GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

MOBILIZAZIOAK ERREPIDE ETA ITSASBAZTERRETAN

Urtero lez, egunero lez, presoen alde

Egun eguzkitsua izan zen atzokoa. Eta eguzki izpien goxotasunaren babesean zeharkatu zituzten milaka lagunek euskal geografiaren makina bat hondartza eta errepide. Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzera atera ziren kalera, Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatuta.

p002_f02.jpg

Ana ABARIZKETA

Urtez urte, eta uztailaren azken asteburuan, Euskal Herriko hondartza zein errepideak euskal preso politikoen eskubideen aldeko erakusleiho bihurtzen dira. Askoren oporrak hasi berri, errepideak autoz gainezka eta hondartzak leporaino beteta egoten dira egunotan. Aisiaz gain, hala ere, milaka kilometrotara kokatuta dauden espetxeetan aurkitzen diren senide nahiz adiskideen eskubideak aldarrikatzeko egun aproposak ere badirela erakutsi zuten atzo.

Urtez urte errepikatzen diren irudi hauek, aurten ekimen eta lelo berri baten baitan etorri dira, Egin Dezagun Bidea ekimenak «Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira» etorri behar direla aldarrikatu baitzuen atzo han eta hemen.

Sakabanaketari, aski da

Goiz eta eguerdi partean burutu ziren mobilizazioak. Eguzki izpien goxotasunean, 12.00ak aldera abiatu zen 130 lagunez osatutako giza katea Gasteizen. Artiumetik martxa hartuta, eta Katedral Zaharra eta Alde Zaharra zeharkatu ondoren, Andra Mari Zuriaren plazara heldu ziren parte-hartzaileak, elkarretaratzea egiteko.

Bai Gasteizen, baita beste txokoetan ere, Euskal Herrian bizi den momentu politikoa izan zuten gogoan. Horrela, Egin Dezagun Bidea ekimenak agertoki demokratiko baten bidean preso politikoek eta iheslariek pairatzen dituzten eskubide urraketak gainditzea ezinbestekoa dela gogoratu zuen, eta, era berean, indar metaketa eta konpromiso zehatzen aldeko hautua berretsi zuen, betiere, sektore, eragile, profesional eta pertsona ororen inplikazioa bultzatuz.

Hendaian, esaterako, Kasino Zaharrean bildu ziren 220 pertsona, baita Biarritzeko hondartzan eta Donibane Lohizunen ere. Donostian, berriz, Kontxa, Ondarreta eta Zurriola hondartzak zeharkatu zituzten 300 bat lagunek presoen aldeko ikurren babesean. Deba -150-, Zarautz -360-, Hondarribia -92- eta Mutrikuko itsasbazterrak ere zeharkatu zituzten herritarrek. Atzo, gainera, hondartzak bete-beteta zeuden.

Bilbon, bizikleta martxa egin zuten 300 lagun inguruk, Arriagatik Guggenheimera, museoaren aurrean elkarretaratzea egiteko. Lekeition -200-, berriz, herritik Karraspiorainoko buelta egin zuten, eta, handik, berriro herrira, mokadutxo bat egin eta ekitaldi bati hasiera emateko. Ondarroa -304-, Bermeo -30-, Bakio -116-, Muskiz -100- eta Mundakako hondartza eta txokoetan ere antzeko irudiak ikusi ziren, baita Ean -97- ere. Laidako -80- eta Lagako -46- hondartzak ere elkartasunaren lekuko izan ziren. Baita 110 lagun bildu zituen Sopelakoa ere.

Horrenbestez, Euskal Herri osoko txokoetan gogorarazi zuten euskal jendartearen gehiengo zabalak egiten duela bat euskal preso politikoen eskubideekin, baita presoek jasaten dituzten muturreko neurriak bertan behera uzteko eskaerarekin ere. Hala, sakabanaketa amaitzeko, bizi osokorako zigorra ahalbidetzen duen doktrina bertan behera uzteko eta larri dauden preso gaixoak askatzeko aldarrikapenak ozen entzun ziren atzokoan.

Errepideak ere gogoz bete ziren jendez, eta edonon ikus zitezkeen hizkuntz ezberdinetan idatzitako esaldiak zubi edo bestelako euskarrietara lotuta. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez, katalanez, ingelesez edota arabieraz idatzita, besteak beste. Durangon, A-8an, bidesari parean elkartu ziren herritarrak; Abanton, berriz, gasolindegi parean -80-; eta, N-1 errepidean ere antzeko, Ordizia, Beasain eta Etxegarate artean 300 lagun inguru egon baitziren gutxi gorabehera. Araia eta Aguraingo -40- zubi parean ere izan ziren herritarrak. Villabonako gasolindegitik Iruraraino 100 lagun inguru bildu ziren, eta Alegiako gasolindegitik aurrera beste 100 lagun inguru. Lezoko -40- errepideak ere hartu zituzten herritarrek. Irungo Ficoban -50- ere elkartu ziren.

Uztailaren azken larunbatean, Euskal Herriko plazetara ere iritsi zen elkartasuna, Errenteria -55-, Azpeitia -hamarka lagun- edo Arabako Lautadan -30- batu baitzen jendea. Kalera atera ziren milaka lagunek, beste behin ere, euskal preso politikoek pairatzen duten egoera larria lau haizetara zabaldu zuten.

 

PICASSOREN «GUERNICA»

Gipuzkoako kostaldeko Debako hondartzan, Picassoren margolanik ezagunenetarikoa den «Guernica» egin zuten hondarrez. Erdi-erdian euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen duen ikurra jarri zuten.

AIREPORTUAN ERE BAI

Leku ugaritan aldarrikatu zituzten atzo herritarrek preso politikoen eskubideak. Loiuko aireportura ere gerturatu ziren 25 lagun. Bidaiarien artean informazioa banatzeaz gain, indarrean dagoen espetxe politika salatu zuten.

HIZKUNTZA UGARITAN

Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzen dituzten makina bat kartel jarri zituzten errepide, hondartza eta plazetan. Horietako asko euskaraz zeuden, baina beste asko gazteleraz, frantsesez, ingelesez edota arabieraz.

IRAILAREN 17RAKO DEIA

Egin Dezagun Bidea ekimenak manifestazio nazionala deitu du datorren irailaren 17rako. Atzo zabaldutako mezuarekin bat eginez, «Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira» lelopean egingo uda amaierako manifestazioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo