Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Ruper
Zergatik gustatzen zaie hainbeste Ruper 30 eta 45 urte artean dituzten emakumeei? Euskal kantagintzaren enigmarik misteriotsuenetako baten protagonista, imajinatzen dut zerikusirik duela ikasle garaiko pisukide perfektuaren itxurarekin. Formala baina ez formalegia, ongi jantzia baina alde batera utzi gabe ukitu «progrea» (kontzeptu bizarroa). Edozein egunetan, sukaldean, maitasun kanturen bat idatzita utz dezakeenaren itxura herabetia eta era berean bohemio antzekoa. Ohantzean konpainia egiteko gai den morroiaren itxura, bi hitzetan esanda.
Horrek, hala eta guztiz ere, ez du erabat azaltzen nola lortu duen halako itzala euskal emakumeen artean. Bale, oso kantu onak idazten ditu, eta zer, (neuk ere kantu on samarrak idazten ditut, edo hala uste dut, eta begira...). Urteak daramatza inurri lana egiten eta sortu dituen ehunka kantuen artean «Ez da posible» izango da bere kanturik «martxosoena». Alajaina, halako balada pila idazteak ere puntuak gehitu al dizkio haren erakargarritasunari?
Hautsa kendu diot «Hautsi Da Anphora»ren kaseteari (altxor preziatua). Poliki entzun dut. Emaitzak ez dira oso argigarriak. Alaia, alaia ez da gertatzen, sakona, ordea, bai. Historia txikiak dira kontatzen dituenak, epika handirik gabeak. Datu berri hauek esplikatzen duten gauza bakarra bere «fans» kuadrillak duen adina da. Kaleratu zuenetik 30 urte pasa dira eta, hori bai, begira zenbat kostatu zaion musikaren munduan lekutxo bat eraikitzea. Inguruko emakumeei galdetu diet eta «Egunerooooko biziiitzaaaaaaa» hasi zaizkit kantari. Etsita nago. Norbaitek galderaren erantzuna baldin badaki esan diezadala mesedez.