GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Musika Donostiako txoko guztietara zabalduz hasiko da Hamabostaldia

Ahalik eta lagun gehienekin partekatu nahi dute musika; jendearen bila joan, noiz etorriko esperoan egon beharrean. Horregatik, ikuskizunak kalean, udaletxean, erietxe eta zahar etxeetan, elizetan eta aukera duten leku guztietan eginez emanen diote hasiera Hamabostaldiari igande honetan. Atzoko aurkezpenean zehaztu zutenez, adin eta gustu guztietarako hamahiru emanaldi prestatu dituzte egun horretarako, denak doan, eta bertako artista anitzekin.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Indartsu hasiko da 72. Musika Hamabostaldia, denetariko osagaiz hornituta: txotxongiloak, dantza, instrumentu tradizionala modernoa ere badela erakutsiko duten txistulariak... Auzoz auzo, hiri osoa hartuko dute musika doinuek, baita hain ohikoak ez diren lekuak ere. Hamabostaldi Solidarioak Donostia Ospitalera, Onkologikora eta Matia Fundaziora eginen du bisita, eta jendearengana ahalik eta gehien hurbiltzeko asmoz, kalean eginen dituzte emanaldi ugari.

Herritarrentzat erosoagoak eta errazagoak diren lekuetan partekatu nahi dituzte proposamenak. Ba omen da zabalduta dagoen erran bat: «Behin ere ez dago sarrerarik Hamabostaldirako, denak bukatuta egoten dira!», aipatzen du jendeak. Baina hori gezurra dela argitu zuten antolatzaileek.

Jazzarekin bat eginez

77 emanalditatik hirutako sarrerak soilik agortu dira. Horietako bitan Donostiako Orfeoiak parte hartuko du eta bertzea Jazzaldia eta Hamabostaldia elkartuko dituen kontzertua da, Alexis Delgadok eta Iñaki Salvadorrek Victoria Eugenian emanen dutena. Bertan, jazzak eta musika klasikoak bat eginen dute Bach musikari handiaren inguruan. Sarrerak bukatu direnez, bigarren emanaldi bat eskainiko dute gaur 00.30ean.

Aipatzen genuen bezala, musika zaletasuna zabaltzeko ahaleginean denetariko emanaldiak eginen dituzte, eta aniztasun hori igandeko inaugurazio egunean bertan ikusiko du jendeak, estilo eta diziplina koktel itzela prestatu baitute, arreta berezia jarriz Jesus Guridi, Tomas Luis de Victoria eta Franz Liszt aurtengo edizioan omenduko dituzten konpositoreei.

Donostiako Udal Txistulari Banda izanen da protagonista bat. Zuzendariak, Jose Inazio Ansorenak, adierazi zuenez, «formatu poli-instrumentalean» joko dute, eguerdian Urdaneta kalean. Euskal musikari handiak ezagutaraziko dituzte, Sorozabal, Zuluaga edo Santesteban, «Inauterietako polka» eta halako pieza dibertigarriekin.

Trino Zuritak eta Antonio Simonek Pariseko Mediateque Musical delakoan gordetako altxor bat berreskuratu eta interpretatuko dute, «Duoa Sol Maiorren» eskuizkribua, Lisztek berak egindako zuzenketaz josia. ZHL Strings boskotea kale ikuskizun batekin jendeari ongi pasarazten saiatuko da; eta Easo Txiki eta Araoz Txiki haurren abesbatzek, berriz, Jesus Guridiren lanak joko dituzte Gorka Mirandaren zuzendaritzapean.

Gipuzkoako ondare izugarria nabarmenduko dute Organo Zikloan

Esteban Elizondo Organo Zikloaren koordinatzaileak oroitarazi zuenez, Gipuzkoako ondare garrantzitsua du oinarri ekimen honek. Duen espazio geografiko txikirako organo bilduma erraldoia eta kalitatekoa dauka herrialdeak, eta hori nabarmendu nahi dute.

Gaur hasiko da zikloa, 20.00etan, Elizondok berak Ataunen emanen duen kontzertuarekin -250 urte bete dituen San Martingo organoa joko du-, eta abuztuaren 12ra arte makina bat ekitaldi izanen dira aukeran. Tartean Daniel Roth-ek musika erromantikoko ikastaroa eta Esteban Landarteren emanaldia Iesu Elizako organo berriarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo