GARA > Idatzia > Kultura

«Bizia da besta, baina, batzuetan, errealitatera itzuli behar da»

p064_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA
 
Huts eginezina da Iñaki Ithurbisque Donibane Lohizuneko Bordatxo ostatuko ostalaria jaietan dabiltzanentzat. Baionako bestekin harreman estua dauka txikitatik, eta Sokoan bizi bada ere, aitaren aldetik dituen baionar jatorriak Lapurdiko hiriburura lotzen du. Bere lagun kuadrillarekin pote zenbaitzuk edaten zebilela, poteoa une batez jarraitu genuen elkarrekin, eta, bota zuen: «Bestak bizia dira!». Ostirala zen, ordu biak pasata ziren eta Espainia karrikako Zuzulu ostatuan zegoen gozatzen. Bost ordu lo eginik, Donibane Lohitzuneko ostatua bertan utzi, eta itzuli zen bestara bezperako alkohol graduak arras galduak ez zituela. «Atzo baino mozkorragoa esnatu naiz goiz honetan», erran zuen harriturik. Bestaren surrealismoan murgildua jarraitu nahi zuen Iñakik. «Bizia da besta, baina, batzuetan, errealitatera itzuli behar dugu», erran zuen.

Donibane Lohitzuneko lagunarentzat besta egitea ongi pasatzea eta nerabe garaia berreskuratzea da. «Eta, aldi guztietan, oso ongi lortzen dut», gehitu zuen. Txapel dotorea erosia zuen eguzki izpiez babesteko, eta, neskekin, umore onez, ligatzeko.

«Birus bat da besta: zure baitan daukazu edo ez duzu», azpimarratu zuen. Horrekin, besten antolatzaileek finkaturiko Umeen Eguna salatu nahi izan zuen. «Haurren Eguna umeei besta egiten erakasteko dela diote. Horrek ez du deusetarako balio. Besta ez da ikasten den gauza bat. Barnean duzu edo ez, besterik ez», aldarrikatu zuen.

Salaketa handi horren ondotik, besten muinean sartu zen bere plangintza azalduz: «Ostegunean, eguerdian, hasi ditut jaiak lagun batzuekin; ostiralean, berriz, beste lagun batzuekin elkartu naiz, eta, gaurkoan, igandea, nire azken eguna da eta bikotekidearekin etorriko naiz».

Zuzen zer egiteko datorren bestetara aipatzerakoan nahiko bitxiki hartu zuen galdera. «Ba, egunero gauza berdinak egiten ditut. Edan! ez, bistan da, ongi pasa, dantza egin, eta, batzuetan, baita erori ere, eta neskak xarmatu! Baina, orain ezkondua naiz», goraipatu zuen. Ibilaldi zehatzik ez du Ithurbisquek. Leku batean ongi dagoelarik, bertan lekutzen da bere hogei bat lagunekin.

Bestez dituen oroitzapen hoberenak haurtzarokoak dira. Aitatxik ile apaindegia zuen Baionan bertan. «Egun bateko ile mozketak egiten zituen. Bestaren erdian, bestazaleek, mozkorrek, ilea eta bizarra mozteko tarte bat hartzen zuten. Oso gauza bitxia zen, eta gogoratzen naiz aitatxiri erraten niola: `Baina, zer dute, mozkorrak dira edo?'», bukatu zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo