GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Gipuzkoako Bigarren Mailako finala

Txapartegik iaz galdu zuena aurten berreskuratu du

Aizarnakoak datorren urtean berriro ere maila nagusian lehiatu ahal izango du.

p028_f01.jpg

Jon LEUNDA

Luix Mari Txapartegik iaz galdu zuena aurten berreskuratu du berriro ere. Pasa den urtean maila nagusia galdu egin zuen, eta atzo Mendaron Bigarren Mailako txapela jantzi ostean, berriro ere herrialdeko onenekin arituko da datorren urtean.

Sekulako jendetza batu zen atzo Mendaron final hau zuzenean ikusteko asmoarekin, eta egia esan bertaratu zirenek ez zuten izan damutzeko betarik, sekulako ikuskizuna izan baitzen, eta emozioa ere azkenera bitarte izan baitzen. Lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen bakoitzak.

Lehen posturako sekulako emozioa izan zen, eta amaieran ere tarte oso txikia izan zen, Txapartegik hiru segundoko aldea bakarrik atera baitzion Otañori. Dena dela, Aizarnakoa beti aurretik joan zen, baina Ibarrakoa beti gainean izan zuen, eta amaitu ere horrelaxe egin zuten. Azkenean, Aizarnakoak, hiru segundogatik izan bazen ere, txapela jantzi ahal izan zuen, eta horrek datorren urtean maila nagusian jokatzeko txartela emango dio.

Lehen posturako emozioa handia izan baldin bazen, hirugarren posturako ere ez zen gutxiago izan. Irazuk osatu zuen podiuma, eta Larrañaga laugarren geratu zen, baina bi aizkolari hauen artean ere hiru segundoko tartea besterik ez zen izan. Biak lehen aldiz sartu ziren final honetan, eta itxura bikaina eman zuten. Azpeitiarra beti aurretik izan zen, baina amaieran buelta eman behar izan zuen enbor gainean, eta Zizurkilgoak aurretik amaitu zuen. Ugarteburu bera ere ez zuten oso aparte izan. Zalduak, berriz, ez zuen bere eguna izan.

Lokotx-biltzen ere herrialdeko finala jokatu zen, eta hor ere ez zen emozio faltarik izan. Bi faboritoen arteko dema izan zen, eta azkenean Eneko Garmendiak jantzi zuen txapela. Lan guztiak 6 minutu eta 20 segundoan burutu zituen, eta zortzi segundo atera zizkion Larrañagari. Bi hauen arteko lehia azken urte hauetan oso handia izaten ari da, eta atzo ez zen gutxiago izan, baina txapelak aurtengoan berriro ere Baliarraingo bidea hartu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo