GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako jaietako azken egunean jazotako beste bortxaketa baten berri eman dute

p014_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Baionako jaietan gertatutako beste bortxaketa baten, hirugarrenaren, salaketaren berri eman zuten atzo. Laurent Nuñez suprefetak jakinarazi zuen erasoa igandean gertatu zela eta biktima oporretan zegoen adin txikiko turista bat dela.

Lapurdiko hiriburuko jaietan beste bi bortxaketa salaketa izan dira, biak ostiraletik larunbaterako goizaldera gertatuak.

Atzo bertan, berehalako prozedura erabiliz, 54 urteko gizon bat epaitu zuten Baionako ikasle baten kontra egindako sexu-erasoa leporatuta. Bortxaketa-saiakera festen itxiera egunean gertatu zen, goizaldean, 4.00k aldera, Santespiritu auzoan.

Oporretan zegoen gizonezkoak, 18 urteko neskari heldu, eta behartzen hasi zen Sainte Catherine karrikan. Gaztea oreka galduta lurrera erori zen. Oihuka hasi zelarik, emakume bat inguratu zen laguntzera, baina ordurako, gizonak alde egin zuen. Komisarian erakutsi zizkioten argazkiei esker ezagutu ahal izan zuen erasotzailea. Izan ere, ordu batzuk lehenago Poliziak identifikatua baitzuen San Andres plaza inguruan neska batzuei jazartzeagatik.

Froga askirik ez

Fiskalak 18 hilabeteko espetxealdia (6 betetzeko betebeharrarekin) eta hiru urteko jarraipen psikiatrikoa eskatu zituen gizonaren kontra. Alabaina, prozedura arin hauek izan ohi duten ikerketa eskasaren ondorioz, epaileak ez zuen froga aski argirik aurkitu, eta «zalantza tarte handiak» bazirela aitortuta ere, absolbitu egin zuen.

Jazoera hauen harira, jakin berri da datorren urtean, Ipar Euskal Herriko komisarietarako lanpostu berezia sortuko dela, erasoak jasan dituzten pertsonen arretarako (jada bada Bearnon). Sexu-erasoak jasan dituztenez ere arduratuko litzateke gizarte laguntzaile hori.

Baionako suprefetak adierazi duenez, gai hori martxoaz geroztik dago mahai gainean eta Epai-Kontrolerako Elkarteak (ACJ) eskaera formala egina du dagoeneko.

Sexu-Erasoen kontrako Kolektibo Feministak poza agertu du iragarpenarekin. Alta, Ipar Euskal Herrian erasotako emakumeak behar bezala artatzeko egiturarik ez izatea deitoratu dute. Ez hori bakarrik. Gogorarazi dute duela bost bat urtetik ari direla eskatzen Jean Grenet hiriko auzapez eta diputatuari eraso sexistei aurre egiteko Estatu espainolean indarrean dagoen legearen antzekoa bultzatzea.

Greneti aurrez aurre

Hain zuzen ere, «genero indarkeria eta gizonezkoen dominazioaren» aurkako lege-eskaera hori aurrez aurre berritu zioten Greneti asteartean, festetan izandako gehiegikeriak salatzeko Baionako herriko etxearen aitzinean elkarretaratzea egiten ari zirelarik.

Protestan 50 bat lagunek parte hartu zuten; tartean ziren Martine Bisauta eta Colette Capdevielle zinegotziak, Marie-Christine Aragon kontseilari nagusia eta Alice Leiziagezahar Akitaniako kontseilaria.

Bortxaketek jaiei buruzko balorazioa «guztiz ilundu» dutela aitortu dute agintariek eta Herriko Etxeko ordezkariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo