GARA > Idatzia > Kultura

Ketan jarriko dute berriro San Justoko karobia Zeanurin

Zeanuriko Otzerinmendi auzunea karegintzarako tokia izaten da abuztuko lehenbiziko asteburuan. XX. mende erdialdean itzali zen labearen ke zurixka, baina bertan azkenekoz lan egin zuten Juan eta Julian Arana anaiek eta Ipizki Taldeak karobia berreskuratu zuten orain dela hamasei urte. Hala, Gorbeialdeko ondarea ikertzeko eta babesteko urrats bat eman zuten, eta bide batez, kearen eta ohitura zaharren inguruan erromeria eder bat ere sortu zuten.

p043_f02.jpg

GARA | ZEANURI

Abuztuaren 6an eta 7an Zeanuriko Otzerinmendi auzunea bisitatzen dutenek San Justo baseliza inguruko karobi zaharra berriro martxan ikusi, eta gurean jada desagertuta dagoen karegintzaren gorabeherak ezagutuko dituzte. Larunbat goizeko hamaiketan piztuko dute urteetan ahantzita eta itzalita egon den kareharri, su eta egurrezko labea, eta ke zurixka haritzen artetik igoko da Gorbeiaren tontorra bilatu nahian. Igande eguerdi aldera, kare bizia botatzen hasiko da labe-ahoa.

Ekimenaren antolatzaileek azaldu digutenez, duela hamasei urte berreskuratu zuten 1950etik bertan behera eta hondatuta zegoen karobi hau. Horretarako, urte eta toki hartan azkenekoz karea egin zuten Juan eta Julian Aranarekin harremanetan jarri ziren Ipizki Taldekoak, eta euren zuzendaritzapean konponketa eta zaharberritze lanei ekin zieten.

Otzerinmendi auzuneko Goikuria eta Arana familiak, Kandido eta Felix Goikuria anaiak alde batetik eta Juan eta Julian Arana bestetik, izan ziren leku hartan azken aldiz lan egin zutenak. Juan eta Felix labea zaintzeaz eta karea egiteaz arduratzen ziren; Julianek eta Kandidok, aldiz, idi pare batez baliatuz Atxebeiko beheko errekatik -San Justoren goialdean- kareharria eta Azkarralde eta Igertubarri basoetatik egurra ekartzen zuten. Soroetan ongarri gisa erabiltzeko 2.000 kintal -100.000 kilo- kare ekoiztu zituzten.

Erromeria, kanpai berriarekin

Igandean, erromeria ospatuko dute. Meza baino lehen, kanpai berria jarriko dute, udaberrian lapurtu egin zutelako lehengoa. Eta ondotik, maiordomoak «barauskarria» -ardo zuria eta gailetak- banatuko ditu. Hariztipean bazkaldu eta bola eta mus txapelketetan arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo