GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Arabako finala

Txapela berriro ere Segoviara doa

Juan Rodriguezek iaz lortutakoari aurten ere eutsi egin dio, nahiz eta Arkaitz Jauregi gainean izan zuen ia amaierara arte.

p032_f01_148x100.jpg

Jon LEUNDA

Juan Rodriguez segoviarrak bigarren urtez jarraian eskuratu zuen atzo Gasteizen Arabako txapela, eta bigarrenez ezustean; izan ere, Zubiagak, irabazteko faborito nagusiak, atzokoan ere ez zuen bere egunik onena izan, eta laugarren postuan amaitu zuen.

Sekulako jendetza batu zen Gasteizko Foru Plazan final hau zuzenean ikusteko asmoarekin. Aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Enborrak orokorrean nahiko onak atera ziren.

Finaleko emozioa lehen posturako lehian egon zen. Rodriguez I.a txapelari eusteko asmoarekin iritsi zen Arabako hiriburura. Hasieratik ikusi zen, gainera, Zubiagak ez zuela izango bere egunik onena, eta Jauregi, txapela lortzeko beste faborito nagusia, izan zen segoviarrari aurre egiten saiatu zen bakarra.

Apurka-apurka, ordea, Gaztela eta Leongo aizkolariak aurre hartu zion, eta azkenerako Ilarduiakoak amore eman behar izan zuen. Hirugarren posturako ere borroka polita izan zen. Ustez lehen posturako lehian behar zuen Zubiagak, baina ez horretarako, eta bigarren posturako aukerarik gabe geratu zenean, hirugarrenaren bila joan zen, eta lehia handia izan zuen Rodriguez II.arekin. Segoviar gazteak, ordea, lan txukuna egin zuen, eta azkenerako berak ere aurre hartu zion Arabako aizkolaririk onenari.

Kintanak, berriz, ez zuen aukerarik izan. Bere helburua finalean sartzea zen, eta han lan txukun bat egitea, eta horretan saiatu zen, eta amaieran azkeneko postuan amaitu zuen. Bigarren aldiz, Arabako txapelak Euskal Herritik kanpoko bidea egingo du. Dena dela, Rodriguez I.a eta Rodriguez II.a ere ezagunak dira gure artean, azkeneko urte hauetan Urrezko Aizkoran ere parte hartzen baitute, eta ia astebururo Euskal Herrian izaten dira aizkoran.

Atzo Gasteizko Foru Plazan beste txapelik ere banatu zuten, orga-jokoko herrialdeko lehiaketa ere bertan erabaki baitzen. Hiru partaide izan ziren azkenean lanean. Eduardo Fernandez de Retanak jantzi zuen txapela, garaipena lortzeko faboritoak, alegia. Bigarren sailkatuari, gainera, tarte handi samarra kendu zion, amaieran ia itzuli erdi bateko aldea atera baitzion, eta ia bikoa, aldiz, hirugarrenari. Orokorrean lehen ekinaldia polito joan zen.

 
faboritoa

Zubiaga zen herrialdeko txapela lortzeko faborito nagusia, baina ez zuen izan bere egunik onena, eta amaieran laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Arabako Irekia izango da bigarren eguneko saio nagusia

Arabako Irekia izango da gaur 12.30etik aurrera Gasteizko Foru Plazan jokatuko den ekitaldiko saio nagusia.

Lehen finalerdian, Ohian Larretxea eta Rodriguez I.a, Rekondoren eta Rodriguez II.aren aurka lehiatuko dira. Bikote bakoitzak lau lan ezberdin egin beharko ditu.

Bihar, bigarren finalerdia jokatuko dute, eta bertan, Mugertza II.a eta Jauregi, Zubiagaren eta Saralegiren aurka lehiatuko dira. Gaurko lan berdinak egin beharko ditu biko bakoitzak.

Gainera, emakumezkoen ingude txapelketa ere jokatuko da Gasteizen. Golova, Hernandez eta Ferran lehiatuko dira. Horretaz gain, mutilen lasto-altxatze txapelketa ere jokatuko da, eta Lauzirika, Velez de Mendizabal, Lopez, Franco eta Ruiz de Aretxabaleta lehiatuko dira bertan. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo