GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Pilota Berezkoen Masterra

Waltari-Lanbert gainditzea izango da helburu nagusia

Ezker paretako Buruz Buruko Txapelketa irabazi zuenetik lehen aldiz arituko da Xala Lapurdin.

p030_f01.jpg

Jon LEUNDA

Baionako festekin batera, gaur abiatuko da Baionako Masterra eta igande goizean amaituko da. Lau bikote lehiatuko dira, horien artean egungo trinketeko pilotaririk onenak, eta horiekin batera Xala arituko da. Lekuinekoa, gainera, buruz burukoko txapela jantzi zuenez geroztik, lehen aldiz arituko da Lapurdin.

Lekuindarrak Thierry Harizmendi izango du lagun atzean. Biko honekin batera Waltari eta Ximun Lanbert arituko dira, egungo binakako txapeldunak. 2007an eta 2008an binakakoa irabazi zuen bikoa ere, Ibarrola eta Ozafrain alegia, Baionan izango dira. Hiru biko horiez gain, Larretxea eta Etxeto ere lehian izango dira. Lau biko oso on dira eta orekatuak. Hala ere, Xalak ez du lan erraza izango txapela lortzen, finalean bertan sartzea ere oso zaila izango baitu aurrelari lapurtarrak.

Final aurreratua

Lehiaketa gaur abiatuko da. Berez, jaialdiak 18.30ean hasiko dira, amateurrekin, eta horien ostean jokatuko da lehiaketako partida. Beraz, 20.00ak aldera hasiko dira txapelketako neurketak, beti ere aurreko partiden iraupenaren arabera izango da. Lehen finalerdia, gainera, askoren ustez, final aurreratu bat izango da. Alde batetik, Waltari eta Ximun Lanbert lehiatuko dira Ibarrolaren eta Ozafrainen aurka. Dena dela, kubatarra eta lapurtarra dira irabazteko faboritoak. Moderne oso trinket egokia da amerikarrarentzat, eta Binakakoan ederki lagundu zion atzean Ximun Lanbertek; orain, bide bera eramaten baldin badute, beraiek menderatzea oso zaila izango da, ez gaur bakarrik, baita finalean ere.

Ibarrolak eta Ozafrainek ere badakite sakea dutenean min egin behar dutela, eta piloteorik baldin badago, Lanberti eman behar diotela lana.

Bigarren finalerdia bihar jokatuko da, eta bertan Xala eta Harizmendi Larretxearen eta Etxetoren aurka arituko dira. Azken hauen alde aterako da dirua. Larretxeak azkenaldian gorantz egin du, eta Etxeto da egungo atzelaririk onena. Xalak eta Harizmendik gauzak zail izango dituzte, aurkari gogorrak dituztelako. Bi irabazleek finala igande eguerdian, 11.00etan hasiko den jaialdiaren barruan, jokatuko dute Baionako Modernen.

Bikoak

Antolatzaileek egungo pilotaririk onenak sartu dituzte lehiaketa honetan, ezker paretako bat tartean dela. Bikoak ere ahalik eta orekatuenak egin nahi izan dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo