UDATE
Kukullaga jai batzordea, haize berria Berangoko festak bultzatzeko
Jai parte-hartzaile eta herrikoiak sustatzea. Hori da Kukullaga jai batzorde berriak Berangoko jaietarako prestatu duen programaren muina. Sardina jateak, herri kirolak, dantzaldiak, txokolatadak... menua askotarikoa da oso, baina aipatu bezala, herritarren konplizitatea dute helburu. Denek esku hartzea, ondo pasatzeko nahiz antolakuntzan lan egiteko. Kolorez margotzea egunak eta gauak, eta Uribe Kostako herri txiki honetan kaleak ilusioz eta pozez betetzea.
Mikel PASTOR | BERANGO
Urte piloa zeraman Berangoko jai batzordeak barne-tentsio giroan, jaiei buruzko ikuspuntu desberdinak, akordioetara heltzeko ezintasuna zirela eta. Herriko elkarteen eta udalaren arteko harremana hondatuz joan zen, eta pasa den urtean egoerak muga guztiak gainditu zituen. Jai batzordea desegitea ekarri zuen horrek guztiak.
Etorkizunari begira, egoera ilun eta deserosoa zen oso. Zenbaitek, ezkorrenek, hurrengo urteko jaiak kolokan ikusi zituzten. Ez zuten kontuan hartu zenbat maitatzen ditugun euskaldunok herriko jaiak.
Herriko zenbait elkartek, egoerak behartuta, lanari ekin zioten bestelako jai eredu bat martxan jartzeko. Horrela, udaletxearekin lortu ezin zutena euren kasa lortu nahi izan zuten: jai euskaldun, herrikoi, eta bereziki, parte-hartzaileak. Proiektu berriari Kukullaga jai batzordea izena jarri zioten, eta hasieratik argi zeukaten gauza bakarra izan zen ordura arteko jai ereduari 180 graduko bira eman behar ziotela.
Herriak, herriarentzat
Herriko biztanleak eginak, herrikideek goza dezaten. Elkarlana, elkartasuna, lankidetza. Hitz gakoak dira bestelako jai eredu bat eratzeko orduan.
Herriko elkarte gehienek Udalarekin urteetan izandako gatazka eta eztabaida latzak gogoan iltzatuta zituzten, eta bestelako eredu baten aldeko ekimena lehendabiziko momentutik bultzatu zuten indar biziz.
Jai ezberdinak egiteko, begirada ezberdina behar da. Filosofia ezberdina, errotik aldatuko dituena ordura arte izandako irizpideak. Jaien iraultza. Eta hori da Kukullaga jai batzordeak proposatzen duena: gauzak «begiratzetik», bertan «parte hartzera» iristea. Jaietan norberak bere burua eta besteena partaide senti dezan, eta ez bakarrik kanpoko ikusle.
Ez da bide erraza izan. Udalak zenbait traba jarri dizkio proiektuari, baina aurrera ateratzea lortu dute. Dauzkaten diru baliabideak ez dira beste urteetakoak bezainbestekoak, baina jai egitarauan argi utzi duten bezala, baliabide falta hori «ilusioarekin eta borondatearekin» osatu dute.
Kukullaga proiektuaren oinarrian Berango Eraikitzen kultur elkartea dugu. Jaietarako ez ezik, herria eraldatzeko zenbait proiektu jarri dituzte mahai gainean, herritarrei egindako kontsultatik ateratako ondorioak oinarri izanda.
Eta arlo urbanistiko edo informatiboan ikuspuntu alternatiboa eskainita, ulergarria da proiektu honetan ere abangoardian jartzea, nahiz eta beraiek protagonismorik nahi ez.
Gazteak, protagonista
Kukullaga jai batzordeak aurkeztu duen programa berrian aldaketa nabarmenak daude. Publiko guztientzat egokiak dira ekintza gehientsuenak, baina batez ere kontuan hartu dituzte herriko gazteak, eta haiei begira prestatu dituzte ekitaldi eta jarduera ugari.
Txupinazoa bera izan da aldaketa horren adibide. Alde nabarmena. Ez zuten udaletxean egin, Berangoeta kultur etxean baizik. Jarraian, berangoztarrek Orabai batukadaren laguntzaz gozatzeko aukera izan zuten.
Filosofia aldaketa hori kontzertu motan zein herri bazkarietan (sardina jatea, eta abar) ere igarriko da, gazteen partaidetza antolakuntza lanera ere iristea nahi duelako Kukullagak.
Gainera datorkien asteburu gogorrerako prest dira berangoztar guztiak; beraz, aro berriak sortzen duen beldurrarekin, baina jai herrikoi eta parte-hartzaileak izateak sortzen duen ilusioarekin ere bai.