N1 Maila
Dagoen lekuan jarraitzea da asmoa
Avironek aurten ere mailako aurrekonturik txikienetakoa izango du, baina helburuak betetzeko itxaropen osoa dauka.
Jon LEUNDA
Dagoen mailan jarraitzea, hori izango da Avironen helburua. Iaz N1 galdu egin zuen, baina talde asko zeuden diru arazoekin, eta hori dela-eta Federazioak talde dezenteri maila galarazi dio, eta horri esker, zuri-urdinek N1 mailan jarraitu ahal izango dute. Gauzak ongi egiteak ere saria behar du, eta lapurtarrek hori izan dute.
Federazioak, ordea, orain bi aste baieztatu zion Avironi Nationalean jarraituko duela, eta horrek gauza asko aldarazi dizkio taldeari. Iaz maila galdu ostean, jokalari askok utzi dute Lapurdiko hiriburua, eta bulegoetan zelaian galdutakoa berreskuratzeko itxaropen handia izan arren, CFA Mailan jokatzeko taldea egiten ari zen Aviron.
Orain, bi astetan, gauzak aldatu egin dira, eta jokalari berri gehiago ekarri behar izan ditu, ez baita gauza bera CFA Mailan edo N1 Mailan aritu. Lehendik ere zuri-urdinek mailako aurrekonturik txikienetakoa izanda, mailari eustea izaten zuten erronka, eta aurten gauzak joan diren bezala joanda, oraindik eta garbiago dute zein izango den helburua.
Jokalari askok utzi dute taldea, eta horien lekua bete behar da. Hutsune horietan nabarmenena Marc Estraderena izan da. Hendaiako jokalari beteranoak futbola uztea erabaki zuen pasa den denboraldiaren amaieran, eta taldeak nabarituko du, bai zelaian, bai aldageletan hark zuen pisua.
Aldagelan pisu handia duten etxeko beste jokalari batzuek, ordea, taldean jarraituko dute, eta horrek garrantzi handia izango du. Ximun, Bidegain, Degoul, edo Lalane elastiko zuri-urdina jantzita arituko dira aurten ere, eta oso garrantzitsua da hori. Aurtengo udan egon dira Ximun Alavesera joango ote ziren zurrumurruak ere, baina Kanboko atezainak Baionan jarraituko du, eta berriro ere taldeko izarretako bat izango da.
Aldaketa handiak
Avironen plantillan inoiz baino aldaketa gehiago egongo dira aurten, eta bihar Didier Deschamps zelaira doazen zaleentzat gehienak aurpegi ezezagunak izango dira.
Guztira hemezortzi jokalari iritsi dira Baionako hiriburura, nahiz eta horietako batzuek bigarren taldean jokatzen amaituko duten. Irten, berriz, hamalau egin dira. Hala ere, oraindik Lehen Mailako talderen batek utzita jokalariren bat edo beste ekartzea espero dute Lapurdiko talde nagusian. Iritsi den azkena jatorri afrikarra duen Mututa da. Hegalean ari da, eta Nantes taldeak utzita dator. Itxaropen handia jarri dute berarengan.
Taldea utzi duten jokalariak honako hauek dira: Caradec, Ribery, Estrade, H. Elouri, Romey, Simon, Gbizie, Pennachio, S. Elouari, Dos Santos, Sauvestre, Torrent eta Oumauche. Iritsi direnak, berriz, honako hauek dira: Lamothe, Sanz, Melham, Tremalleres, Tunani, Graciet, Ladeveze, Bebey, Diaby, Alazet, Guilou, Andrietti, Camara, Diafutua, Dutilleu, Lujunie, Serra eta Mututu. Jarraituko dutenak, hauek dira: Ximun, Chort, Souverbie, Degoul, Lalane, Bidegain, Hilarie eta Giron. Entrenatzaile lanetan Alain Pochatek jarraituko du, eta bere seigarren denboraldia izango du talde lapurtarrean.
Liga luzea izango da; izan ere, bihar abiatuko da eta maiatzaren 26an amaituko da. Ez da ahaztu behar Frantzian Kopa asteburuetan jokatzen dela, eta orduan Ligak atseden hartzen duela. Mailari eusteaz gain, Kopa izango da zuri-urdinen beste erronka nagusia. Helburua Lehen Mailako talderen baten aurka jokatzea izango baita. Badira ia sei denboraldi hori gertatzen ez dela, eta aurtengoan amets horrekin dabiltza.
Ximun, Degoul, Bidegain edo Lalane dira taldeko ikur nagusiak, eta laurek jarraituko dute Baionako taldean. Alain Pochat entrenatzaileak ere aulkian jarraituko du.
Jokalari aldaketa esanguratsuak izan dira. Hamalau jokalari joan dira taldetik, eta oraingoz hemezortzi heldu dira. Litekeena da gehiago ere iristea.
Bihar hasiko du Avironek aurtengo denboraldia, eta ez du abiatzeko aurkaririk samurrena izango. 19.00etatik aintzina Beuvais hartuko du Jean Daguer zelaian.
Mailan dagoen izenik garrantzitsuenetakoa da, eta taldean hainbat jokalari afrikar ditu, batzuk gainera beren selekzioekin ari direnak. Iazko denboraldia zazpigarren amaitu zuen, eta aurtengoan Bigarren Mailara igotzeko asmoa erakutsi dute.
Avironentzat oso garrantzitsua izango da Liga hiru punturekin ekitea, bestela urduritasunak eta kezkak agertzen hasi baidaitezke. Zaleen babesa ere eskatu dute. J.L.