GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Donostiako Piratek kaia izango dute aurtengo jai eremu nagusia

Urteetan nahi izan dute eta aurtengoan lortu dute: Donostiako festetako jai eremu nagusia kaia izatea. Udalarekin eta Lakuako Gobernuarekin negoziatu ostean lortu dute piratek euren helburua. Auzolana oinarri, herriak herriarentzat egindako jaiak direla esan daiteke. Jai eredu hori indartze aldera, Udalarekin gaia lantzeko asmoa dute.

p048_f01_204x113.jpg

Aimar ETXEBERRIA | DONOSTIA

Atzo egin zuten prentsaurrekoa Donostiako Piratek, urteetako nahia lortu dutela adierazteko: jai eremu nagusia kaia izatea. Bertan izango dira antolatutako ekitaldi guztiak. Azaldu zutenez, auzolana izan dute oinarri eta jendeak auzoetako batzarretan izandako parte-hartzea eskertu nahi izan zuten. Aste Nagusian, larunbatetik igandera izango dute zabalik La Flamenka gunea, horrela izendatzen baitute piratek euren jai eremua.

«Auzolana eredu, denon Aste Nagusian» izango da aurtengorako asmatu duten leloa, jai eredu hori bultzatuz, programa osatzen lagundu duten pertsonei eskerrak emateko modu bat izan daitekeelarik.

Piratek abuztuaren 13an hasiko dituzte jaiak: 20.00etan poteoa egingo dute txarangak lagunduta, Ezkila kapitainak bere denbora izan dezan txupinazoa preparatzeko. 22.00etan emango diote hasiera ofizialki piraten programari. Ezkila kapitaina uhartetik helduko da Aste Nagusia ospatzera eta bera izango da txupinazoa botako duena. Txupinazora hurbiltzen den oro pirataz jantzita bertaratzeko deia egin dute. Eguna amaitzeko, 3gabe2 berbena taldeak alaituko ditu kaira, La Flamenka gunera, inguratzen diren pirata festazaleak. Hala ere, ezin dena eman lehen egunean, astea luzea egingo baita bestela.

Egitarau oso-osoa

Urteroko ohiturei jarraituz, abuztuaren 14an Erromeria Eguna ospatuko dute Urgullen, eguneko familia giro goxoa helburu dutela. Bertsolari, bazkari, erromeria... izango dituzte gozagai bertara gerturatzen direnek. 19.00ak aldera jaitsiko dira La Flamenka gunera eta 23.00etan Bad Soun Sistem eta Lengua Alerta-ren kontzertuak izango dituzte.

Hilaren 15, astelehena, izango da egunik bereziena piratentzat. 08.00etarako hasiko dira baltsak muntatzen. Kaia leporaino betetzen dela-eta, txandaka egitea erabaki dute antolatzaileek, eta talde bakoitzak ordu eta erdi izango du bere «itsasontzia» muntatzeko. 14.00etan herri bazkaria egin, eta 17.00etan izango da hiria abordatzeko ordua. 19.00etan elektrotxarangaren laguntzarekin ibiliko dira Alde Zaharrean zehar eta 23.00etan Bongo Botrako eta Kantuki taldeek kontzertua eskainiko dute.

Asteartean, hilaren 16an, Umeen Eguna izango da. Tailerrak, jolasak, txokolatada, titiriteroak... Umeei txanda hartuta, bertso-poteoa hasiko da La Flamenkatik Unai Gaztelumendi eta Aitzol Barandiaranekin. Gauean kontzertu berezia izango da; izan ere, Piratek musika lehiaketa antolatzen dute talde gazteentzat, eta horko irabazleek joko dute: Skakeitan, Oreindik eta Gaueko Itzalak taldeek.

Hilaren 17an Jolasen Eguna izango da eta 18an Folk Eguna. Jolas, musika, kale animazio, marmitako lehiaketa... izango dituzte Kuadrilla Egunaren atarian. Egun horretarako, pirataz janztera deitzen dute eta kuadrilla bakoitzak bere bandera pirata egin dezala. Larunbata jai eguntzat hartu dute, nahiz eta La Flamenka 17.00etatik aurrera irekita egongo den.

Igandeak emango die amaiera jaiei. 14.00etan bazkaria egin ostean, 17.00etan Irrikitaldia egingo dute, jai giroan eginiko protestaldia. Hala ere, egunero sardina-jatea eta afaltzeko aukera izango da kaian.

«Auzolana eredu, denon Aste Nagusian»

Hori da aurtengo jaietarako hautatu duten leloa. «Auzolan» eta «batzar» kontzeptuetan sakonduz, eta parte-hartzea bultzatze bidean, urte hauetan denetan lanean jardun duten guztiak omendu nahi izan dituzte antolatzaileek.

Piraten arrakasta auzolanean oinarrituta dagoela uste dute, eta bide berean jarraitzeko hautua egina dutela azaldu zuten. Herri mugimendutzat hartzen dute euren burua, eta hori da, nabarmendu zutenez, «piraten altxor preziatuena», herria eta mugimendu soziala, alegia. «Euskaldunak parte hartzaileak eta parekideak gara», esan zuten. Nahiz eta aitortu azkenaldian aldaketak ari direla gertatzen gure herrian, euren ustetan herri mugimenduak aldaketaren lerroan jarraitu behar du.

Urte hauetan guztietan jai eremu iraunkorrik ez izatea kaltegarri suertatu zaiela uste dute, eta horregatik, gune iraunkor bat nahi dute. Espazio publikoaren erabilera egiteko askatasun osoa dutela aipatu zuten, eta piraten egitarau arrakastatsu bat egiteko, leku finko bat behar-beharrezkoa dutela.

9 urteren ondoren lortu dute La Flamenka gunea kaian kokatzea. Euren inguru naturala portua dela uste dute, azpiegitura arazorik ez duelako ematen gune horrek. Donostiako Udalari eskerrak eman dizkiote kaia lortzeko laguntza emateagatik, eta Lakuako Gobernua ere zoriondu dute, azken batean, eurak baitira Donostiako kaia kudeatzeko ardura nagusia dutenak. Ea kaian luzaroan egoteko aukera duten.

A.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo