GARA > Idatzia > Kultura

Kultura eta arte herrikoia ikusgai Etxarri Aranazko txupinazoan

Etxarri Aranazko Udalak txupinazo berezia antolatu zuen atzo 2011ko festei hasiera emateko. Aurten, arteak eta kulturak hartu dute protagonismoa. Abesbatzako kidea den Maria Jesus Palazuelosek bota zuen jaiei hasiera eman zien suziria; horrela, abesbatzak egindako lan eskerga eskertu nahi izan dute, iaz 40 urte bete baitzituen. Horrez gain, Artie Kalea! herri kolektiboak udaletxeko fatxada apaindu du jendearen nahi, borondate, ilusio eta eskakizunekin.

p061_f02.jpg

Begoña CEBERIO | Etxarri Aranatz

Eguerdiko ordu batetan hasi ziren atzo Etxarri Aranazko festak. «Etxarriarrok, gora abesbatza eta gora Etxarriko festak!» ozen esan ostean, suziriaren metxa piztu zuen Maria Jesus Palazuelos abesbatzako kideak herriko jaiei hasiera emanez.

Herriko alkate Jose Ignacio Bakaikoa pozik eta gogotsu zegoen minutu batzuk lehenago. «Festa herrikoiak dira, udaletxeko ateak beti daude herritarrei irekita. Jaiak denon artean egitea ezinbestekoa da eta horretarako jendearen parte hartzea oinarrizkoa da», azaldu zuen.

Artie Kalea! kolektiboak udaletxeko fatxada apaindu du idei herrikoi eta koloretsu batekin festei ongietorria emateko. Erdi-erdian Joseba Sarrionandiaren olerki bat irakur daiteke. «Umeak koloretako marrazki bat eman zidala akordatzen naiz, esanez marrazki horretan sartu zituela gure banderaren koloreak. Eta marrazkian gutxienez hamaika kolore kontatu nituen», dioen idatzia hain zuzen. Festa hasiera herrikoia eta koloretsua izan zen, olerkiarekin bat festetan hainbeste erabiltzen diren hamaika koloretako zapiak izan ziren ikusgai, horietan «askatasuna», «poza», «familia», «euskara» eta beste hainbat hitz agertzen dira. «Horiek guztiak herritarren nahi, borondate, ilusio eta eskakizunen isla dira», jakinarazi zuen alkateak.

Artie Kalea! plataforma Etxarrin sortu berri den ekimena da. Bultzatzailea gazte talde bat da eta proiektu kulturalak kalera ateratzea du helburu.

Jai giroan murgilduta, etxetik urrun dauden guztiak ere gogoratu zituzten. Errepresioarekin bukatu eta senideak lehenbailehen etxean izan nahi dituztela adierazi zuten. «Beraiekin gaude eta gurekin nahi ditugu», azpimarratu zuen Bakaikoak.

Omenaldiak

Aurtengoan Udalak Etxarri Aranazko abesbatza omendu nahi izan du, hori dela eta, abesbatzako kideek bota dute suziria. Abesbatzak iaz 40 urte bete zituen eta honela eskertu nahi izan diete urte hauetan egindako lan kementsu eta irmoa, betiere isilean eta apaltasunez egina. «Etxarriarrok harro gaude urte luze hauetan Etxarriko kulturaren alde abesbatzako kideek egin duten lanarekin, bai herrian baita herritik kanpo ere», nabarmendu du Udalak.

Herrian, 27 haur jaio dira aurten eta beraientzat ere tarte bat izan zuten jaien hasieran. Hala, banaka-banaka, festetako zapia jantzi zieten jaioberriei, beren lehenengo herriko festak disfruta ditzaten.

Behin festa giro koloretsuan erabat murgilduta, ostegunera bitartean hamaika kolorek estaliko dituzte bai Etxarri Aranazko plaza bai herriko karrikak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo