GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Nork ordaindu behar ditu opor fiskalak?

Europako Justizia Auzitegiaren epaiak arrazoia eman zion Europar Batzordeari, eta, ondorioz, opor fiskalek mesedetu zituzten enpresek 500 milioi euro inguru itzuli beharko dituzte, Bruselaren kalkuluen arabera. Izan ere, auzitegi horrek dioenez, laguntza fiskalak Estatuaren laguntza izan ziren, eta, beraz, legez kanpokoak direla dio. Gainera, Estatu espainolak 40 milioi euro ordain dezala eskatu du Europar Batzordeak. Epai hori kudeaketa negargarri bezain bidegabe baten ondorio da, Itun Ekonomikoa enpresei diru gehiago irabazten laguntzeko erabiltzen duen kudeaketaren ondorio, alegia.

Confebaskek, epaiaren berri jakin bezain laster, esan zuen enpresek ez luketela kaltetuta geratu behar. Oraingoz gauza segurua da opor fiskalen onuradunak bere garaian mesedetuak izan zirela, horren truke lanposturik sortu ez bazuten ere. Horren argi ez dagoena da opor fiskalak indarrean jarri zituztenek eragin zuten kaltea ez dutela herritar guztiek ordaindu behar izango. Aitzitik, aldundiek ez dute inoiz jasoko jaso ez zuten diru hura, baina atzoko epaiak gutxienik politika fiskalaren garrantziaz jabetzeko balio beharko luke, gehien dutenei gehiago izan dezaten lagundu beharrean, gizarte osoak behar handiena duen horretan, herritar guztien bizimodu hobean, inbertitzea dela politikarik bidezkoen eta ekonomikoki eraginkorrena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo