tabernan hildako beste lau herritarren kasuarekin batera, gure iragan politiko hurbileko bortxakeriazko ekintza zigorgabe larriena da. Oroitza- penaren profesionalek jakin beharko luketenez. Baina Amezolako hilketak eta haren inpunitateak tabu izaten jarraitzen du.
Nik baino dotoreago hitz egiten duen lagun batek «estatuaren bortxakeriaren biktimen ikusezintasuna» deitzen dio egitate honi. Nik, «kuneteroen nagusitasuna» deitzen diot. Hainbeste urtez hainbeste jenderen gorpuzkinak jaso eta ehorzteko gizatasunik ere izan ez den lekuan espero daitekeena.