Bon Joviren kontzertua prestatzen eta zeruari begira
Astebete daramate langileek ostiralean Bon Jovik jo dezan agertokia euripean eraikitzen. Anoeta futbol zelaian izango da datorren ostiralean musikari estatubatuarraren kontzertua, eta joan den astetik ari dira bertako agertokia eta azpiegiturak prestatzen.
Odei IRIGOIEN | DONOSTIA
Bon Joviren birako sei agertokietako bat eraikitzeko lanak aurrera doaz joan den asteazkenaz geroztik Anoeta futbol zelaian. Euripean bada ere, eta nahiz eta atzo goizean zelaia estaltzeke eta agertokia eraikitze bidean egon, gaurko guztia prest egotea espero dute antolatzaileek. Kupula handi batek estaliko du andamio handi biren artean eutsita, eta 35 metroko zabalera daukan pantaila erraldoia babestuko du bere azpian.
65 kamioikada bete material ekarri dituzte muntaia erraldoia burutzeko. Bertan, 2.750 metro aluminiozko barra eta 804 kilometro kable erabiliko dituzte soinu eta argi ekipoak argindarrez hornitzeko, eta 30 metrotik gorako altuera izango du. Hau guztia biharko prest egotea espero dute antolatzaileek, kontzertua baino bi egun lehenagorako. Zelaian bertan lau txosna izango dira, eta harmailen azpian beste hamasei barra jarriko dituzte: guztira hogei taberna. Eta inor egarriak ez geratzeko, «motxileroak» ere ibiliko dira jendearen artean, garagardo kupela bizkarrean dutela musikazale andana freskatzen.
«Hiria» antolatu dute Anoetan azken egunotan, bertan sukaldeak, jantokiak, komunak eta abar baitituzte pop-rock talde honen ibilbidea prestatzen ari diren 150 pertsona ingururentzat. Horien artean ibilgailu ezberdinen gidariak, segurtasuneko langileak, eskalatzaileak edo sukaldariak aurki daitezke.
Jadanik 35.000 sarrera baino gehiago daude salduta, eta azken egunetan salmenten erritmoak gora egitea espero badute ere, beste 10.000 inguru geratzen dira azken orduan erosiko dituztenentzat. Prezioak 20 eta 275 euroren artekoak dira, banaketa gastuak gehitu gabe. Azken hauek VIP delako gunerako sarrera ahalbidetuko diete eskuratzen dituztenei, belodromoan egongo den gunerako, eta horretaz gain merchandising pack berezi bat ere emango diete.
Ia 30 urteko ibilbidean zehar, zaleak batzeaz gain estilo ezberdinak ere jorratu ditu Bon Jovik, hasierako hard rocketik egun egiten duten estilo komertzialagoraino. Ondorioz, «denetariko jendea espero da, aspaldidaniko jarraitzaileengandik hasi eta neskatila gazteetaraino», antolatzaileen esanetan. Arratsaldeko seietan zabalduko dira Anoetako ateak. 19.30ean hasiko da lehendabiziko emanaldia The Rebels taldearen eskutik, eta Rulo y La Contrabandak jarraituko du 20.30etik aurrera. Talde nagusiak gaueko 21.45 aldera ekitea dago aurreikusita.