GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Bortizkeria

Norvegiako lagunengandik jasotzen ditugun mezuek soinu eta usain bera dute: pertsona batek gaizkia egin dezake, baina ez dezagun utz gainontzekook ere gaizkiaren bidean jar gaitzan. Erailketa izan eta ordu gutxira Ren-ek idatzi zigun «the evil is visible. Let's not allow the good to be invisible».

PENeko idazleen artean maiz mintzatu gara norvegiarren elkartasunaz, beren jokaera eskuzabalaz idazle pertsegituekin eta jazarpena pairatzen dutenekin. Badirudi DNAn grabatuta dutela ahulekiko enpatia, laguntzeko grina, giza eskubideekiko sentiberatasuna.

Norvegiarrak deseroso sentitzen dira gure berbaldiarekin, eta esaten digute laguntza emateak gehiago ematen diela beraiei: beren bizitzatik salbatzen ditugu, elkartasunari esker daude bizirik, bestela, gatzgabeko bizimoduak suntsituko zituen-eta. Beti harritu nau ikusteak Norvegiak ez duela monumenturik, ez daukala museo deigarririk. Aztarna epiko bakarra da Harri Errunikoa, eta XI. mendean jazotarikoari buruzkoa da. Armadak ez du eragin politikorik, Poliziak ez darama armarik eta gobernukideek ez dute bizkartzainik. Ez duzu topatuko Arc de Triomphe-ik, zaldi gaineko gerlaririk, edo Gerra Museorik. Turismoari eskaintzen dion garrantzitsuena natura da: fiordoak eta parkeak. Izuturik daude norvegiarrak, ez zutelako espero inork minik egin ziezaiekeenik. Eta neu izutzen nau bertoko politikariei entzuteak zenbateko eskarmentua duten bortizkeriaren kulturan. Badirudi irrikan daudela Norvegia politika intolerantearen klubean sartzeko. Ren, Carl, Elisabeth, Trine, Anders, Kjell Olaf, ez aldatu, please.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo