Antzina bezala, burdina belaz banatuz
Ondarroatik Urdazubira, espedizioan doaz zortzi lagun «Brokoa» ontzian, XIII. eta XIX. mendeen artean Bizkaiko minerala euskal burdinoletara eramateko erabiltzen zituzten itsasontzien erreplika ederrean. Kabotajean, hau da, kosta begi-bistatik galdu gabe, Oriotik Donibane Lohizunerako bidea egin zuten atzo, eta gaur Azkainera abiatuko dira.
Maider IANTZI | ORIO
Kabotajea kosta begi-bistatik galdu gabe nabigatzeko sistema da, itsasbidea lurmuturretik lurmuturrera segituz. XIII. mendetik XIX. era arte hala banatzen zuten Bizkaiko minerala Euskal Herriko burdinoletan. Itsas Begia elkarteko kideek azaldu zigutenez, ohiko jarduera izaten zen, XVI. mendean Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako burdinolek Europa osoan kontsumitzen zen burdin guztiaren %10 ekoizten baitzuten.
Ziburuko elkarte honek euskal itsas ondarea zaintzen du, eta Enkarterrietako Museoarekin batera eta bertzeak bertze Eusko Ikaskuntzaren parte-hartzearekin, Bizkaiko III. Burdin Kabotajea antolatu du. Ostegunean hasi zuten espedizioa Ondarroan, eta Orio, Donibane Lohizune eta Azkaine pasatuz larunbatean Urdazubiko burdinoletaraino ailegatzea dute helburu.
Udan, Somorrostroko burdina banatzeko ibilbideak egiten zituzten ehunka belaontzien kopia fidagarrienean doaz, «Brokoa» izeneko ontzian. Itsasontzi hau Itsas Begiaren altxorra dela nabarmendu zuten bertako ordezkariek, ondare historikoak berreskuratzeko lanean egindako lorpenik handienetakoa. 1992an eraikiarazi zuen elkarte honek, Zokoa-Ziburuko Hiruak Bat ontziolan, eta gero, Donostiako Aquariumean gorde zuten. Frantses Estatuak BIP (Ondare Intereseko Ontzia) kategorian sailkatu du, eta nazioarteko hainbat lehiaketetan ere sariak jaso ditu euskal itsasontzien ordezkari gisa.
Ontzi honen gainean zortzi marinel doaz laneko arropak soinean, ahalik eta errealisten interpretatzeko antzina garrantzi handikoa izan zen jarduera hau. Dokumental bat ere grabatzen ari dira. Urdin Elortza tripulazioko kide oñatiarrarekin mintzatu zen atzo GARA, eta adierazi zionez, hagitz ongi doa espedizioa. Ostiralean atoian sartu ziren Oriora, hau da, traineru batek lagunduta, antzina egiten zen bezala. «Nahiko kosta zitzaigun, korrontea kontra genuelako, eta hasieran motorra erabili behar izan genuen laguntzeko», agertu zuen Elortzak.
Atzo herri honetako burdinaren merkataritzaren inguruko hitzaldia eman zuen Ana Maria Benito Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, eta une hunkigarriak ere bizi izan zituzten Jose Mari Bereziartua Oria ibaian nabigatu zuen azken txalaneroak aspaldi bezala garraiatu baitzuen minerala. Bere arbasoak ere txalaneroak ziren eta galtzen ari den lanbide honen balioa aitortu nahi izan zuten ekitaldi honekin.
Elortzak aipatu zigunez, pixka bat aurreratu egin behar izan zituzten ekintzak, itsasoa ez zelako hagitz egokia, eta pentsatua zutena baino lehenago abiatu ziren Oriotik Donibane Lohizunera. Bidean harrapatu genituen guk. Itsasoan sakabanatutako belaontzi ugarien artean nabarmendu egiten zen martxa politean zihoan ontzi historikoa.
Aste honetan izan den eguraldi txarraren ondorioz, Portugaleten hasi beharrean Ondarroan hasi zuten bidea. Bertan, harrera polita egin zieten herritarrek, sirenak jo eta jo euren etorrera iragartzeko. Jendeak interesa baduela ikusten dute eta kontent daude horregatik. «Batez ere kabotajearen gainean zer edo zer dakien jendea hurbiltzen zaigu, itsasoarekin harremana duena. Ondarroan eta Orion galdetzera eta begiratzera etorri zaizkigu; batzuek ezagutzen dute nabigazio sistema honen historia, besteek ez. Ez da jende asko ere, baina nahikoa», adierazi zuen Elortzak. Tokian tokiko jendearekin bakarrik ez, euren artean ere primerako giroa dute. Itsas Begia elkartea Ziburukoa izanik, gehienbat inguru horretako lagunak dira, Ziburu bertakoak, Azkainekoak.. Eta tartean da Oñatikoa.
Gaur, Azkainera ailegatzeko, txalupaz aldatu beharko dute, «Brokoa» itsasokoa baita eta errekaz goititu behar baitute Lapurdiko herri honetara. Errekako portura iritsiko dira. Gauak pasatzeko udalekin solas egin dute eta kiroldegietan egiten dute lo, koltxoneten gainean.
Ekimenaren antolatzaileek aitzineko bi urteetako esperientziak oroitarazi zituzten. Horietan ere «Broko»a txalupa Somorrostroko meaz kargatu, eta burdin mearen kargaleku izandako lekuetaraino (edo gutxi gorabeherako kokalekuetaraino, hobeki erranda) joan ziren marinelak, Barbadun eta Urdazuri itsasadarrez itsasadar lotuz. «Euskal Herriko hainbat historialarik eta ikertzailek gidaturik, tripulazioak eta publikoak balio handiko itsas ondare materiala deskubritu eta baloratu zuten, kai ohien kokalekuak, burdinolen aztarnak eta biltegi bat bisitatuz», ekarri zuten gogora.
Aurten ere «arkeologia esperimentala» praktikatzen segitzen dutela gaineratu zuten, helburu argi batekin: «XIII. eta XIX. mendeen arteko ohiko industria jardunean burdinaren garraioari lotutako ondare material eta ukiezina berreskuratu eta interpretatzea». Burdinaren itsasbidearen balioa indartu nahi dute, bizkaitarrek, gipuzkoarrek eta baztandarrek zazpi mendez egin duten jarduera ekonomikorik garrantzitsuenaren oinarrizko elementu gisa.
«Udako ur bareei esker, txalupak meaz mukuru betetzen ahal ziren etekin ekonomikoak hobetzeko gisan. Ontziek 400 kintal burdin mea eramaten zituzten. Hasiera batean txalupak, pinazak, eta geroago legak zein patatxak ziren gehien erabiltzen zituzten tipologiak. 15-30 tonako edukiera, 15-20 metroko luzera eta 3-4 metroko zabalera zeuzkaten», zehaztu zuten Burdin Kabotajearen antolatzaileek. Gaineratu zutenez, burdin mearen edo zainaren (hematite gorria) itsas garraioa merkeagoa eta zaluagoa zen Barbadun eta Nerbioiko itsasbazterretan zeuden meategi zolako kargalekuetatik burdinolen ondoan zeudenetaraino.
1499. urtean Bizkaiko jaurerriak mea gordinaren edo zainaren esportazioa «kanpoko erresumetara» debekatzea lortu zuen. Eta orduz geroztik, neurri ezberdinetako barratan landutako burdina izan zen Espainiako Erresumatik esportatzen zen bakarra. Kontrabandoari esker erraz saltzen zen zaina, ordea, eta portuko ikuskatzaile batzuk izendatu zituzten hori kontrolatzeko, «Billeteroseko auzapezak deitzen» izenez ezagutzen zituzten horiek herritarrek.
Geroago, jada XVII. mendearen hasieran, Bizkaiko jaurerriak zortzi maraiko ariela inposatu zuen esportaziorako ontziratzen zen burdin kintal bakoitzeko, zaina garraiatzen zuten itsasgizonen, olagizonen eta merkatarien artean desadostasun luzeak eraginez. Kontrabandoak ere goiti egin zuen.
XVIII. mendean burdinaren eskariak gora egin zuen, baina Ingalaterraren aurkako gerra etorri zen gero, Europako krisi ekonomikoa, baita gainbeherak ere burdinolen atzerapen teknikoa zela-eta. Behera eta behera egin zuen XIX. mendean Euskal Herriko ohiko burdingintza desagertu zen arte.
Oraindik ehun bat burdinola gelditzen dira Bizkaian, Gipuzkoan eta Baztanen, hagitz hondatuak, ordea. Mendeetan jo eta ke lanean aritu ziren 300 burdinola baino gehiagoren aztarnak dira. Gutxi batzuk zaharberritu egin dituzte berrabiatzeko; Muskizeko El Pobal, Legazpiko Mirandaola eta Aiako Agorregi, adibidez.
Nabigatzaileek aitzinera segitzen dute euren bidean, jendeak hainbertze ezagutzen ez duen itsasoko ondare aberats hau ezagutarazten. Azkainetik Urdazubira joko dute eta Nafarroako herri honetan bukatuko da ekimena larunbatean, abuztuaren 6an. Mearen segizioa idi-gurdi batekin, olagizonen azterketa, Gonzalo Duoren hitzaldia, bazkaria, bisita gidatua eta ekitaldi gehiago iragarri dituzte.
Itsas Begia elkarteak euskal itsas ondarea zaintzea du xede. Ziburun sortu zen 1981ean, eta ehun bazkide baino gehiago ditu egun, Ziburu, Donibane Lohizune, Urruña, Azkaine eta inguru hartakoak. Itsasoarekin lotutako historia zabala ikertu, maketa lanak egin, nabigatu eta kultura hedatzen dute. Aipatu dutenez, gazteen artean emaitza onak lortzen ari dira erakusketa, hitzaldi eta bertzelako ekintzen laguntzaz. Eta parte hartu nahi duten guztientzat ateak zabalik dituztela oroitarazi dute: itsas.begia@wanadoo.fr helbidera idatz dezakete interesa dutenek.