Baionako Masterra
Waltari eta Lanbert finalera, ikuskizun ederra emanda
Lan handia egin behar izan zuten, eta azken txanpan segurtatu zuten txapelaren lehian aritzeko txartela.
WALTARI-LANBERT 40
IBARROLA-OZAFRAIN 34
Jon LEUNDA
Ez da ezusterik izan Baionako Masterreko lehen finalerdian, eta Waltarik eta Lanbertek lortu dute finala jokatzeko txartela. Norgehiagoka bera, ordea, bikaina izan zen, ikusgarria, eta Moderneko harmailak ia bete zituzten zaleek sekulako gozatua hartu zuten. Askok esaten zuten final aurreratua zela, eta ikusitakoaren arabera, ez da erraza izango partida hobea ikustea.
Ikuskizunaren norabidean, antolatzaileek asmatu egin zuten; izan ere, ohikoa baino pilota astunxeagoak atera zituzten, eta horrekin gauzak askoz ere orekatuagoak eta ederragoak izan ziren.
Berdintasuna nagusi izan zen partidan, bi bikoek izan zituzten garaipena erdiesteko aukerak. Ibarrola eta Ozafrain aitzinetik aritu ziren hamabigarren kintzera bitarte, eta hortik aitzin irabazleek aurre hartu zuten markagailuan, baina inoiz tarte handirik atera gabe.
Partidako azken txanpara ere parean heldu ziren, eta 33-33 berdinduta egon ziren. Hortik aitzinera, ordea, Ibarrolak eta Ozafrainek nekea sumatu zuten, eta Waltarik eta Lanbertek, egungo Binakako txapeldunek, ez zuten barkatu, eta igandeko finalean sartzeko urratsa eman zuten.
Lau pilotariek oso maila ona eman zuten. Bi aurrelariek tanto bikainak egin zituzten, eta sakearekin ere biak aritu ziren ongi. Atzelariek ere beren eginkizuna primeran bete zuten. Errestoan bikain aritu ziren, eta pilota zail asko eraman zuten onera. Biek merezi izan zuten finalean izateko txartela, baina hori ezinezkoa zenez, faboritoek egin zuten aurrera, eta beraiek izango dira finala irabazteko ere faborito nagusiak.
Baionako Masterreko lehen finalerdia bikaina atera zen, gutxitan bezalakoa. Lau pilotariek sekulako maila eman zuten, eta horretan pilotek ere lagundu zuten.