Pili Irastorza Eizmendi | Naparrarekin egondako gazteen izenean
Naparra, izan zarena zarelako!
Atzo gertatu zela dirudien arren, 25 urte pasa dira dagoeneko. 25 urte, zu gabe bizitzen, eta zuk utzitako hutsunera nolabait egokitzen. Zurekin pasatutako denbora nahiko laburra izan arren, sakona eta aberasgarria izan zela aitortu behar dizugu. Gogoratzen 86. urteko uztailean Errefuxiatu eta Iheslarien martxan elkarrekin bizi izandakoak? Hantxe zeunden zu, borrokan, beti gure ondoan. Hernaniar gazte asko izan ginen bertan, eta une gogorrak eta latzak pasatu izan arren, uste dut denok gordetzen dugula oroimen gazi-gozo sakon bat. Gozoak eta maitasunez gogoratzen ditugu zurekin konpartitutako momentuak. Egunez, tentsioak eta beldurrak gaina hartzen ziguten gehienetan, baina berehala lortzen zenuen lasaitzea zure broma eta alukeriekin; (piper mina, tabaskoa...) Gauez, berriz, egun osoko tentsioak ateratzeko erremedioa bilatu genuen, parranda alegia!!! Ze gertatu zen, esnatu eta oinetako guztiak faltan bota genituen egun hartan?
Ikaztegietan, gogoratzen zara? Nahiko egurtu eta gero, banan-banan eta 20 metroko distantziarekin joan behar izan genuen ez dakit zenbat kilometro, eta gainera, soinean genituen kamixeta subertsibo guztiak ibaira botarazi zizkiguten... eta zu barrez lehertzen. Halako bizipenei ere alde ona bilatzen bazenekien. Ez zenuen parekorik.
Gozoak gogoratzea erraza izan da, baina tamalez guzti honetatik egun gutxira, uztailaren 28ko arratsaldean, iritsi zitzaigun espero ez genuen albiste triste hura. Zure zain egon ondoren, eta Jarki inguruan ginela, emakume bat udaltzainekin inguratu zitzaigun: ¿Le conoceis? Ez da posible, ezin liteke!! Ha muerto electrocutado.
Naparra, Abartzuzakoa, urtero gogoratzen zaitugu bertan, zure oroimenez elkartzen gara, nahiz eta horrek gure bihotzetara tristura ekarri. Zurekin emandako pasarteak gogoratuz, tristura hori, une goxo eta leun bihurtzen saiatzen gara eta zurekin baita lortu ere.
Naparra, maite zaitugu! Zuk gure herria maitatzen duzun bezala. Zu eta zu bezalakoen hutsunea, gure bihotzean zuenganako maitasun bilakatzen da.