4.000 etxebizitza sozial inbertsiogile pribatuen bidez kudeatuko ditu Lakuak
Lakuak 430 milioi euroko gastua baimendu zuen atzo, inbertsiogile pribatu batek exekutiboari 4.000 etxebizitza babestu utzi diezazkion. Hileroko errenten bidez espero dute inbertitutako dirua berreskuratzea.
GARA | GASTEIZ
Lakuaren Kontseiluak 430 milioi euroko gastua baimendu zuen atzo, kontratu misto bat egiteko -ondarezkoa eta errentamenduzkoa- inbertsiogile pribatu batek Lakuari gutxienez 4.000 etxebizitza babestu utz diezazkion, gutxienez hogei urtetarako. Horrela, kontratuaren adjudikaziodun gertatzen den inbertsiogileak etxebizitzak, etxebizitzak eraikitzeko behar den lurzorua edo eraikin berriak erosiko ditu, eta Lakuari lagako dizkio, errentan, horrek aldi berean Etxebiden izena emanda daudenei alokatzeko.
Eragiketaren kostu garbia 249 milioi eurokoa izango da Patxi Lopezen gobernuarentzat, maizterrek ordainduko duten errentarekin berreskuratuko dena kontuan izanda. Lehenengo urtean etxebizitza bakoitzeko hilean gehienez 700 euro ordainduko ditu Lakuak, atzo adierazi zutenez.
Gasteizko exekutiboaren esku jarriko diren etxebizitza babestuak lau multzotan sailkatzen dira: etxebizitza sozialak, dagoeneko eraikita daudenak eta Alokabide sozietateari erosiko zaizkionak (1.072 ); eraikitzen ari diren etxebizitzak eta VISESAri erosiko zaizkionak (1.875), Lakuaren jabetzako lurzoru urbanizatuetan eraikitzekoak direnak eta ondoren inbertsiogileari salduko zaizkionak (199), eta gainerako etxebizitzak (854). Azken hauen kasuan, inbertsiogilearen ardura izango da horiek sustatu eta eraikitzea.
Gasteizetik egindako kalkuluen arabera, lehiaketa publikoan kontratua hartzen duen inbertsiogile pribatuak 495 milioi eurotik gorako inbertsioa egin beharko du kontratua esleitzen zaionetik 2016ra arte. Lakuak bestalde, espero du kontratu mistoa urriaren amaiera aldera esleitzea, eta lehenengo etxebizitzak 2012aren hasieran izatea.
Lakuari uzten zaizkion etxebizitzen egiturako mantentze-lanak berriz, inbertsiogile pribatuaren kontura izango dira.
Etxebizitza, lehen ardura
Etxebizitza oinarrizko eskubide den aldetik, honen inguruko ardurak eta kezkak etengabeak direla adierazi du Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU). Atzo argitaratutako txostenaren arabera, donostiarren kezka nagusia etxebizitzaren salneurriaren jaitsiera da.
«Etxebizitzaren batez besteko salneurria oso handia den hirian [Donostia]», salneurriaren jaitsierarekin batera, maiatzean burututako inkestak islatzen duen beste ardura nagusia, alokairuaren sustapena da, 5en gainean 4,60 eta 4,57 punturekin, hurrenez hurren.
Erakundearen arabera, «ez udalerriaren muga fisikoak, ez lurraren orografiak, ez gipuzkoarren errenta handienek ere ez dituzte etxebizitzaren salneurriak justifikatzen».
Horrenbestez, inkestak ondorioztatu du garestitasunak «donostiar askori mugak jartzen dizkiola etxebizitza eskuratu ahal izateko». Irtenbide gisa dio, Udalak gai honetan «saiakera» egin behar duela «prezioen normalkuntza bultzatu eta gizartearen arteko ezberdintasunak gutxitzeko». Horretarako, hartu beharreko neurrien artean, bizitegi berrien garapena bizkortu, eta etxebizitza askea eta babestuaren arteko banaketa berdindu «etxebizitza askearen salneurria modu artifizial batean puztua izan dadin ekiditeko».
Jendearen %70 eta %62ren iritziz, Gros eta Antigua dira, hurrenez hurren, bizitzeko lekurik aproposenak.
Alokabidek eta Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoak bat egingo dute, lehenak bigarrena xurgatuta. Hala, EAE izango da bi sozietateen bazkide bakarra.
Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundeak egindako inkesta baten arabera, donostiarren %4k du etxebizitza erosteko asmoa. %10era arte igoko litzateke, salneurria %30 merkatuko balitz.