GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Inazio MURUA

Azaroaren 20ko hauteskundeak

Ostiral goizean ulertu nuen bukaera baino ezagutzen ez nion txistea. Madrilgo Gobernuko presidenteak hauteskunde orokorrak azaroaren 20an izango direla iragarri du eta PPko komunikazio arduraduna alderdiko presidentearengana jo du tximistaren pare:

-Mariano! Zapaterok hauteskundeeak aurreratuko dituela esan du. Prentsaurrekoa eman beharko duzu.

Presidenteak, Marcial Lafuente Estefaniaren nobela bateko 53. orrialdetik bista jaso eta, irmo, erantzun dio:

-Segi zuk, niri barregura ematen dit eta...

Seguruenik Rajoiren barregura niri Zapaterok eta berak esandakoak entzun izanak eman zidana bezain negargura izan zen. Baina Zapaterok zortzi urtean gobernuburu izatea lortu badu, zergatik ez nik?, egingo zuen bere artean, barrena lasaitzeko. Eta han agertu zen gure galegoa, Zapaterok utzi omen duen egoera ekonomiko ezin hobea (oraingoan bai, zalantzarik gabeko berpizte bidean da, kimu berdeak kana-erdiko enbor bihurtuta) gezurtatzeko prest, berak hobetuko baitu, gizarte murrizketarik bat ere egin gabe gainera. Maria Dolores de Cospedal anderearen alderdi berekoa (langileen alderdia) izaki, ezin bestela izan.

Prentsaurrekoaren ostean, ordea, gogoa ilunduko zitzaion, Moncloara bidean aurkari gogor batekin lehiatu beharko duela konturatuta, aurrean ez duela Zapatero izango gogoratuta; aldartea berehala aldatuko bazitzaion ere, komunikazio arduradunak alderdiaren ikurra aldatzea proposatzen dionean:

-Aizu, Mariano, eta kalatxori mehe eta ziztrin horren ordez faisai bat jarriko bagenu?

Edonola ere, Rajoi presidente eta presidentegaiak ez luke Rubalcaba hautagaia gutxietsi behar, Alfredo kimikaria ez da-eta esperimentuak gaseosarekin egin beharra duten kokolo horietakoa, eta ekonomian iaioegia ez bada ere, zenbakiak aliatu dituela erakutsiko du Marianoren bizarra begiztatu orduko:

-407 terrorista eta 19 zulo legegintzaldi batean.

Mozoloa halakoa!, egingo du Marianok bere artean.

Eta Bizardunak talde nafarraren diska jarrita dudala, entzutea iruditu zait: redios, hegoak (eta potroak) ebaki banizkio!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo