GARA > Idatzia > Kultura

Orga desfilea eta behi lasterketa, bestaren animazio tradizionalak

Gaur bukatuko dira Baionako bestak. Bost eguneko jaietan, atzokoa izan zen gaurik jendetsuena. Gaur, berriz, atsedenaldirako eta lagun arteko bazkariak egiteko eguna izanen da gehienbat. Halere, horretara iritsi aurretik bada zer aipaturik Baionako besten inguruan, bereziki ostiral gauean iragaten den orga desfile arrakastatsua. 1932an hasi ziren jaietan orga desfilea egiten, eta, ostiralean, berriz ere, hamar orga jigante eta argitsuk zeharkatu zituzten hiriko karrikak.

p062_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Ohiko poteotik kanpo animazioak ere anitzak izaten dira bestetan. Batzuk bezperan inprobisatutakoak dira; beste batzuk, berriz, egitarau ofizialean aspaldi finkatutakoak.

Inprobisatua ematen zuena, atzo, Baionako Santa Espiritu auzoko plazan aurkitutakoa zen. Erretiratu talde bat, bertatik igarotzen zirenak egurrezko boloekin jokatzera gomitatzen. «Emazue izena lehiaketan parte hartzeko, sari ugari daude», esaten zieten hurbiltzen zirenei urdaiazpiko, arno botila eta bestelakoekin osatutako sari zerrenda luzea gogoan. Eta, deia luzatu bezain laster, ehun bat lagun izan zituzten inguruan boloetan jokatzeko.

Ekitaldi ofizialaren barruan, jaiak bezain zaharra den lehen orga desfilea egin zen atzo gauean. 1932an egin zen, izan ere, lehendabizikoa, eta, ondotik, larunbat eta igande gaueko egitarauaren momentu garrantzitsu gisa finkatu da. Hamarretatik goiti, elkarte edo lagun taldeek landuriko orga erraldoiek zubia zeharkatu eta Herriko Etxera bitarteko desfilea egiten dute. Ekimenak, 300.000 lagun elkartu ohi ditu karriketan. Eta, aurtengoan ere, asko izan ziren orga dirdiratsuak preziatzera gerturatutakoak.

Munduko herriak gaitzat hartuta, hamar elkartek eman zuten izena aurtengo edizioan parte hartzeko. Hiru hilabete eman dituzte orgak prestatzen. Ahalmen urriko helduak gizarteratzeko lan egiten duen Evah elkarteak izan zuen aurtengo desfilea irekitzeko ohorea.

Egipto, Txina eta Brasil

Evah elkarteko kideek Egipton girotutako orga aurkeztu zuten. «Guztiak lanean aritu gara azken hiru hilabeteotan. Elkarteko kideak, baina baita hezitzaileak, langileak eta administrariak ere. Taldean aritu gara lanean eta oso aberasgarria izan da. Egipto aukeratu dugu, oso ezagunak diren irudiak baititu», azpimarratu zuen Iñaki Zaldunbide elkarteko hezitzaileak.

Larunbatean, San-Federiko auzoko hangar batean hiru hilabetez egon diren orgak harro-harro atera zituzten parte-hartzaileek. Brasil eta Txinari buruzko orgak ere ikusi ahal izan zituzten bertaratutakoek.

Orga desfilea ez da egitarauan dagoen tradizio zahar bakarra. Izan ere, San Andres plazan, arratsaldero, 17.30ean, behi lasterketak izaten dira. Ordubetez, zezen plaza baten itxura hartzen du San Andres plazak eta bestazaleei behiekin jostatzeko tarte bat eskaintzen die.

Milaka lagunez betetzen da plaza, eta, ondorioz, gutxik izaten dute behiaren muturra ikusteko aukera! Michelek 55 urte ditu, eta urte ugari daramatza behi lasterketetara hurbiltzen. «Bestetan gehien gustatzen zaidan momentua da. Ekitalditik kanpo pizten dizkidan oroitzapenak ditut maite», erran zuen. Plaza gaur egun bezain hesiturik ez zegoen garaia gogoratu zuen gehienbat.

«Usu behiak plazatik eskapatzen ziren, eta, hala, gertatu da behin baino gehiagotan inguruko ostatuetan sartu izana ere. La Treille ostatuan bereziki askotan gertatzen zen», zehaztu zuen irribarrez.

MUSIKA

Musika nonahi eta noiznahi entzun daiteke bestetan. Baina entzuten diren doinu guztien artean, bandak izaten dira preziatuenak. Bazter guztietatik hurbiltzen dira Baionara bost egunez jo eta ke aritzeko.

ATSEDEN GUNEAK

Bestazaleek jaiaren ondotik atseden hartu ahal izateko hiru gune jarri dituzte hirian: Reduit plaza, La Poudriere eta Euskaldunen plaza. Bestazaleei laguntza emateko elkarteak ere bertan biltzen dira.

GARRAIOA

Ipar Euskal Herriko herri nagusietatik autobusak antolatu dituzte Baionara joateko. Barnealdeko herritar askok autobusa erabiltzen dute jaietara hurbiltzeko. Lapurdi kostaldekoek, berriz, trena.

Apezekin «Diablotin» edo «Judas» koktelak edaten

Apez eta giristinoek ere bestez gozatzeko gunea daukate. Gosse karrikan, «Bar du Curé» (Apezaren Ostatua) ireki zuten orain dela urte asko. Luzaz itxirik egon ondoren, azken urteotan berpiztu dute bestazaleek, mozkorkeriatik ateratzeko gune bat proposatuz, eta bestei bitxikeri bat gehiago gehituz.

Sotanaz jantzirik, baina lepoko eta gerriko gorriarekin, Bertrand apezak die harrera egiten bertaratzen direnei. Euskal pastiza zatiak euro batean saltzeaz gain, ohiz kanpoko koktelez osaturiko karta luzatzen diete bezeroei. Alkoholik gabeko koktelak dira, zukuz egindakoak. «Diablotin» izenekoa limonada marrubi eta menta siropaz osatuta dago, «Vatican kopa» lirandia eta platano zukuz, eta, «Don Camillo» izenekoa, mertxika eta abrikota zukuz.

«Bar du Curé» ostatuaren eskaintza anitza eta zabala da. Zukuak baizik ez dituzten «Don Camillo» edo «Vaticano kopa» gozoekin, zenbait koktel landuago ere aurki daitezke. «Judas» izena jarri diote bati eta limoia, menta siropa eta izotza ditu; «Sacristainek», berriz, marrubi siropa, izotz txikitua eta zukua.

Edari guztiak merke-merke saltzen dituzte: garestienek euro bat balio dute. Eta, gosea dutenek, gainera, euskal pastiza eta gozokiak jateko aukera izanen dute 0,50 euroren truke. «Egunero irekitzen dugu. Gazteak etortzen ahal dira pausaldi bat egiteko», erran zuen Pierrek. Pausatzearekin batera, meditatzeko eta erlijioaren gaineko informazio jasotzeko aukera ere badute.

A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo