Nintedogs & cats proiektua
Jokoan, kontzientziak landuz
Nintendo bideo-joko enpresak eta SOS Bilbao animalien babeserako elkarteak proiektu bateratu bat ekarri dute egunotan Bakioko hondartza ingurura. Umeek eta nagusiek animaliak errespetuz tratatzen ikastea du helburu ekimenak. Jokoen bidez, betiere, gizarteari aditzera eman nahi diote animaliak ez direla jostailuak.
Mikel PASTOR | BAKIO
Urtero, milaka txakur abandonatzen dituzte zenbait jabe arduragabek. Gehienek, udara partean, txakurra edo katua oporretan ezin dutela eraman konturatzean. Gizartea arazoaz jabetzeko, eta bereziki, haurrek horri buruz hausnarketa egin dezaten, aipatutako bi elkarteek baterako proiektua garatu dute Bakioko hondartzaren alboan.
Andoni Agirre SOS Bilbao elkartean boluntarioa da. Hainbat urte daramatza bertan, eta proiektu honetan euren eginkizuna zein den argi ikusten du: «Alde batetik, jokoa izateaz gain, kontzientzia puntu hori jarri nahi diogu», eta ez hori bakarrik, teoria soilaz gain, «familiei euren etxeetan txakurrak hartzeko aukera ere ematen diegu».
Etxean aberea hartzeko asmoa duenak hiru bide jarrai ditzake oro har. Batetik, biderik ezagunena, txakurtegira jo, eta esaterako, txakurkume bat hartzea, arraza gabekoa, abandonatua izan dena. Horrelako ugari daude. Bestetik, hilabete batzuetarako hartzeko aukera ere ematen du SOS Bilbao-k, jabe finko bat aurkitzen dioten bitartean. Eta azkenik, badago aberea babestea, «apadrinatzea», etxean hartu beharrean, diru laguntza eginez.
Animaliak ez abandonatzeko gakoa errespetua dela nabarmendu du Agirrek, eta «gure antzekoak balira bezala hartzea eta tratatzea» ere funtsezkotzat jotzen du. Askotan, Gabonetan gehienbat, umeentzako apeta bihurtzen dira katu zein txakurrak, eta «jostailu gisa ikusi eta jasotzen dena, zaila da izaki bizidun gisa tratatzea».
Animalia batek emozio ederrak sorrarazteko ahalmen izugarria duela dio Andoni Agirrek, baina, aldi berean, horiek zaintzea «ardura handia» dela uste du, eta ardura horri ezin zaio inolaz ere uko egin.
«Animalia erostea edo izatea ezin da egun bateko erabakia izan». Bere ustez, funtsezkoa da «hausnarketa sakona» egitea, eta ez bakarrik «gaurkoan» pentsatzea, «etorkizuna ere gogoan izan behar da; esaterako, bikote batek semeak izateko esperantza badu, jakin beharko luke biak hezi eta babestu beharko dituela».
Heziketa da «funtsezko» kontzeptua, eta ikasketa hori ez da alde bakarrekoa izaten: askotan pentsatu ohi dugu animalia dela heziketa behar duen bakarra, baina ez da horrela, «txakur batekin bizitzeak familiako kideentzat ere nolabaiteko heziketa eskatzen du».