Ibon Iparragirre euskal preso politikoa etxean nahi dute ondarroarrek
Ion SALGADO | ONDARROA
Ibon Iparragirrek urte eta erdi darama Estatu espainoleko espetxeetan. Hamazortzi hilabete atxilotuta, bere herritik urrun, eta gaixotasun larri baten kontra borrokan jo eta ke. Euskal preso politikoa seropositiboa da, eta bere egoera larritu egin da kartzelatu zutenetik. Behingoz aska dezatela aldarrikatu dute lagun eta herrikideek, berriro bere ondoan egon ahal izateko.
Etxean, Ondarroan zegoen bitartean, gorputzeko defentsak orekatuta zituen, baina Ertzaintzak atxilotu zuenetik, okerrera egin du preso politikoaren egoerak. Gaur egun, bere defentsen maila %70etik beherakoa da, eta gaitzak aurrera jarraitzen du, bere gorputza gero eta gehiago ahultzen. «Bere egoera oso latza da, bizitzaren eta heriotzaren arteko muga oso estua da», diote bere lagunek.
Egoera hori dela-eta, ezker abertzaleak, baita Ondarroako biztanleek ere, preso politikoaren askatasuna eskatu zuten atzo herrian egindako elkarretaratzean. «Gure indar guztiekin salatzen dugu espetxe politika hau mendeku politika bat bilakatu dela», azaldu zuten prentsaurrekoan.
Ertzaintzak 2010eko urtarrilean atxilotu zuen ondarroarra, «ETAko kidea izatea» egotzita. Garai hartan Iparragi- rrek sendagai naturalak erabiltzen zituen, gaitzari aurre egiteko, baina agintari espainolek espetxeen barruan horrelako sendagaien erabilera debekatzen dute.
Harrezkero, gero eta larriagoa da euskal preso politikoaren osasun egoera. Jaiki Hadi-k dioenez, Iparragirreren egoera psikologikoak ere okerrera egin du. Horregatik guztiagatik, Sevilla II espetxeko arduradunek eurek ere eskatu dute 104.2ko artikulua betetzeko: «Askatasuna, gaixotasun sendaezina izateagatik».
Jagoba Apaolaza
Beste alde batetik, amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duenez, Jagoba Apaolaza preso politikoa aske geratu da, eta datorren egunetan Euskal Herrira itzuliko da.
Apaolaza, 22 urteko gasteiztarra, Judimendi auzora itzuliko da 5.000 euroko bermea ordaindu ondoren.
Polizia espainolek atxilotu zuten Apaolaza 2009an, gazte independentisten aurkako polizia operazio zabalean. Bi urte eduki dute espetxean. Amnistiaren aldeko mugimenduak bidalitako oharrean aske geratuko dela diote, baina ez dute zehaztu noiz aterako den espetxetik.