GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Arabako finalarekin abiatuko dira Gasteizko jaialdiak

Jon LEUNDA

Gasteizko Andre Maria Zuriaren festekin batera, Foru Plazan egunero izango dira herri kirol jaialdiak, gaur hasi eta bertako jaiak amaitu bitartean. 12.30ean hasiko da saioa, eta lehen eguneko erakustaldirik garrantzitsuena herrialdeko aizkolarien finala izango da.

Kirolari bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Egungo txapelduna Rodriguez I.a da. Segoviarrak iaz ezuste handia eman zuen, baina orduan Zubiaga eta Jauregi zenbait arazorekin zebiltzan.

Izan ere, bi aizkolari horiek ongi baldin badaude, beraiek dira faboritoak. Zubiaga da, adituen ustez, txapela janzteko hautagai nagusia, eta zaleen ustez, Jauregi omen da berari lanik gehien eman behar diona. Rodrigueztarrak ere ondo prestatuta datoz, gogoz iaz lortutakoari eusteko, eta saiatuko dira gauzak estu jartzen.

Aizkolariena ez da izango, ordea, gaur jokatuko den lehiaketa bakarra; izan ere, herrialdeko orga-jokoko txapela ere erabakiko da. Horretarako, Saez de Castillo, Fernandez de Retana eta Bengoa lehiatuko dira.

Jaialdi hauetako beste lehiaketa garrantzitsua aizkolarien Arabako Irekia izango da. Bihar, etzi, eta astelehenean izango dira ekinaldiak. Bihar, lehen finalerdia jokatuko da, eta bertan Ohian Larretxea eta Rodriguez I.a Rekondoren eta Rodriguez II.aren aurka lehiatuko dira. Igandean, bigarren finalerdia izango da, eta bertan Mugertza II.a eta Jauregi Saralegiren eta Zubiagaren aurka neurtuko dira.

Astelehenean bi finalerdietako irabazleek txapela izango dute jokoan. Lehiaketa honetan Urrezko Aizkorako lanak egin beharko dituzte; proba ezberdinak, beraz.

Beste zenbait kiroletan ere Arabako finalak jokatuko dira bertako jaialdiez baliatuz. Zaleek ere normalean harmailak erabat betetzen dituzte, sarrera dohainik izaten baita, eta plaza oso leku egokian dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo