GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Kalea aldarrikatzea da aurtengo Lizarrako txosnen helburua

Kaleak eta gauak berenganatzeko prest azaldu ziren atzo iluntzean Lizarrako txosnetara hurbildu zirenak. Autogestio eta asanbladaren bitartez eraikitako guneak Lizarrako jaiei hasiera eman zien akelarrea eginda, eta Euskal Herriak euskalduna, parekidea, Ama Lurrarekiko errespetuz jokatzen duena eta errepresaliaturik gabekoa behar duela izan gogorarazi zuten.

p050_f01_286x173.jpg

Odei IRIGOIEN | LIZARRA

Lizarrako txosnek atzo gauean eman zioten hasiera jaietarako prestatu duten egitarau aberatsari, txupinazo alternatiboa batekin eta akelarrearekin. Dozenatik gora musikarik eta beste horrenbeste dantzarik egin zuten antzezpena, eta txosnen helburua ez dela gune alternatiboak sortzea gogorarazi zuten, autogestio eta asanbladan oinarritutako euskal herri askea, parekidea, Ama Lurrarekin errespetuz jokatzen duena eta errepresaliaturik gabekoa eraikitzea baizik.

Aldarrikapenez gain, hezur eta haragizko pertsonek eta kolektibo mordoak parte hartzen dute urtero jai hauen antolakuntzan. Antolatzaileen esanetan, ekitaldia berrikuntza izan da, «bakoitzak bere testutxoa irakurtzea astun samarra egiten zenez, aurten testu bateratu bat irakurri dugu, akelarre itxura emanez ekitaldiari, dantza eta kantuekin». Horren ostean, Afu, Uhulu eta Vendetta taldeek kontzertua eman zuten.

Txosnak 1993. urteaz geroztik egon badira ere, 1996an hartu zuten egun duten indarra eta bateratasuna. Maiatz aldera hasi dituzte aurten aurreneko asanbladak gaztetxean, eta hasieran lantalde bakoitzeko bizpahiru lagun baino ez baziren ere, hilabeteak aurrera joan ahala jende gehiagoren premia izanda, ehundik gora izango dira datorren abuztuak bederatzira arte ekitaldi andana aurrera ateratzeko lanean jardungo dutenak. Talde bakoitzak bere lan esparru propioa jorratzen du; AEK-k, euskararen presentzia bermatuz, edota Bilgune Feministak, txosnagunean balizko eraso sexisten aurrean hartuko diren jarrerak hurbiltzen direnei argi utziz, besteak beste.

Kaleak eta gauak gureak dira

Antolatzaileek aurten «Ordenantza munizipalari EZ! Kalea berreskuratu eta guztioi dagokiguna borrokatu» hartu dute beren ekimenak laburbiltzen dituen lematzat. Aldarrikapenari bere lekua bermatzen dion gunea da txosnagunea. Lizarran, beste herri askotan bezala, udal araudiak kaleetako hormetan kartelak jartzea debekatzen du, eta astelehenetik larunbatera bitartean, goizero-goizero pasatzen dira udaletxeko langileak kaleak kartelez «garbitzen». Neurri horrek herriko eragileen lana oztopatzen duela uste dute jai batzordekoek, «kartelentzat egokitutako panelak eskasak iruditzen baitzaizkigu. Gainera, edozer gauza egiteko beti baimen eta paper artean galdu behar izaten dugu denbora udaletxean». Duela bi urte «baimendu gabeko» kalejira bat zela medio guardia zibilak sortutako istiluak gogoan, beste behin ere kalea erabiltzeko askatasuna aldarrikatzeko, ekitaldi sorta zabala eskainiko diote gerturatzen den edonori. «Kalea gurea da, eta edozein gauza egiteko ez daukagu baimenak eskatzen egon beharrik ere. Musika jartzen ari gara kalean, jendea alaitzen... Ezin dira horrelako auziengatik duela urte bi Santiago plazan izandako istiluen modukoak berriro gertatu, ezta horren ostean etorri ziren miaketak eta muntaia polizialak ere. Nork eskatu behar du jaietan bazkaltzeko kalean mahai bat jartzeko baimena? Inortxok ere ez, eta gainera horrela behar du izan, ezin da ibili aukeratzen `hau bai, hau ez'.».

Gaurko, herri bazkaria prestatu dute, eta horrez gain, arratsaldeko sei eta erdietan hasiko den kalejira. Iluntzean, hamarretatik aurrera kontzertuak izango dira Korumba, Anai Arrebak eta Ultimos Reyes taldeekin (azken horiek Bolbora taldea ordezkatzera datoz, azken orduko aldaketak direla-eta). Datozen egunetan ere banatzaile alternatiboen topaketak, kontzertu gehiago, presoen aldeko brindisa, kalejira aldarrikatzailea eta beste hainbat ekintzaz gozatzeko parada izango da.

Gainera, azken urteotan igandeko programazioa egonkortu nahi izan dute, jaiei egun bat gehituz eta aurten ere beste horrenbeste egingo dute. Badira jada urte batzuk Lizarraldeko musika taldeek egun horretan kontzertuak ematen dituztela txosnetan, eta giro etxekoiagoa izateko baliatzen dute.

Horrekin guztiarekin, herri eragileek urte osoan funtzionatu ahal izateko modua aurkitzen dute, hein handi batean behintzat. Jendeak musu-truk lan eginez, beste antolakuntza eredu batzuk erakusten dira, eta gainera, jai espazio alternatibo bat eratzen da, «Lizarrako beste leku batzuetan eskaintzen ez dena. Gainera, herriko jende ezberdina elkarlanean aritzeak beste hainbat gauzatarako ere bidea errazten digu, elkarrekin antolatu behar diren kontuetarako, Korrika kasu. Herri txikia bat gara, guztiok ezagutzen dugu elkar, baina elkarrekintzak erraztu egiten du urtean zehar ere beste horrenbeste egin ahal izatea».

Udal egitaraua, gaurtik aurrera

Udalak ordea, gaur bertan emango die hasiera jaiei modu ofizialean. Eguerdian, puntu-puntuan, jaurtiko dute suziria, eta ondotik herriko dantza taldeen eskutik larraindantza izango da, txistulari, gaitero, fanfarre, udal musika-banda eta abarrekin batera.

Antolakuntzan ari diren herritarrek aipatu digutenez, azken urteotan ohiko bihurtu da jaien hasieran izaten den «banderen gerra». «Kontua da ikurrina ez dela horrelako ekitaldi ofizialetan agertzen, baina aldarrikatu nahi izaten dugu honek ere hor behar duela, herritar askok geure egiten dugun ikurra baitugu. Ez da jada besteak kentzeko eskatzen dugula, baina Lizarrako jende askok badu sentipen hori, ikurrina berea duela».

Horren ostean, bonba japoniarrak edo kabukiak eta kukaña izango dira haurrentzat gozagarri. Bestalde, Tuterako gaiteroei omenaldia egingo diete, Francisco Beruete dantzari ohien elkartearen eskutik. Bazkalaurretik jotek ere izango dute lekua, nola ez, Voces Navarras taldeak emango duen emanaldian. Bazkalostean erraldoi eta kilikien konpartsa aterako da, eta arratsaldean udal taldea bilduko zaie, dantzari, musika banda eta abarrez gain. Sei eta erdietan kale animazioa izango da haurrentzat Tobogan taldearekin, eta zortzi eta erdietan behien igoera. Eguna amaitze aldera, gaueko hamarretan zezensuzkoa, eta Caiman Show taldearen berbena izango dira.

ALDAKETA

Gaur gauean Korumba, Anai Arrebak eta Ultimos Reyes taldeak izango dira txosnetako agertokian. Azken horiek Bolbora taldea ordezkatzera etorriko dira, azken orduko aldaketak direla-eta. Bihar Bide Bakarra, Itziarren Semeak eta Kasu arituko dira.

UDAL ORDENANTZA

Udaletxeak ezarritako ordenantza izan da aurten jai batzordeak aukeratu duen gaia. Kalean kartelak jartzeko debekua dela medio, UPNk gobernatzen duen Udalak herri eragileen lana oztopatzen duela salatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo