GARA > Idatzia > Kultura

Donostiako Aste Nagusiko suak inoiz baino parte hartzailegoak izango dira aurten

Donostiako Aste Nagusiko piroteknia-etxeen lehiaketan parte hartuko dutenen zerrenda eta honen kartela aurkeztu zituzten atzo. Urtetik urtera gero eta errotuago dagoen ekitaldia da su ikuskizunena eta arrakasta nabarmena aurreikus dakioke, baina berrikuntza kartel lehiaketaren zein su artifizialen lehiaketaren epaimahaien formatuak dakar, ikusleen edota gazteriaren iritzia ere kontuan hartuko baitira sariak emateko garaian.

p047_f02.jpg

Odei IRIGOIEN | DONOSTIA

Alfonso Gimenez Castellóko Betxí herriko bizilagunari eman diote aurtengo Donostiako su artifizialen lehiaketako kartelen saria, diseinua «alaia, koloretsua eta dibertigarria delako», Nerea Txapartegiren zinegotziaren esanetan. «Adin guztietako herritarrak ekimenaz gozatzera gonbidatzen dituelako -gehitu zuen-. Esan beharra dago aurten aukeraketa inoiz baino parte hartzaileagoa izan dela, ordezkari bana izan baitute udal gobernuak, oposizioak, Donostiako Piratek, jai batzordekoek, argazkilari batek eta Kultura Saileko bi teknikarik».

Norgehiagokako garailea hautatzeko ere, hiru sari izango dira aurten: batetik, Udalak emango dituen urrezko, zilarrezko eta brontzezko maskorrak, ordainsariaz gain. Bestetik gazteriak ere sari bat emango du. Azkena ikusleen saria izango da, eta hiritarrek hainbat modu izango dituzte bozkatzeko.

Aurtengo edizioan zazpi piroteknia-etxe lehiatuko dira abuztuaren 13a eta 19a bitartean; lau, Estatu espainolekoak eta beste hiru, nazioartekoak. Horien artean izango da Fireworks for Africa piroteknia-etxe hegoafrikarra, hain zuzen iazko munduko futbol txapelketaren irekiera ekitaldiaz arduratu zena, edo joan den urteko txapelduna, Bruscella Bartolomeo & F. Lli italiarra. Horrez gain, hilaren 20an Piromusical Ricasa valentziarrak biribilduko du aurtengo edizioa.

Euskalteleko ordezkariak eskerrak eman zizkion Donostiako Udalari «beste behin ere Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren babesle bakarra izateko aukera emateagatik, benetan ekitaldi hunkigarria da-eta». Horretaz gain, Bulebarrean haurrentzako gune bat antolatuko dutela ere esan zuen; jarduera ugari egingo dituzte bertan, eta materiala eta merchandising-a ere banatuko dute. Hainbat erakusmahai jarriko dituzte eta udaletxe parean jarriko duten autobusetik edota SMS bidez hiritarrek su artifizialen txapelketako garailea hautatzeko aukera izango dute; parte hartzen dutenen artean, gainera, telefono mugikor berriak eta bidaia bat zozketatuko dituzte.

Nekane Txapartegiri kapital pribatuak hiriko ekitaldietan duen presentziaz galdetuta, «su artifizialak Donostian oso errotuta daudela eta horrekin aurrera egingo» dutela nabarmendu zuen. Aurrekontu handiko ekitaldietarako babesleak behar direla azpimarratu zuen. «Egunez egun ikusiko dugu gure nahiak eta asmoak zertara bideratzen gaituzten, baina oraingoz ez daukagu hori aldatzeko asmorik», baieztatu zuen zinegotziak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo