GARA > Idatzia > Kultura

NIK LAN ETA HIK JAI: EKAITZ KINTANA

«Uda triste honetan, eguzki eske nabil egunero»

p042_f01_097x136.jpg

Goazen igarkizunetara jokatzera. Lehen pista: urtero, falta barik, igerileku eta hondartzetan ageri dira, bainuzaleak freskatzeko edo izozki batez asetzeko. Oraindik ez dakizuela? Georgie Dann famatuak abestia egin zuen horien omenez. Barbakoa? Tira, hori ere ez. Txiringitoak dira, urteen poderioz uda parteko paisaia bilakatu direnak.

Hor dabil lanean gure protagonista gaztea. Ugaotarra triste dabil uztailean egin duen eguraldiagatik, baina filosofiaz hartzen du. Sinesgaitza egiten zaio, halere, txiringitoa hartzen duen lehenengo urtea izanda, «udarik goibelena atera behar izana». Udan eguzki eta bero handirik ez egitea ongi eskertzen dugu langileok; baina ulergarria da Kintana eguzki eske erreguka aritzea: «egun argitsuetan erantzuna positiboa da oso, baina aurten gutxi ikusi ditugu».

Kafe eta garagardoak zerbitzatzen iaioa da Kintana, zenbait tabernetan lanean ibilia baita, baina hortik, igerilekuko tabernan lan egitera, alde ederra sumatu du ugaotarrak. «Tabernan daukazun jokaera guztiz aldatu behar duzu». Tabernan gazteekin zuen tratua gehienbat, baina txiringitoan «umeak eta familiak» gerturatzen zaizkio. Ekaitzen pazientziak esker onez hartuko du aldaketa.

Estreinaldi gorabeheratsua

Debut guztien antzera, «zailtasunak eta ezustekoak» nonahi agertu zaizkio Kintanari. Halere, egoera latzetan agertzen dira lagunik onenak; jendearen erantzuna, orokorrean, txiringitoa ireki duen egun eguzkitsuetan, «oso positiboa izan da», eta horregatik, publikoarentzako «hitz ederrak baino ez dauzkat», dio.

Laudioko igerilekuan estreinatu da Ekaitz. Apustu indartsua. Ausarta. «Bai, txiringitoa hartzekotan, inguruko handiena hartu beharko, ezta?», dio barrezka. Halere, lan eskarga du egunero egin beharrekoa, eta ez da, ez, txantxetakoa, «hamar ordu inguru ematen ditut lanean, eta gehiago ere bai akaso».

Ordutegi finkorik ez. Hornitzaileekin batu, akordioak lortu, karga eta deskarga lanak... laguntza handirik gabe. Eramangaitza? «Ez, inolaz ere ez, nire apustua izan da, eta ondorio guztiekin onartu behar dut». Eta nekea? «Izugarria. Egunero birrinduta bukatzen dut, baina lan unipertsonalak halakoak dira». Lana osasuna dela diote batzuek.

Gurasoak kontu eske

Aurretik aipatu bezala, ume piloarekin dabil Kintana egun osoan hartu-emanean, «nahiko infantila banaiz neu ere, eta alde horretatik, ez daukat arazo handirik», dio umoretsu.

Guraso mordoak, atseden gozoan daudela, nagitasunak bultzatuta-edo, seme-alabak bidaltzen dituzte txiringitora. Baina Laudioko gaztetxoak biziak dira oso. Ekaitzi ordaindu, eta atzerakoak beraientzat hartzen dituzte, gurasoei ezer esan gabe. Irakurleak erraz igarriko ondorioak: «Harrituta geratu nintzen behin, emakume bat oihuka etorri zitzaidanean, bere alabari dirua lapurtzen ari nintzela esanez». Gaztearen motxilan aurkitu zituzten, ordea, sosak, eta «guztiz lotsatuta etorri zitzaidan ama, barkatzeko eta barkatzeko». Kalean uso, etxean otso, laudioar gaztetxoak.

Euskal Herriko eguraldiak hala nahi badu, eta eguzkia lozorrotik ateratzen bada, txiringitoek kostalde eta igerilekuak alaitzen jarraituko dute, Georgie Dannek abisatu bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo