GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ibai Iztueta Irakaslea

Euskara eta euskal identitatearen afera

Zergatik ez identitatearen kontzepzioari buruzko diskurtso bat -borondatea- ala bestea -hizkuntza-, egoera, kasuaren arabera erabili?

Pixka bat sinplifikatuz, esan liteke identitatearen inguruko eztabaida antagonikotzat har daitezkeen bi kontzepziok antolatu eta baldintzatzen dutela. Hala, mutur batean, identitatea sentimenduarekin edo borondatearekin lotzen duten teoriak dauzkagu; eta bestean, berriz, identitatea «objektiboak» diren ezaugarriek determinatzen dutela diotenak, hau da, lurraldeak, larruazalaren koloreak, hizkuntzak eta horrelakoek.

Arras da interesgarria ohartzea identitatearen funtsari buruzko gogoeta hauei, tradizio ilustratu frantsesaren eraginez-edo, automatikoki nola bestelako nozio eta balio batzuk ere erantsi ohi zaizkien.

Hala, identitatea eta sentimendua lotzen dituen ikusmoldea, besteak beste, «unibertsaltasuna», «gizartea», «arrazoia» edota «borondatea» bezalako nozioekin lotzeko joera izaten da, eta, ildo beretik, tolerantzia, elkartasuna edota irekitasuna eta gisako balio aurrerakoiak egozten zaizkio.

Aitzitik, identitatea ezaugarri jakinen baldintzapean jartzen duten iritziak «partikulartasuna», «herria», «mistika» edota «esentzialismoa» bezalako nozioekin elkar harturik iritsi ohi zaizkigu maiz, eta aurkakorik arrazoitu ezean behintzat, bazterketaren, beldurraren eta itxikeria eta gisako balio atzerakoiak leporatzen zaizkie.

Praktikotasun hutsaren aldetik begiratuz gero, identitateari buruzko bi uste hauei arestian aipaturiko balioak automatikoki eranstea, zenbait tokitan, zenbait kasutan, osasuntsua delakoan nago. Baina iruditzen zait beste zenbait tokitan eta beste zenbait kasutan problematikoa eta injustu samarra gertatzen dela.

Har dezagun, esate baterako, Frantzia. Frantzia batean, zenbait kasutan, identitatea borondatearekin lotzen duen diskurtsoaren balorazio positiboa benetan estimatzekoa izan daiteke. Begi bistakoa dirudi honek kolonia izandako lurralde arpilatuetatik metropolira iristen den jendearen kasuan. Frantses hizkuntzarik, azal zuririk eta kristautasunik gabe, ezer gabe, bizi hobe baten bila dabilen jendeari «frantsestasuna» -eta dagozkion eskubide zibilak- euren frantses izateko borondate hutsaren arabera aitortu behar zaiela defendatzea gauza ona da: gizabidea da.

Ordea, aipatu bi muturrak bereizten dituen planteamendua -eta Frantziatik urrutira joan gabe- problematikoa gerta daiteke beste toki batzuetan. Adibidez, Euskal Herriak bezala estaturik ez daukaten herrietan, integrazioaren auzia hizkuntzaren galera dakarren asimilazioarenarekin batera aurkezten baitzaigu.

Kontua da identitateari buruzko eztabaida Euskal Herrian oinarri hauen arabera planteatu eta abiarazteak ataka zailean uzten duela euskara bezalako hizkuntza baten sustapena. Izan ere, aurkezten diren bi aukera diskurtsiboek dituzte hutsune garrantzitsuak, besterik ez bada ere, estrategia mailan.

Euskalduna euskaraz egiten duena baino ez daitekeela izan botatzea, berez, astakeria ez da; ni neu -gutxi gorabehera- uste horretakoa naiz. Baina identitateari buruz berriketan, bide honetatik jo nahirik ideia hau orokortzeko asmoz dabilenak, gaur egungo egoeran, euskaraz ez dakiten abertzaleak zapuzteko motibo sendoak eman ditzake, eta, gainera, izango du esku bete lan eta nekatuko da munduaren kontra ikuspegi «esentzialista» honi tradizioak erantsi dion balorazio negatiboari buelta ematen. Einsteinek esana omen, aurreiritzi bat atomo bat baino zailagoa dela desintegratzen.

Bestalde, euskal identitatea herri jakin baten parte izateko borondate hutsera muga daitekeela esatea gezurra ere ez da, eta, gainera, «irekitasunarekin» loturiko balio positiboen haizea du alde. Arazoa da erosoen erdaraz sentitzen diren hainbeste abertzale dauden garaiotan, diskurtso hau orokortu eta borondateari lehentasuna ematen badiogu, erdaraz bizi den «euskaldunaren» identitatea normalizatzeko aukerari ateak parez pare zabaltzen dizkiogula eta, ondorioz, baita euskararen subordinazio egoera normalizatzeko posibilitateari ere.

Beraz, ez ikuspegi bat ez beste orokortzeak ez badigute osoki balio, orduan, zer egin? Auskalo. Dena den, orain artean esku artean izan dugun kontuari dagokionez, esango nuke bi ohar sotil gogoan hartzea beharbada emankorra izan litekeela.

Bat: onuragarri izan liteke arestiko bi ikuspegiok modu antagonikoan ulertu ordez, bata bestearen osagarri esplikatzea. Alegia, batak ez daukala bestea zertan kendu. Abertzaleon artean -herri hankaperatua izatearen ajeak- batzuk euskal hiztunak gara eta beste batzuk erdaldunak. Elkarren premian gauden arren, halabeharrez, hizkuntza eta identitatea modu ezberdinean bizi ditugu eta horregatik errealitate hauek esplikatzeko beharrezko ditugun diskurtsoak ere ezberdinak dira. Batzuentzat pozoi dena besteentzat sendabelar izan liteke, eta alderantziz. Beraz, zergatik ez identitatearen kontzepzioari buruzko diskurtso bat -borondatea- ala bestea -hizkuntza-, egoera, kasuaren arabera erabili?

Eta bi: maiz, abiapuntuak berak baldintzatzen duela helmuga esaten da; nondik hasi, han amaituko dugula, ezinbestean. Antza denez, gogoeta eta eztabaida identitatea zehazteko garaian hizkuntzak zein toki betetzen duen galdetzetik abiarazteko joera da nagusi. Bada, euskal hiztun garen aldetik, bereziki, uste dut abantaila handia genukeela hizkuntzak identitatearentzako zer esan nahi duen galdetu ordez, eztabaida abiarazten deneko hurrenkera noranzkoz aldatu eta euskararen erabilera normalizatzeko garaian identitateak zein eginkizun duen planteatzea. Alegia, gogoeta hizkuntzatik -eta ez identitatetik- abiarazteak euskal hiztunoi gauzak argiago ikusten lagunduko ligukeela uste dut. Eta, besterik gabe, «hala bazan ta ez bazan, sar dadila kalabazan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo