Jende uholdea da aldaketa bakarra
Udak ez dira berdinak. Ez dira berdinak, uda bakoitzak bere berezitasuna ekartzen du. Aurten, urtero bezala, udatiarrak ikusi ditugu ailegatzen. Euskaldunak ere bai. Hori pozgarria da, publiko berria da eta ondoriozta daiteke Hegoaldekoentzat oporraldia Lapurdin igarotzea usaietan sartzen ari dela. Uda, beroa, hondartza, mendi errazak.... Libertimendu askoz gehiago ez, baina lasaitasuna bai Urruñan; igaro herria da, ez gelditzeko gunea. Salbu kanpinetan, mukuru betetzen direnak.
Gazteak eta lana
Uda heldu da. Mikelentzat atseden hartzeko garaia, urtea nahiko kezkatua pasa baitu. Urtea ez da oso ongi bukatu Mikelentzat; hasi zituen ikasketak ez ditu gustukoak izan eta norabide berria hartuko du. Hala ere, esperientzia interesgarria izan da: eskola berria, ikaskide berriak, bizi berria etxetik kanpo... Hori dena berria eta erakargarria zen, baina hautua ez zen egokia izan. Azkenean ez da urte erraza izan.
Uda heldu da eta kezka berritan murgiltzen hasia da Mikel. Ikasketek gastuak sortzen dituzte, eta, urtean zehar diru pixka bat izateko, ez dago beste biderik udan lan egitea baino. Bai behintzat etxe gehienetan. Izan ere, ikasketek gero eta diru gehiago eskatzen dute, eta eguneroko gastuentzat gurasoei dirua eskatzea ez da erosoena izaten. Ondorioz, udako lana behartua da. Pozik dago Mikel, herriko supermerkatuan hartu baitute. Goizeko bostetan hasiko da egunero, 30 oren astean, ordutegi aldakorrarekin. Aukera argi dago: hartu ala utzi, ez dago besterik. Beraz, Mikelek onartu du. Baldintza okerragoetan lan egiten duten lagunak ditu. Bentetan hilabetesaria ez da oso ona eta ordutegia pisuagoa izaten da. Sindikatuek, udaro bezala, lan berezia dute sasoilarien egoera salatzeko. Haatik, ez da erraza izaten nagusi baten kontra aritzea sasoiko diru hori beharrezkoa delarik urte osoan ikasten jarraitzeko. Askok ulertzen dute egoera horiek salatu egin behar direla, oren gehigarriak pagatuak izan gabe gelditzen dira askotan, baina, gehienetan, gainetik pasatzen dute. Hala ere, langileak kontzientziatzeko nahiko lan egokia egiten da. Elkarretaratzeak antolatuak izan dira langileak errespetatzen ez dituzten enpresen aitzinean. Protestarako uda ez da garai aproposena, baina enpresaren benetako irudia publikoari eskaintzeko balio du!
Besta ere bai
Lehen besta nagusiak Lesakakoak dira Mikelentzat. Ez da erraza izan lana eta besta konbinatzea. Bestatik lekora segidan lana hartzea, lo egin gabe. Besta baitezpadakoa da gaztaroan. Ipar Euskal Herriko bestek ez dute erakartze bera, gazte askok Bidasoa igarotzen du Gipuzkoa eta Nafarroako besta, kontzertu, animazioetara joateko. Asko dira erritmo horretan bizi direnak, nahiko gogorra gertatzen da, baina zein ederki pasatzen duten! Hala kontatzen dute behintzat!
Bestetatik at mobilizapenek ere jarraitzen dute eta aurten uztailaren erdialdean Segik Baionan antolatu duen manifestaldia aipagai dute gazteek, Frantses Iraultzak euskal nortasunaren gainbehera ekarri baitu Ipar Euskal Herrira eta horren inguruan hitz egin nahi baitute Urruñako gazteek. Banderola jarri zuten zubiaren gainean; ez du asko iraun, herriko langileek kendu dute. Auzapezak ez ditu batere gustuko Segiko gazteak.
Lurra erosteko eskaintzak
Mattinek belarrak sartu zituen, aziendak nahiko forman ditu eta gasna ekoizpena ongi doa. Negua nahiko kaskarra iragan da, agian uda hobea izanen da, merkatuan salmentak ongi badoaz; astero antolatzen da merkatua bi hilabetez herri erdian. Mattinek lurrak ditu. Laborantzarako erabiltzen ditu. Bere lanbidea da, aziendak eta laborantza, etxerako eta merkatuan saltzeko. Ez dira laborari asko gelditzen Urruñan, hogei bat. Baina, hori bai, lurrek interes handia sortzen dute kostaldean. Neguan zehar deiak jaso izan ditu etxegintzako saltzaileengandik. Diru zama handiak eskaini dizkiote lurrak saltzeko. Hastapenean irriz hartu zituen deiak. Gaur egun benetako presioa jasaten ari da; uda heldu da eta presioa handiagoa bilakatzen da. Deiak maizago egiten dizkiote.
Laborarien artean hitz egiten aritu dira eta dei horiei muga jartzeko etxegintzako saltzaileei tranpa bat egitea erabaki dute. Erakarri dute saltzaile bat erranez prest daudela lurrak saltzeko, denbora berean prentsa deitu dute eta egoera prentsaren aurrean salatu dute. Hori uda hastapenean gertatu zen... Espekulazioari aurre egitea zaila da, laborantzaz bizitzeko baldintza nekezak dira zinez!
Orain, gainera, beste kezka bat gehiago dute laborariek AHTrekin. Hor baita erasoa. MAMek azaldu zuen AHT ez dela beharrezkoa. Politikaria bere etorkizuna babesten ari da, eragina atxiki nahi du lurraldean, ulertu du AHT gaizki sentitua dela, jendea irmoki borrokatuko dela horren kontra. Baina Mattinek ez ditu politikarien bideak jarraitzen. Bere buruaren baitan sinesten du, bere gain hartzen du AHTren kontrako borroka. Uztailaren 14an Urruñan iragan den AHTren kontrako mendi martxan parte hartu du, familia guztiarekin. Alderdi guztiak bildu dituen mobilizapena.
Mattinek urtetan turismoaren kontrako mobilizapenak jarraitu ditu, turismoari egiten zitzaion lekua, sektore horretan egiten ziren inbertsioak salatu ditu, laborantza sustatzeko interesik ez zela nabarmenduz. Turismoaren kontrako jazarpenak ez ziren ongi ulertzen. Alta, ondorioak hor daude; euskal nortasunaren desagertzea, hasteko. Gaur egun, turistaz blai gelditzen da kostaldea; Urruñak ere bigarren etxebizitzaz tope egin du. Euskaldunak aldarrikatzen ditugun arazoak ez dira gehiago gordetzen. Etapa hori garaitua izan da; tokiko arazoak ez dira gehiago gordetzen, uda erdian ere, bai ikastolaren aldeko ekintzak, bai AHTren aurkakoak, bai errepresioaren kontrakoak egiten dira. Urtean zehar eramandako lanari udan jarraipena emateko nahikeria nagusitzen ari da.
Azkenean, aldaketa bakarra jende uholdea da.