EH Jaietan | Baiona
«Besta on» zabal batekin egin diete ongietorria jai egunei
Milaka lagunen aitzinean Yves Salaberry «Xala» pilotariak, Odei Barroso bertsolariak eta Gerard Lanvain aktore frantsesak eman zieten, besteak beste, atzo ongietorria lau egunez izanen diren bestei. Herriko Etxeko balkoitik hiriko giltzak bota zituzten, lehenik, eta Leon erregearen lehen iratzartzea ospatu, ondotik. Kirol lehiaketak nagusitu ziren atzoko egitarauan.
Ainize BUTRON | BAIONA
Baionarrak besta eguzkitsuen zain izan dira aurreko egunetan euria erruz bota ostean, eta azkenean iritsi dira, atzo hain zuzen. Zuri-gorriz jantzi zen atzo Baiona, lau egunez iraunen duten besteei hasiera emateko. Tradizioari eutsiz, gaueko hamarrak arte itxaron behar izan zuten baionarrek, Herriko Etxeko balkoitik, bertan bilduak ziren milaka lagunen aitzinean, «besta on denoi, bonne fête à tous» deiadarra entzun ahal izateko.
Odei Barroso Urruñako bertsolariak izan zuen, hamarrak laurden gutxitan, gaualdiko lehen hitza bertsotan eskaintzeko aukera. Bestei ongietorria emateaz gain, Barrosok bertan ziren milaka lagunen aurrean euskal kulturak, hizkuntzak eta herritarrek bestan merezi duten lekua izan behar dutela aldarrikatu zuen. Gaskoiz urteroko «besta on» hitzak zabaldu ziren ondotik, eta, hamarretako doinuak entzun bezain laster Yves Salaberri Xala pilotariak eta «Le fils à Jo» frantses pelikulako aktore eta zinemagileek, Gerard Lanvain, Vincent Moscato eta Philippe Guillard-ek, ukan zuten balkoitik hiriko giltzak botatzeko ardura, bertan zeuden milaka lagunen txalo, txistu eta oihuen artean.
Aitzitik, besta behar den bezala hasteko Leon errege ospetsuaren lehen iratzartzearen zain izan ziren bertan bildutakoak. Balkoian zirenekin batera panpinari animo oihuak jaurti zizkioten plazatik, azkenean, su artifizialekin batera, estaltzen zuen errezela zabaldu zen arte. Bestak abiatu bezain laster, musika eta jai giroa nagusitu zen Lapurdiko hiriburuko plaza eta karriketan zehar.
Hala eta guztiz ere, usaiari eutsiz, herritar askok ez zuten gaueko Leon erregearen iratzartzearen zain egon nahi izan jaietan bete-betean sartzeko, eta aurretik hasi zuten jaia.
Ostalariak eguerdian prest ziren jada bezeroak jasotzeko. Carine, azken urteotan besta asteazken eguerditan eta askotan bezperan hasten duen horietariko bat da. «Atzo (asteartea) aperitifa egin dugu, baina euriarekin udazkenean ginela ematen zuen. Espero dut gaur eguna piztuko dela», erran zuen. Eguraldia goizeko hamaiketan motel bazen ere, Carinek ez zuen tradizioa hautsi nahi izan eta bazkariaz eta aperitifaz gozatzeko prest zegoen jada. Carine bezala, herritar anitz ikusten ziren karriketan asmo berarekin, eta, askok ziotenez, horrela jarraituz gero, jaiak egun batez luzatu beharko dira.
4.000 lagun lasterka
Karrikaz karrika giro goxoa antzematen zen, beraz, Baionan atzo. Auzoz auzo, saltegien arteko aperitifak ikusten ahal ziren han eta hemen. Espainia karrikan, esate baterako, Oteizak inguruko saltzaile guztiak gomitatuak zituen xingar mozketa eta dastatze ekimen batera. Halere, lau eguneko bestak hasi aurretik gorputza garbitzeko ekimenak izan ziren nagusi.
Biarritzeko hondartzatik Baionaraino ohiko «Festalarien Lasterketa» izan zen goizeko lehen hitzordua. Bederatzietan emana zuten abiatzea, eta, aurten, 4.000 lagunek emana zuten izena bertan parte hartzeko.
Hamahiru kilometro egin ondoren, guztiak, banan-banan, Baionako Boufflers aparkalekuko helmugara iristen hasi ziren 10.15 aldera. Eta, aurreko urteetan bezala, Lionel Petriac baionarra nagusitu zen.
«Lau urte daramatza lasterketa irabazten eta, lekuko maratoi guztietan nagusitzen da. Beharko lukete Baionako balkoira gomitatu, lekuko kirolari ospetsu bezala», aipatu zuen Pierrek. Izan ere, iritsitako lehen korrikalari gehienak profesionaletatik hurbilekoak ziren, eta ordubete baino gutxiago eman zuten ibilbidearen hamahiru kilometroak egiteko. Beste 3.500 festazalek denbora gehiago behar izan zuten iristeko. Horien artean zegoen David Lannes.
Lehendabiziko aldiz parte hartu zuen, eta, bere esanetan, giroagatik «merezi du egitea». «Zeharkatzen diren inguruak oso ederrak dira, eta parte hartzen dutenen artean oso giro ona dago. Zinez, lasterketa polita da», azpimarratu zuen. Gehienbat beste 4.000 lagunekin batera korrikan aritzea harrigarritzat jo zuen Davidek. «Nahiko harrigarria da hori ikustea», bukatu zuen.
Jean-Marc Rosier angeluarrak, berriz, urtero parte hartzen du lasterketa horretan eta eskualdean egiten diren maratoi guztietan.
«On egiten du gorputza garbitzea lau eguneko jaietan sartu aurretik», azpimarratu zuen. Halere, bere bestak bi egun izanen ditu: atzokoa eta igandekoa.
Euskal borroka
Aurtengo berrikuntzen artean, euskal borroka erakustaldiak daude. Borroka 64 izeneko elkarteko kideak La Poudriere gunearen aitzineko pentzean kokatu ziren estreinakoz aurten. Txalapartariak gomitatu zituztela, arratsaldean zehar herritarrei euskal borroka zer den erakusten aritu ziren. Haur, gazte, emakume zein gizon, guztiek izan zuten ikasteko aukera.
Bernard Cabos elkarteko lehendakariak honakoa erran zuen: «Jendea badator, interesatua da eta parte hartzen du. Ez da borroka lehiaketa bat, baizik eta mendetan galduta egondako kirol hori zer den erakusteko era bat». Lau urte eman ditu, izan ere, Cabosek Euskal Herriko antzinako borroka horren inguruko ikerketa egiten. Antropologoek lagundurik, borroka bat bazela frogatu zuen, Inkisizio garaian debekatua izan zena eta horren ondorioz desagertua zena.
«Herri guztietan borrokak badira. Munduan zehar 60 milioi lagunek kirol hori praktikatzen dute, beraz, ez nuen ulertzen zer dela-eta Euskal Herrian ez zen horrelakorik egiten», adierazi zuen.
Desafio gisa antolatuak ziren borrokaldi horiek eta, Cabosen esanetan, euskal sinesmenekin lotura zuzena zuten.
«Lauki luze batean jartzen dira bi borrokalariak. Batak bestea altxatzen saiatu behar dute laukitik kanporatzeko. Garaian, lurretik urruntze horrek garrantzia handia zuen, Marirengandik urrunduz bere indar guztia kentzen zela uste baitzen», zehaztu zuen, berriz.
Atzo, bi orduz aritu ziren borroka erakustaldiak egiten. «Espero dugu datorren urtean bestetako egun guztietan hemen egoteko aukera izango dugula. Bakoitzak barnean duen haserrea botatzeko era ezin hobea da», bukatu zuen Bernard Cabosek.
Baionako bestetako kirol ekitaldien artean piragua lehiaketa ere izan zen. Iaz bi izan ziren parte hartu zuten piraguak, eta aurten txalupa kopurua hirura igotzea lortu dute. Lehiakideak gutxi izan arren, ikusle asko hurbildu zen zubietara piraguan zebiltzanak animatu eta txalotzera.
Euskararen presentzia gero eta handiagoa da Baionako jaietan. Aurten, lehen aldiz, besten egitarauan euskarazko hitz eta ohiko esaldiak gehitu dituzte, frantses elebakarrek tabernetan euskaraz eska dezaten.
Egitaraua
Besta eta jakiak hurbiletik lotuak direla argi ikus daiteke Baionako jaietan, beste hainbat tokitan bezala. Hori adierazteko, asteazkena piper moleta lehiaketa antolatzen da urtero.
Hogei bat elkartek parte hartu zuten atzoko lehiaketa horretan eta, ondotik, tortilla erraldoia jende artean banatu zuten. Munduko moleta txapelketatzat jotzen duten ekimen horren arrakasta handitzen doa urtero.
HAURREN EGUNA
9.00> Diana eta animazio musikala 19.00k arte (txarangak, gaita-jotzaileak, txistulariak, trikitilariak...).
10.00 10, Gosse karrikan Txokolate-jana, 11.30 arte.
10.00>ALBERT I.A KARRIKA.Leon erregearen gorteko ziganteen desfilea Baiona Ttipirantz, 12.00ak arte.
10.00>EUSKAL MUSEOABISITA haurrentzat.
10.30>Jaietako YOGA, 11.00ak arte.
10.30> Jakes Laffitte karrika Haurren Danborrada ziganteekin.
11.15>PAUL BERT PLAZA Entzierro Txikia. Amaiera, 12.00etan, Reduit plazan.
12.00>ASKATASUNAREN PLAZA (UDALETXEA) Leon erregearen iratzartzea Oria txarangarekin.
12.30>EUSKAL MUSEOA Musikaldia: Trikitixa eta txistua, 13.30 arte.
12.30 BERNARD LACARRE PLAZA Euskal polifoniak: Buhaminak eta Haiz Egoa, 13.30 arte.
12.30> POTERNE Haurren Eguna, 18.00 arte. (Euria balitz, Laugan).
16.30>JAKES PORTES plaza KARRIKALDIA:
16.30-17.30 Dantza Leinua, Eskola Ttikiarekin.
17.30-18.45 Bertso saioa (Txima txama).
18.45-19.00 Ziganteak eta txistulariak
19.00-20.00 Dantzazpi Leinua txarangarekin
20.00-20.15 Ziganteak eta gaitak
20.15-21.30 Baionan Kantuz Tuntua eta Ibaialdeko Koroa
21.30-23.00 Karrikadantza Takatunk-ekin.
17.00>sANTESPiRITu KOLEGIATA Kontzertu (a)tipikoa: Organoa eta Gaita, Pitxu elkartearen eskutik, 18.00ak arte.
17.30>PAUL BERT PLAZA Bertako Bigantxak, 19.00ak arte.
18.00
RAIL BAYONNAIS FRONTOIA
Pilota txapelketa, 19.00ak arte.
19.00>HABAS-LA-PLAINEPetanka txapelketa.
19.30> MODERNE TRINKETA Pilota Masters txapelketa (finalerdiak) eta pala finalak, 21.30 arte.
21.00>ERREPUBLIKAREN PLAZA Kantu-Cantera (euskaraz eta gaskoineraz) Zezenaren taldea eta Mossur, EKErekin elkarlanean, 1.00 arte.
22.00>CARREAU DES HALLES (azoka) Dantzaldia, Dune taldearekin, 3.00ak arte.
22.00>ASKATASUNAren PLAZA Dantzaldia, Heptagone taldearekin, 3.00ak arte
22.00>CHAHO PELLETIER Jaietako kontzertua, R.IC. taldearekin, 23.30 arte.
00.00 CHAHO PELLETIER Gazteszena: Kadjoo eta Flying Sex Toy, Lanetik Egina taldearekin elkarlanean, 3.00ak arte.
18.30>MARENGO Karrika POTEO errebindikatzailea Kalostrape ostatutik, elektrotxarangarekin.