GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Erradikal eta konplexu barik

Emakumeon kontrako biolentzia alde anitzekoa da eta era guztietako erasoek osatzen dute: eraso fisikoak, eraso psikologikoak, eraso ekonomiko eta sozialak... baina hauek guztiak adierazleak baino ez dira

Udako girorik izan ez arren, herrietako jaiek ez digute sekula huts egiten. Txosnak, kontzertuak, antzerki eta erromeriak... lagunekin parrandan ibiltzeko aukera eta, lantzean behin, ligatzeko aukera, baita ezetza jasotzeko ere... Baina dena ez da jai eta alai gure herrietan. Urterik urte ondo pasatzekoak diren sasoi hauetan emakumeon kontrako eraso sexual eta bortxaketen berri izaten dugu. Sanferminak hortxe, kasu. Eta, zoritxarrez, festetan gertatzen diren erasoon arrazoia oraindik ere kokatzen dira iruditegi kolektiboan alkohol eta hormona maskulinoen udako iraultzan, pisu handiagoz edo gutxiagoz.

Baina bortxaketa batek ez dauka zerikusirik sexuarekin edo, hobeto esanda, ez dauka zerikusirik sexualitatearekin. Izenak argi uzten duenez, bortxa ekintza da. Biolentzia ekintza. Nahiz eta ekintza genitala izan, helburua ez da plazer sexuala, baizik eta emakumezko bat menperatu, sumetitzeak ematen duen botere-plazer sadikoa.

Horien berri izaten dugunean beti izaten dira gertaera moduan kontatuak. Ezbeharrak, istripuak dira eta benetako zergatiak azaltzen dituen narraziotik aldenduak. Komunikabideetan ez dira «genero-bortizkeria» edo «bortizkeria matxista» izaerara ere heltzen; komunikabideetan, denok dakigunez, estatus horretara heltzeko odola, heriotza eta harreman sentimentala egon behar da tartean, ezinbestean.

Emakumeon kontrako biolentzia alde anitzetakoa da eta era guztietako erasoek osatzen dute: eraso fisikoak, eraso psikologikoak, eraso ekonomiko eta sozialak... baina hauek guztiak adierazleak baino ez dira. Ez dira arazo isolatuak, gure bizi guztiaren geruzak barnebiltzen dituen egoera orokorraren adierazleak baizik. Sexu bat beste sexuak zapaldua izatearen adie- razlea. Botere gatazka bat, non boterea daukanak botereari eusteko bestea menperatu behar duen. Adierazle hauen konponbiderik ez da egongo muinari ekiten ez zaion artean. Gertaera isolatutzat jotzen diren bitartean, iraun egingo dute. Eta nahi ditugun arbuio berba guztiak bota ahal ditugu han-hemenka eta nahi dugun eran protestatu ahal dugu bidegabekerien aurrean, baina delitu moduan tipifikaturik daudenen errudunak zigortuz bakarrik -Iruñeko alkate berriak defendatu bezala-, edo kontzientziazio publizitate kanpainak egite hutsaz ez dago benetako soluziorik.

Aurkitu nahi al da benetako soluziorik, ordea? Gatazka guztietan bezala, eta nire herrikideak zutabe honetan berriki esan legez, batek irabazteko, beste batek galdu behar du. Botere harreman guztietan bezala: emakumeok eskuratzen dugun heinean beste batzuek mendeetan zehar izan duten boterea esku artetik ihes egiten utzi behar dute. Prest al gaude denok, emakume zein gizonak, androzentrismotik bestelako jendarte batera pasatzeko? Ezezaguna eta, hortaz, dardaragarria den mundu ikuskera batera jauzi egiteko? Erantzuna baiezkoa izateko, kargutu gaitezen lehenengo eta behin gatazka latz batez ari garela eta bere dimentsio osoak eskatzen digun borrokaz. Egin eta aldarrika dezagun erradikal eta konplexu barik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo