GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Bittor Trebiño | Soraluze

41. mahaiko epaileei eta Lakuako burokraziari

Hirugarren proba egin behar nuenean, hantxe bertan, Unitate Didaktikoa defendatzeko aukera ez nuela izango esan zidaten

Hezkuntzako oposizioak pasa direnean, prozesuan zehar ezagutzen ez ditudan epaimahaiko lankide horiekin, iritzi hauetaz, eta beste batzuez, lasai hitz egiteko gogoa izan arren, hori egiteko aukera izan ez nuelako, bizi izandako hainbat gertaera publiko egitea erabaki dut.

Hirurogei urteren bueltan dabilen honek, hogeita bost urtetik gora irakaskuntzan daramatzanak, aurten lehenbiziko aldiz oposizioetara aurkeztea erabaki nuen. Horretarako, urte hasieran izena eman, eta aurkeztu ahal izateko betebehar guztiak ondo beteta neuzkala pentsatuz, oposizioan parte hartuko zuten onartuen artean nengoela ikusita, gaiak prestatzeari ekin nion, ilusioz.

Oposizioetara aurkeztu eta gero, bestalde, urratsak bide malkartsutik joan direla onartu beharrean nago. Alde batetik, Oposizioetan parte hartzeko aukera ematen zidaten bazekitenean gainditu ezinak bihurtuko zizkidatela, guzti honetaz niri ezer azaldu gabe. Hau da, egin beharreko hiru probetatik, bi proba egiteko aukera eman zidaten; eta horrela burutu nituen bi proba horiek.

Hirugarrena egin behar nuenean baina, hantxe bertan, Unitate Didaktikoa defendatzeko aukera ez nuela izango esan zidaten. On line bidalitako eskaeran, unitate baten defentsa egingo nuela hautatu beharrean, izandako hanka-sartze bategatik, garatzearen aldeko aukera hautatu nuelako.

Ondorioz, oposizioa gainditzeko behar zen gutxiengoa lortzea ezinezkoa suertatzen zitzaidan. Hanka sartu izana onartzearekin batera, burokraziaren aurpegiarekin aurrez aurre topo egin behar izan nuen. Beste edozein oposiziogileren aukera berdinak izateko eskubidea ez ote zuten kontuan hartu behar eskatu nienean, esan zidaten Lakuara jotzeko, hauen baimena jaso behar nuela eta. Han, berriz, epaimahaikoak zirela baimena eman behar zutenak... hori izan zen jaso nuen erantzuna oraindik prozesua abian zegoenean.

Sarritan gure lanbidean haurren konfiantza irabazten joateko lana egin beharra tokatzen zaigu. Batzuetan, umeek inguruan zer dagoen «ez ikusi» arren, autonomia eta zalantzen egoeretatik, autokontrola eta beren buruarekiko konfiantza izateko bidea egiten laguntzea da gure zeregina.

Zein eskola ari gara eraikitzen, konpondu litezkeen akatsak (ez pribilejioak) onartzen ez direnean? Zer daukate gaur egun Montessorik edo Decrolyk eskolari eskaintzeko, portaera eta eskola komunitatean izaera «ez normalak» bideratu, interes guneak sortu, eta ilusioa pizteko? Oposizioak, berriz ere, beste batean izango baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo