UDATE
«Intouchables» filmaren nazioarteko estreinaldiak itxiko du aurtengo Zinemaldia
GARA | DONOSTIA
Donostia Zinemaldiaren 59. edizioa «Intouchables» filmaren nazioarteko estreinaldiaz amaituko da. Eric Toledano eta Olivier Nakachek idatzi eta zuzendu dute pelikula.
«Intouchables» komedia bizia da, ezer partekatzen ez duten eta bizitza ulertzeko oso ikuspegi ezberdinak dituzten bi pertsonaren arteko ezusteko adiskidetasun harremana ardatz duena: batetik, istripu baten ondorioz tetraplegia duen aberatsaren, eta, bestetik, bera zaintzeko kontratatu duen gizonaren artekoa. Bigarrena Pariseko auzo pobreetatik datorren immigrantea da, kartzelatik atera berria.
Film andana
Eric Toledano (Paris, 1971) eta Olivier Nakache (Suresnes, 1973) gidoigile eta zuzendari tandema film laburren eremuan nabarmendu zen; batez ere, beren bigarren lanarekin, «Les petits souliers» (1999) film laburrarekin, Pariseko Zinema Jaialdian Ikusleen Saria eskuratu zuen-eta. Ondoren, «Je préfère qu'on reste amis» (2005), «Nos jours heureux» (2006) eta «Tellement proches» (2009) film luzeak zuzendu zituzten.
Pelikulak François Cluzet eta Omar Sy ditu protagonista, eta Audrey Fleurot, Josephine de Meaux eta Clotilde Mollet ere aktore taldean daude. François Cluzet Frantziako aktore ezagunenetakoa da, eta Guillaume Caneten urteko komedia frantses arrakastatsuenean, «Les petits mouchoirs» (2010), parte hartu du. Ibilbide luzea du aktore honek eta besteak beste, honako hauentzat egin du lan: Claude Chabrol, Claire Denis, Agnieszka Holland edo Bertrand Tavernier.
«Intouchables» lehiaketatik kanpo proiektatuko dute, irailaren 24an, Zinemaldiaren amaierako galaren ondoren.