EH Jaietan | Larrabetzu
Larrabetzuko Gazte Eguna, urteroko ezinbesteko hitzordua
Beste behin ere, biharko egunerako egitarau oparoa prestatu dute herriko gazteek Hori Bai! gaztetxearen 46. urteurrena ospatzeko: herri bazkaria, olinpiadak, antzerkia eta gauean Itziarren Semeak, We are Standard eta Gose musika taldeen kontzertuak.
Beñat ZARRABEITIA | LARRABETZU
Uztailaren bukaerak eta abuztuaren hasierak bat egiten duten asteburu honetarako planik ez daukanak Larrabetzuko Gazte Eguna ezagutzen ez duelako da. Bertako gazteek 27 urte daramate Gazte Eguna antolatzen. Mugarri bilakatu da jaia, Hori Bai! gaztetxea erreferentetzat daukan herri batean.
Aurtengoan ere egitarau zabala prestatu dute. Goizean, txistulari eta trikitilariek Larrabetzuko kaleak girotu dituzte. Eguerdian, herri bazkaria izango da; adin guztietako larrabetzuarrak eta kanpotik etorritako lagunak biltzen dituen herri bazkaria. Behin sabela ondo betetakoan, antzerki emanaldiaren txanda izango da.
Arratsaldeko seietan gaztetxe eta gazte asanbladen arteko herri olinpiadak jokatuko dituzte Txorierriko herrian. Elektrotxarangak musika jarriko dio arratsaldeari eta 22.00etan «mani+festa+akzioa» helduko da. Mobilizazioaren ondoren, musika taldeen kontzertuak izango dira. Aurtengoan, Itziarren Semeak mungiarrak, We are Standard bilbotarrak eta Gose arrasatearrak izango dira. Eskaintza erakargarria, hiru estilo erabat ezberdinak jorratzen dituzten taldeekin.
Gauak ez du etenik izango Larrabetzun. Izan ere, Global Funkers, DJ Makala, Hori Bai sound system eta DJ Kaiku musika jartzaileak arituko dira Hori Bai! gaztetxean bertan.
Hori bai!, Larrabetzuko ikur
Larrabetzuko Hori Bai! gaztetxea erreferentziazko gunea da Euskal Herrian. 46 urte «zutunik» eman ditu jada, eta aurrera jarraitzeko asmoa dute argi eta garbi. Frankismo garaian sortutako gunea da eta hasiera-hasieratik jardueraz beteriko gunea izan da Andra Mari kaleko 23 zenbakiko eraikina.
Gabriel Aresti edo Agustin Ibarrolaren tamainako artistak edo herriko zaharrenek artean ere gogoan dituzten Santi Brouarden eta Juan Jose Pujanaren arteko eztabaida politikoak ezagutu ditu Hori Bai! gaztetxeak. Baita azken hamarkadetan Euskal Herrian izan diren musika talde esanguratsuenen kontzertuak ere, kasurako Negu Gorriak, Su ta Gar, Zarama edo Oskorri.
Une zailak ere igaro ditu. 80ko hamarkadaren hasieran, elizbarrutiarekin izandako arazo batzuen ondoren, lokala itxi zuten. Baina, herriko gazteak ez zeuden geldirik egoteko prest eta 1984an Gazte Eguna antolatzen hasi ziren.
Handik bi urtera, eta Olentzeroren opari gisara kasik, 1986ko abenduaren 24an, Hori Bai! berriz ere zabaldu zuten. Hala ere, herriko gazteek urteetan zehar udalak garai batean jartzen zituen traben aurka borrokatu behar izan dute. 2004. urtean berriro ere handik botako zituzten arriskua sumatu zuten gazteek baina egindako lanari eta euren dinamikei esker Hori Bai!-k ikur erreferente izaten jarraitzen du.
Egun osoan zehar eta gauean kontzertuak ikustera bertaratuko diren guztientzat, Larrabetzuko Gazte Egunak hiru txosna izango ditu herriko erdialdean.
1984an egin zuten Larrabetzuko I. Gazte Eguna. Orduan, elizbarrutiarekin izandako arazoak medio, Hori Bai! itxita zegoen. Handik bi urtera, berriz zabaldu zuten gaztetxea.