EH JAIETAN: BAIONA
Umeek karrikak bete dituzte, entzierro txikiaz eta txokolatadaz gozatzeko
Haurren Eguna ospatu zuten atzo, eta egun osoko egitaraua izan zuten beraientzat. Entzierro txikian, txokolatadan, gortearen desfilean eta Leon erregearen harreran milaka haurrek parte hartu zuten. Eguerditik goiti, berriz, helduentzako lekua utzi zuten kalean, eta gehienak Poterne parkean elkartu ziren. Izan ere, bertan puzgarriak, errugbi eta Xiba jokoak eta beste hainbat zeregin izan zituzten. Bestalde, Karrikaldiaren lehen emanaldia izan zen atzo arratsaldean.
Ainize BUTRON | BAIONA
Ipar Euskal Herriko bazter guztietako eta adin guztietako herritarrak biltzen dituzte bestek Baionan. Goizetik arratsera, karrika bazter edo ostatu batean solasaldi eta kalaka umoretsuak izaten dira nagusi. Atzo, beste egunetan baino gehiago, adinen nahasketa nabarmena izan zen Baionan, urteroko Haurren Eguna ospatzera inguratu baitziren herritar asko. Goizeko bederatzietatik arratsaldera arte, berariaz beraientzat prestatutako egitarauaz gozatzeko aukera izan zuten umeek.
Lehendabiziko hitzordua goizean emana zieten, urteroko txokolatada dastatzeko, Gosse karrikan. Bertan zegoen Leon erregearen gortea ere, hamabiak aldera udaletxeko bide hartu eta Leon erregea iratzartzera joateko zain. Baina, hori gertatu aitzin, umeen jaietan huts egin ezineko entzierro txikia izan zuten, Paul Bert plazatik abiatuta. Milaka haur elkartu ziren bertan kartoizko zezen ibiltarien beha.
Orotara, bost zezen txiki agertu ziren karrikan, eta haurren garrasi eta oihuak karrika guztietan hedatu ziren, zezenen beldurrez ihes egiten zuten bitartean. Zezenak ukitzea ausartu ziren ume bakar batzuk izan ezik, gehienak korrika egiten aritu ziren. Haur txiki bat edo beste beldurrez negarrez ere arituko zen, zezenak ikusterik izan ez arren.
Piknik erraldoia
Halere, kartoizko zezenen kontuak ez zituen haur guztiak poztu. Luzio, zazpi urteko Baionako umea, nahiko etsita zegoen. Zazpi urterekin zezena kartoizkoa zela argi ikusten zuen mutikoak. «Zoin aspergarria! zergatik ez dituzte egiazko behiak jarri!», esan zuen, hein batean haserre.
Entzierroaren ondotik haurrek bestelako emozioak bizitzeko aukera izan zuten, eta, bereziki eguerdian, Leon erregea iratzartzeko ordua iritsi zelarik.
Gortea eta Baionako danborradarekin desfilean abiatu ziren milaka haur udaletxerantz, eta, bertan, «Leon, Leon, Leon!» deiadarka aritu ziren, herriko erregeak burua atera zezala eskatuz. Horren ondotik, goizean, karriketan zegoen haur betekada ez zen asko luzatu. Udaletxearen ondotik, bost mila haur elkartu ziren Poterne parkean, eta bertan jokoez eta bazkariaz gozatzeko aukera izan zuten.
Jaietarako prestaturiko bazkari biologikoa zuten zain bertan, eta, parkeko ohiko joko gunearekin batera puzgarriak, egurrezko joko handiak, marrazkia, futbol, errugbi edo Xiba kirolak eta beste hainbat jardueretan parte hartu zuten arratsaldeko zazpiak arte.
Bitartean, hiriko karriketan, kuadrillak lekua hartzen hasiak ziren. Emakume taldeak batean, gizonenak bestean; edo talde mistoak ere bai askotan, gustu eta nahi guztietarako bazegoen.
Christian Garai Basusarritik bertaratua zen, Arbonako lagun taldearekin. Hamaiketan Ibaia ostatuan aperitifa egiteko elkartu ondoren, eguerdian bazkaldu zuten Errobi ibai bazterreko jatetxe batean. Eta, apairua bukatu bezain laster, berriz ere ostatuen itzulia kantuz xaramela jarraitu zuten iluntzera arte.
Marina saratarrak bere lehen eguna zuen atzo Baionan. Lagunekin larunbatean emana du hitzordua, baina, bi egun itxarotea sobera luzea zitzaiola, atzo bertan hasi zuen lagunekin poteoa. Baiona Ttipiko Kalostrapetik hasi, Pyrénées ostatura joan, eta, euskaldunen karrikako Bar du Marchén bukatzekotan zeuden, tartean beste hainbat ostatutan gelditzen zen bitartean.
«Larunbatean hamar neska elkartuko gara, gaur erdia baizik ez gara. Atzo mutila atera zen, beraz, gaur tokatzen zitzaidan niri», azaldu zuen.
Baso berriak
Jai girotik kanpo, aurtengo berrikuntza handiena Baionako ostatu guztietan edalontzi berriaren erabilera orokortzea izan da. Atzo sobera goiz zen oraindik sistema horren finkapenaren balantzea egiteko, baina, halere, Martine Bisauta herriko zinegotzi eta ekimenaren bultzatzailea pozik zegoen.
Azaldu zuenez, asteazkenean ostatu guztietan ibilia zen arazorik ote zegoen ikusteko. Bost egunetarako, milioi bat eta erdi baso zabaldu zituztela nabarmendu zuen.
«Ostalari batzuek lortuko ez ote zuten beldur ziren eta, hasieran zenbait gorabehera izan ditugu. Baina, lehen eguna pasa ondoren, argi da, momentuko oso ongi joaten dela dena», azpimarratu zuen.
Balantzeak egiteko moduko datu zehatzik ez bazen ere, karriketan zegoen zabor kopuru txikiak berak ematen ahal zuen ekimenak lortu duen arrakastaren berri.
Urtero Baionako kaleetan goizean aurkitzen diren plastikazko baso metak ez ziren ageri. «Gure datuen arabera, jaien bost egunetan, sei edo zazpi milioi baso aurreztuko dira. Urtero jaietan hogeita hamar tona zabor biltzen da, eta, beste hainbat Errobi ibaira erortzen da, eta itsasoan bukatzen dute», gogoratu zuen Bisautak.
Baionako zinegotziaren iritziz, ez dago zalantzarik edalontzi berrien erabilera urtero errepikatu beharko dela. «Lehen egunean ikusi dugunaren arabera, herritarrak nahiko ongi egokitu direla pentsa daiteke», esanez bukatu zuen hausnarketa.
Iritzi berdina entzun zen ostalarien aldetik. «Bezeroak nahiko ongi egokitu dira, eta, gure aldetik ari gara gutxinaka sistema geureganatzen», esan zuen San Andres plazako ostalariak. Bestazaleek, berriz, basoa eskuetan atxikitzea deserosoa atzematen zuten. «Atera dituzte lepoko batzuk basoa eramateko. Beharrik, zeren zakurik ez daukazularik askotan ez dakizu non jarri», erran zuen Pierrek. Cyrielle, bere aldetik, argiagoa izan zen. «Baso andana bat lurrean aurkitu ditut. Ez dago gaizki, zeren horiek bilduz gero, euro bateko kontsigna berreskuratu dezakezu», aipatu zuen.
Atzo hasi zen bestetako Karrikaldia. Euskal kantu eta dantzak zabaldu zituzten ekitaldi horretan, arratsaldeko lauretan hasitako. Eta, urtero bezala, hasi bezain laster milaka lagun elkartu zituen beren inguruan. Horrekin batera, kanpotik eta Euskal Herriko bazter guztietatik parte hartzeko prest hurbiltzen diren musikari eta dantzariak aritzen dira taula gainean.
9.00> Diana eta animazio musikala 19.00k arte (txarangak, gaita-jotzaileak, txistulariak, trikitilariak...).
10.00 10, Gosse karrikan Txokolatada herrikoia.
10.00>rail bayonnais frontoian.Jaietako pala txapelketa. Beteranoen finala.
10.00>Leon erregearen desfilea Baiona Handiko eremurantz, 12.00ak arte.
10.30>Jaietako YOGA, 11.00ak arte.
11.00> rail bayonnais frontoian. Jaietako pala txapelketa, lehen seriekoen finala, 12.00ak arte.
11.00>ASKATASUNAREN PLAZA. Leon erregeari alborada Jazzaband taldearekin 12.00ak arte.
11.30>lauga kiroldegia.Baionako jubilatuen bazkaria.
12.00>ASKATASUNAREN PLAZA (UDALETXEA). Leon erregearen iratzartzea.
12.30>EUSKAL MUSEOA. Musikaldia: Larrealde trikitixa eta Txarangaita, 13.30 arte.
12.30 BERNARD LACARRE PLAZA.Euskal polifoniak: Lauhaitzetara eta Lagunt eta Maita, 13.30 arte.
16.30>JAKES PORTES plaza. KARRIKALDIA:
16.30-17.30 Dantza Makilari Txapelketarekin.
17.30-18.45 Kontzertua Xendarineako ahizpekin.
18.45-19.00 Ziganteak eta txistulariak.
19.00-20.00 Dantzazpi Leinua txarangarekin.
20.00-20.15 Ziganteak eta gaitak.
20.15-21.30 Baionan Kantuz Tuntua eta Ibaialdeko Koroarekin.
21.30-23.00 Karrikadantza Qui vou viéner? taldearekin.
17.00>sANTESPiRITuko KOLEGIATA. Kontzertu (a)tipikoa: Zortzi iturri eta Maddi Zubeldia, Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean, 18.00ak arte.
17.30>PAUL BERT PLAZA. Bertako Bigantxak, 19.00ak arte.
21.00>ERREPUBLIKAREN PLAZA. Kantu-Cantera (euskaraz eta gaskoineraz) Batahori eta Begiz Begi, EKErekin eta Ça-i kolektiboarekin elkarlanean, 1.00 arte.
22.00>CARREAU DES HALLES (azoka). Dantzaldia, Samain taldearekin, 3.00ak arte.
22.00>ASKATASUNAren PLAZA. Dantzaldia, XS taldearekin, 3.00ak arte.
22.00>CHAHO PELLETIER. Jaietako kontzertua, Les fils de Teuhpu, 23.30 arte.
00.00 CHAHO PELLETIER Gazteszena: Schinkikckers eta DJ Click Locomotiverekin elkarlanean, 3.00ak arte.