GARA > Idatzia > Kultura

NIK LAN ETA HIK JAI: ANDER ZARRAGA

«Telesailetako sorosleekin zerikusirik ez daukagu guk»

p042_f02.jpg

Mikel PASTOR | LAUDIO

Urrezko aroa izan zuten 90eko hamarkadan. «Baywatch» telesailak sorosleen lana ezagutzera eman zuen, eta arrazoi bat edo beste zela medio, inoizko telesail ikusiena bilakatu zen. «Bai, badakigu telebistako irudia zein den: mutil gihartsuak, neska eder eta lirainak... errealitatea guztiz bestelakoa da», dio barre artean Ander Zarragak. Hirugarren uda du sorosle lanean, eta esperientziak ematen duen lasaitasunarekin mintzo da udara bakoitzeko lanari buruz. Aurten, Laudioko udal igerilekuan dabil lanean.

«Batxilergoa bukatuta, Heziketa Fisikoa gradua ikastea erabaki nuen. Titulu honekin batera, sorosle titulazioa lortu nuen», azaldu du. Horrek aukera paregabea ematen zio: «Alde batetik, ikasitakoa aplikatu nezakeen, bidean diru pixka bat lortuz; eta bestetik, lana eta ikasketak bateragarri egiten zituen ariketa egiten nuen, arlo akademikoa ez oztopatzeko».

Aurreko urteetan izandako kezka eta urduritasuna aise gainditu ditu aurten Zarragak: «Argi dago esperientziak nolabaiteko lasaitasuna ematen dizula egoerak ulertzeko». Halere, kontzentrazioa ezin dutela inoiz galdu nabarmendu du, «geure lanean akats batek ondorio larria izan dezakeelako».

Sorosle lana ez da izaten finkoa; askotan, nahiko «ezegonkorra» ere izaten da. Udara partean badakigu lan finko bat aurkitzea zaila dela, baina euren lanbidean, «are gehiago». Zarragaren esanetan, «konfiantza lortzen hasten zarenean, eta lagunak egiten dituzunean, alde egiteko garaia da». Horregatik dio, «ezagun mordoa bai, baina benetako lagunak egitea, erlazioan sakontzea, ia ezinezkoa da».

Hamaika igerileku eta herritan egondakoa da gure laguna, eta «herri bakoitza mundu, edo hobeto esanda, unibertso propioa da», beraren iritziz, eta unibertso horrek «irtenbide ezberdinak behar ditu kasu berezi bakoitzeko».

Toki bakoitzean bizipenak hobeak edo txarragoak dira, tokiaren arabera, garaiaren arabera. Aurtengo udan egun euritsu pila ari da egiten, eta argi ikusten du horrek eragin negatiboa daukala igerilekuaren ekonomian, eta horregatik, tentsioa nabarmentzen dela. Hodeiek eguzkiari tartea uztean, euriarekin batera tentsioa eta urduritasuna desagertuko direla ziur dago.

Sorosleen arteko harremanei buruz ere hitz egin digu, «orokorrean nahiko giro ona dago sorosleen artean, batak besteari txanda aldaketak egiten dizkiogu batzuetan». Nabarmendu duenez, mota guztietako lankideak izan ditu igerilekuetan. Zentzuzkoa denez, sorosleen artean ere denetarik dago, pertsona batzuk atseginagoak, beste batzuk isilagoak...

Lankideekin soilik ez, igerilekuko bezeroekin ere tratu ona izatea funtsezkoa da sorosle lanean, «geure lana ez da soilik begirale izatea», horrez gain, ume eta gazteak arriskuez ohartarazi behar dituzte, «segurtasunaren kultura batean hezi behar ditugu».

Halere, esperientzia bikainak bizitzeko aukera ematen die euren lanak: «Orokorrean, erlazio ona daukagu bezeroekin, nahiko ondo portatzen dira» eta zenbaitetan «gurera etortzen dira lana eskertzera. Horrelako gauzek, motibazioa bizi-bizi mantentzen dute».

Jendearekin erlazioak estutzeko toki aproposa da igerilekua eta... ligatzeko? Gure protagonista barrezka hasi da, «bueno... ez dakit nik, egia da sorosle izatean zure gain ikusmira gehiago daukazula; baina, ligatu, ligatu, nire neskak ez luke ondo ikusiko», dio txantxa artean.

Urte hauetan kolore guztietakoak ikusi ditu Anderrek, eta zenbait pasadizo bitxi ere bai. Makabroena duda barik, aurten gertatutakoa: neskatila gaztea, oso gaztea, ikusi zuen ur gainean geldi-geldi, eta harengana gerturatzen ari zela, urduritasunak gora egin zion, eta azkarrago ibiltzen hasi zen; igerilekuan sartu, eta neskatila uretatik atera zuenean... berebiziko ezustekoa hartu zuen, «begietara begiratu zidan, eta irribarreka, `Joko bat baino ez da!'» bota zion neskatilak.

Bainujantzi gorririk ez, gorputz lirainik ere ez, eta abentura hunkigarriak are gutxiago, baina Euskal Herriko igerilekuetan, hortxe ibiliko dira, gerizpean, isilean, zelatan. Espioi onak bezalaxe, zenbat eta gutxiago hitz egin haiei buruz, hobeto. David Hasselhoff eta Pamela Anderson, dauden tokian daudela, harro egongo dira utzitako ondareaz.

Fitxa

Nor: Ander Zarraga, Ugao (1988).

Lanbidea: Udan, sorosle lanean ari da. Neguan, Heziketa Fisikoko graduko ikaslea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo