GARA > Idatzia > Kultura

Batelariak eta badia, jaietako azken egunaren protagonista nagusiak

Lehenengo egunetan eguraldi goibelak zenbait ekitaldi zapuztu eta egunez aldarazi bazituen ere -joan den astelehenerako prestatuta zegoen paella jatea, adibidez, atzo egin zuten-, festarako gogoa ez da itzali Pasai Donibanen. Azken eguna da gaurkoa, eta herritarrentzako esanguratsuak diren zenbait hitzordu daude egitarauan: batelarien desfilea eta estropada eguerdian, edota gazte eta helduen danborrada ilunabarrean. Biak badian egingo dituzte.

p060_f02.jpg

GARA | PASAIA

Pasai Donibaneko jaiak gaur amaituko dira, San Inazio egunerako prestatutako ekitaldi eta ospakizunekin. Egun garrantzitsua da, jende andana erakartzen duena, eta batelariak eta itsasoa ardatz dituena.

Goizeko bederatzietan esnatuko du herria dianak, baina modu berezian. Izan ere, Konstantzia banda ez baita kalez kale abiatuko; atoiontzian ibiliko da aurrena, gora eta behera badian, herritarrak musika doinuz esnarazteko helburu zintzoan. Segidan, 10.00ak aldera, txistulariak hasiko dira kalejiran.

Eguerdian iritsiko da eguneko hitzordurik esanguratsuenetakoa. Meipitik hasita, eta Konstantziaren doinuek lagunduta, batelariek desfilea egingo dute. Batelen estropadan parte hartuko duen lagun talde bakoitzak bere pankarta edo txartela eramango du, eta atzetik joango dira arraunlariak -hiru edo lau lagun joan ohi dira ontzian-. Behin herriko plazara iritsitakoan, 12.30ak buelta horretan, ontziratu egingo dira eta estropadari hasiera emango zaio.

Arraunketa lehia bukatutakoan, berriz, batelarien zortzikoaren txanda iritsiko da, eta noski, segidan sari banaketa.

Batelariek beste sari bat ere izango dute egindako lanaren truke: guztientzako bazkaria izango dute Yola elkartean.

Gaztetxoenen txanda

Arratsaldeko egitaraua bostak aldera abiatuko da, oraingoan gaztetxoenei zuzendutako ekitaldiekin. Aurrena puzgarriak izango dituzte plazan, eta jauzika galdutako indarrak berreskuratzeko, askaria 18.30ean.

Sabela gozo-gozo bete eta gero, Kidan magoa bertaratuko da plazara. Ikuskizun berezia eskainiko die haurrei.

Arratsean hasi eta goizaldera arte, berriz, dantzarako aukera izango dute pasaitarrek Modestorekin.

Alabaina, ez dira horiek izango gaur Donibanen entzun ahalko diren musika doinu bakarrak. Izan ere, 10.30ean gazte eta helduen danborradaren txanda izango da, baina berezia hau ere. Pasai txarangak lagunduta, danbor jotzaileek badian egingo dute saioa, atoiontzian. Eta su festa ere, 23.00etan, badian egingo du Zaragozana etxeak. Jarraian, danborradak kalez kale jardungo du. Eta festei merezitako amaiera emateko -nahiz eta dantzaldiarekin gaua luzatzeko aukera egongo den-, ikurrinaren jaitsiera egingo dute.

Donibanen ez dute zorte handiegirik izan aurtengo jaietan. Joan den igandean hasi ziren, eta, jakina denez, Euskal Herriko kostaldea eguraldi traketsak kolpatu du asteon. Euriaren eraginez, zenbait ekitaldi egunez aldatu behar izan dituzte: esate- rako, asteleheneko paella jate herrikoia atzo egin zuten.

Hala ere, euriak bake apur bat eman duenean, herritarrek bereziki gozatu dute. Asteazkenean, sardina jatea arrakastatsua izan zen -ohi denez- eta DJ Bullen emanaldia goizeko ordu txikietaraino luzatu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo