Pello ZABALA Eguraldian aditua
Negua ez bada negu...
«Negue eguzkitsu, ondoko udie euritsu», zioten Debagoiena aldetik. Eta etxean txikitan horrelakoak entzuna naiz
Negu biguna, uda gogorra. Negua ez bada negu, udak ere huts. Ibili orain iji-aja, ikusiko duzue belarrik ezin onduz, bibelarrak ezin eginez, belar ustela erre beharra datorkizuenean… etxean txikitan entzuna. «Negue euzkitsu, ondoko udie euritsu», zioten Debagoiena aldetik.
Mendebalaren aginte-eraginpean, era oso ezberdinean ekarri ohi du euri partizioa. Ipar ukitu eta bultzada hartzen dueneko, gure kostalde gehienari datorkio bustitik. Mendebala xuxen samar etorriz ordea, Bidasoa eta iparraldeko kosta bazterra bustiko ditu usu. Horrelako datuak utzi ditu aurtengo uztailak: 237 Hondarribian; 167, erdia besterik ez, Igeldon; laurdena pasatxo, 68, Bilbon. Hara, hiru puntu ez oso urrunak, kostakoak hirurak, eta hara hor zenbateko koska. Barrura bagoaz, Bilboko erdia, oxta oxta, Gasteizen. Eta Nafarroako herri bazterretan has zaitez euri bila: badira apenas lautan zorua busti zaieneko parajeak.
Gure Euskal Herri hain eratsu honetan, bertan baituzu kosta, golko magalduna eta guzti, bertan mendi kaskoak kostatik gertu, bertan, mendi zerra eta kate pare bat pasa orduko, ordeka lehorrak, eta bertan, barruraxeago, Bardeetako basamortutxoa, penintsula osoko ihartuena… nola egingo ditu, bada, antzerako aroaldiak? Jakina, erpinenetan ohartzen gara horretaz: dela negu ez-neguan, edo udako hilabete ez-udakoren batean…
Nolanahi, hain era desitxurazkoan portatu bada gure uztaila, kosta-koska golkodun horretan izan da. Zeren, aizu, «Los primeros rayos de sol animan a los vascos a tomar las playas», hondartzarako azken bizpahiru hondar egunetan idazten duen egunkariak, ez zekien asko, Bilbon 128 ordu ukan zutela eguzki printzetan; ezta pentsatu ere, Nafarroa aldeko hainbat parajetako herritan, 280 ordutara arrimatu zirela; eta ezta usnatu ere, Arantzazun bertan 211 orduz izan dugula eguzki ezti uztailekoa, nahiz eta eguna koskaz koska murrizten doakigun: neurri ertainetako egunetara iritsi baikara abuztuaren hasierarekin, zelten kulturak ongi dakienez.
Halere, utzidazu honako aspaldiko kontseju baserritik emanikoa gogora ekar diezazudan: Kasu egiok bi ilberri dituen hilabeteari: bazekik buztanaz ematen!