GARA > Idatzia > Kultura

Bart gaueko biharamunari heldu eta bi egun dituzte aurretik azpeitiarrek

Atzo eman zieten hasiera azpeitiarrek herriko jaiei eta ohikoa den biharamunarekin heldu beharko diote askok gaurko egunari. Hala ere, oraindik nahiko denbora daukate jaiez gozatzeko, gaurko eta biharko egunak ekimenez beteta baitatoz. San Inazio eguna izango dute ospatzeko gaur, bere musika emanaldi eta ekimen erlijiosoekin. Biharkoa, amaiera moduan, gaupasa egun ofiziala da herritarrentzat, aukera paregabea parranda gogoz jarraitzen dutenentzat.

p058_f03.jpg

Aimar ETXEBERRIA | AZPEITIA

Bigarren festa eguna izango dute azpeitiarrek gaurkoa. Atzoko egunak utzi zituen aje guztiak gainditu eta milaka izango dira gaur ere kalera irtengo diren herritarrak. San Inazio eguna izango da gaur, hainbat herritarrentzat urteko egunik bereziena; beste batzuentzat, aldiz, festa egun bat gehiago besterik ez da.

Gaurko eguneko egitarauarekin sartuta, eguna goizean goiz hasiko dute azpeitiarrek. 09.00etarako aterako da musika banda kalejiran, dultzainero eta txistularien laguntzarekin. Bat baino gehiago haserretuko zaie, bart etxera berandu iritsi eta lo egiteko gogoa dutenak batez ere. Egun honetan musikak duen indarraz gain, ekitaldi erlijiosoek ere garrantzi handia hartzen dute. 10.30ean prozesioa egingo dute herriko kaleetan zehar, eta, 11.00etan, meza ospatuko dute Soreasuko Sebastian Donearen eliza nagusian.

Urteroko legez, 13.00etan udal musika bandak kontzertua eskainiko du arkupetan. Ohitura handia duen kontzertua da gaurko egunez ematen dutena eta herritarren parte-hartzea ere oso handia izaten da.

Egunari umore puntu bat ematen hasteko, «Txomingero Bruxarroxen» bazkaria egingo dute Erdi Kalean. Modu honetan, San Inazio egunez «azpeitiano» jendeak janzten dituen arropei burla egiteko, bazkarira «txomingeroz» jantzita joateko deia luzatu dute Jai Herrikoien Aldeko Batzordetik. Ostean festarekin jarraitzeko aukera izango dute 19.00etarako deitu duten «txaranga horia» kalejirarekin. Kalejira amaitu bezain pronto, Emakumeok Plazara ekimena burutuko dute Plaza Nagusian.

Umeek ere aukera ugari izango dituzte gaurkoan herriko jaiekin gozatzeko. 17.30ean, Plaza Nagusian, haur parkea jarriko dute. Txalupak uretan, gomina, sagardotegi mugikorra, txakur txirrista, dantzak... mila aukera izango dituzte arratsalde alai-alaia pasatzeko. Horrez gain, 18.00etan, zezen txikiekin jolasteko aukera izango dute Done Jakue kalean. Zezenekin jarraituz, 12.00etan erakutsiko dituzte zezen plazan 18.00etan toreatuko dituzten zezenak. Arratsaldeko zekorketa jaietako bigarrena izango da.

Gaueko ikuskizunekin sartuz, txosnak dantzan jarriko dituzte Adabegi talde zestoarreko kideek 22.00etatik aurrera eskainiko duten kontzertuan. Horren ondoren, aldarrikapenari tartea irekiz, Gazte Independentistek ekitaldia egingo dute gune berean. Eta txosnetako ekimenekin amaitzeko, 3gabe2 taldearen erromeria izango da.

Txosnetako ekimenez gain, kirolak ere izango du bere tartea San Inazio egunez. Aspeko pilotarien eskutik, profesionalen arteko eskuzko partidak izango dira Izarraitz pilotalekuan. Atzoko moduan, gaurkoan ere su artifizialak ikusteko aukera izango dute Azpeitira gerturatzen direnek. Astondoa piroteknia etxearen txanda izango da. Plaza Nagusian eta Olazko Amaren Plazan ere izango dira kontzertuak. Esne Beltza taldea izango herriko plaza dantzan jarriko duena, eta Kolonbiako dantza talde batek alaituko ditu Olazko Amaren plazara gerturatzen direnak.

Biharkoa izango da jaiei amaiera emango dion eguna. Gaupasa egun ofiziala bezala daukate hartua herritarrek, nahiz eta bat baino gehiagok ez duen aitzakia gehiegi behar gaupasa egiteko...

Biharko egunean bi ekimen dira nabarmentzekoak besteen gainetik. Alde batetik, Loiolako Basilikan Jose Inazio Munilla gotzainak meza santua emango du. Ohikoa izaten da meza honetara Lakuako Gobernuko kideak gerturatzea. Hori dela eta, Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak elkarretaratzea deitu du Loiolan 10.00etarako.

Azpimarratzekoa den beste kontuetako bat Bakailao Txapelketarena da. Laugarren aldia izango da aurtengoa lehiaketa egiten dutena, eta, antolatzaileen esanetan, izugarrizko indarra hartu du urteen poderioz. Edade ezberdinetako jendea biltzen da eta bertan sortzen den giroa azpimarratu nahi izan dute.

Ekimen horiez gain, egunerokoa. Zezenek zati handia dute egitarauan, 12.30ean egingo duten entzierroari 18.00etako zezen ikuskizuna gehitu behar baitzaio. Ginera, zezen txikiekin jolasteko aukera izango dute txikienek zekorketen ordu berean Done Jakue kalean.

Goiz partean prestatuko dituzten bakailaoekin, herri bazkaria egingo dute Azoka plazan 14.30ean. Bazkariaren ondoren bi aukera izango dituzte: mus partida bat jokatzera joan Sanagustin kulturgunera edota 19.00etan irtengo den Los Pasai txarangarekin kalejiran irtetea.

Jaiak amaitzeko, indar handia jarri nahi izan dute gaurko gaueko ekitaldietan. Alde batetik, Goseren kontzertua izango da txosna gunean, eta, beste aldetik, Celtas Cortos taldea izango da Plaza Nagusian. Gaurkoan, berriz, Asegarceko pilotarien txanda izango da. Azkenik, Zamorano Caballer pirotekniak alaituko ditu herriko zeruak kolore ezberdinetako argiekin. Ekaitzaren ostean, barea.

KONTZERTUAK

Geratzen diren bi egunetan sekulako kontzertuak izango dituzte aukeran Azpeitiko kaleetara gerturatzen direnek. Esne Beltzak joko du gaur Plaza Nagusian eta bihar Goseren txanda izango da txosnetan.

ALDARRIKAPENA

Gaur gauean Gazte Independentistek ekitaldia egingo dute txosnetan. Horrez gain, Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak elkarretaratzea deitu du Loiolan bihar goizerako, «eskubide guztien jabe euskal presoak Euskal Herrira» lemapean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo