Fiskalak eta AVTk Oarsoaldeko gazteen aurkako zigor eskaerak berretsi dituzte
Fiskalak eta akusazio partikularrak ez dituzte atzera bota gazteen aurka eskatzen zituzten kartzela zigorrak, eta atzo bertan berretsi zituzten 12 eta 8 urte bitarteko espetxe-zigor eskaerak. Pasa den asteko astelehenean hasitako epaiketa gaur bertan amaitzekoa da.
Ana ABARIZKETA |
Oarsoaldeko gazteen aurkako laugarren saioa egin zuten atzo Madrileko Auzitegi Nazionalean. Epaiketa azken txanpan dago jada, zehazki gaur amaitzekoa baita uztailaren 18an abiatutako epaiketa.
Goizez eta arratsaldez burutu zen laugarren saioa, eta fiskalak eta akusazio partikularrak espetxe zigor eskaerak berretsi zituzten, gazteei «Segiko kide izatea» leporatuz. Horretarako erabili zituzten frogak baina, inkomunikazio aldian eta segimendu polizialean lortutako deklarazioak dira.
Fiskalak 8 urteko kartzela zigorra eskatu du 16 auzipetuentzat. Akusazio partikularrari dagokionez, AVTk ordezkatua, 12, 10 eta 8 urteko espetxe zigorrak: Oihana Mujikarentzat eskatzen du 12 urteko zigorra; Xabier Lujanbio, Haizea Iriarte eta Maitane Linazasororentzat 10 urtekoa. Eta 8 urteko espetxe zigorra, gainerakoentzat, Egoitz Urbe, Iker Zabala, Aitor Alberdi, Arkaitz Anza, Oinatz Arbelaiz, Iosu Arruabarrena, Beñat Burlada, Alex Etxeberria, Aitor Franco, Gaizka Ibeas, Alain Luna eta Hodeiertz Urainentzat. Imanol Sagarzazu errugabetzat jo zuten ahozko auzi-saioen hasieran.
Arratsaldeko saioan akusazioen txanda iritsi aurretik, goizean, defentsak aurkeztutako lekukoek hartu zuten hitza. Orotariko izaerako pertsonek erantzun zioten galderei, eta besteak beste, Errenteria eta Oiartzungo Gazte Asanbladakoek edo auzipetu batzuen senideek hitz egin zuten bertan.
Bestalde, goizean bertan deklaratu zuten aurreko egunetan deklaratu ez zuten bi poliziak. Biek ere peritu eta lekuko gisa egin zuten. Deus berririk azaldu gabe, eta aurreko saioetan poliziek deklaratu izan dutenetan bezala, denborari erreferentzia egin eta ezertaz gogoratzen ez direla argudiatuz erantzun zieten galderei.
Ibilbide luzea
2008an Fernando Grande-Marlaska epaileak Oarsoaldeko sarekada abiatzeko agindua eman zuenetik bide luzea egin dute gazte hauek. Inkomunikazio egunak igaro ostean, kartzelatuak ere izan ziren batzuk.
Epaiketari dagokionez ere, tentsioz beteriko uneak bizi izan dira hilaren 18an hasi zenetik. Epaiketaren aurreneko egunean, hiru gaztek -Egoitz Urbe, Iker Zabala eta Oihana Mujikak-, Madrilera joateari uko egin zioten eta Errenterian itxarotea erabaki zuten, senide eta lagunen babesean. Herriko Xenpelar plazan atxilotu zituzten egun berean hiru gazte independentistak. Ordutik, Soto del Realen espetxeratuta dauzkate.
Pasa den asteazkenean, sarekadan parte hartu zuten polizia espainolek deklaratzeko txanda izan zen. Beharbada, hirugarren saio honetan bizi izan ziren momenturik latzenak, gazteetako hiruk parez pare ikusi baitzituzten torturatu zituzten poliziak. Hiru gazteek aretoa uztea erabaki zuten, Gomez Bermudezek baimena eman ostean.
Aurreko egunean, berriz, Imanol Sagarzazu absolbitu zuten, fiskalak eta AVTk ordezkatutako akusazio partikularrak Sagarzazuren aurka egiten zituzten akusazioak erretiratzea erabaki baitzuten. Horiek horrela, hamasei dira orain epaiaren zain dauden gazteak.
Egoitz Urbe, Oihana Mujika eta Iker Zabalak Soto del Realen jarraitzen dute espetxeratuta, epaiketaren aurreneko egunean Madrilera joateari uko egitea erabaki eta Errenterian atxilotu zituztenetik.
Gaurkoa da bosgarren eta azkenengo saioa. Gaurkoa amaitzearekin batera, epaia noiz kaleratuko zain egotea besterik ez da faltako. Betiere ezustekorik ez badago behintzat; baina epaileak azaldu zuen aste honetan bertan epaiketari amaiera jartzea dela bere asmoa. Beraz, Javier Gomez Bermudez buru duen epaimahaiaren erabakiaren zain egotea besterik ez da geldituko gaurko saioa amaitu ostean.
Oarsoaldeko gazteen defentsak hitz egingo du gaur, eta epaiketan garrantzitsuentzat jo dituzten puntuak azpimarratuko dituzte abokatuek, horrela auzipetuta dauden 16 gazteen errugabetasuna azaltzeko aukera izango du. A.A