GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Beroa eta jai giroa izan ziren nagusi Lizarrako txupinazoan

Lizarrako udaletxeko plaza leporaino zegoen atzo eguerdiko hamabietan; eta bertaratutako jendea, festak hasteko irrikatzen. Txupinazoa puntu-puntuan bota zuen Lizarrako UPNko zinegotzirik nagusienak, eta segidan, Larraiza dantza taldeak eta musikak kaleak hartu zituzten.

p052_f03_100x100.jpg

Begoña ZEBERIO | LIZARRA

Lizarrak atzo eman zien hasiera ostegunera arte iraungo duten festeei. Txosnek, ohitura den bezala, egun bat lehenago egin zuten txupinazo alternatiboa, baina ofizialki ostiralean eguerdiko hamabietan udaletxetik botatako suziriak ematen die hasiera. Udaletxeko balkoian ikurrina ikusgai izan zen txupinazoan, baita jendez gainezka zegoen plazan ere. Beroa jasangaitza, eta jendea, nola edo hala babestu nahian, itzal bila.

Eguerdiko hamabietan, Felix Alfaro, UPNko zinegotzi nagusienak suziria bota zuen. Ondoren, Lizarrako Larraiza dantza taldeak Jota Zaharra dantzatu zuen, eta gaiteroak, fanfarreak udaletxetik ateraz, musikak kaleak hartu zituen.

Hamaiketakoa egiteko hitzorduari ezin huts egin atzo. Elkarteetan eta tabernetan elkartu ziren familiak eta lagunak suziri jaurtiketa baino lehen indarrak hartzeko. Menuan aukera zabala eta gustu guztientzakoa: patata tortilla, urdaiazpikoa tomatearekin, haragia tomatearekin, patatak eta arrautza frijituak... eta horri laguntzeko, nola ez, garagardoa edo ardoa. «Gaur ez dugu bazkalduko, horregatik behar dugu hamaiketako on bat, bestela hemendik bi ordura nekatuta egongo gara. Gero gauean indarberrituko gara, ondo afalduta», jakinarazi du Josek.

Udaletxearen barruan alderdi politikoak elkartu ziren, eta alkatearen eta bere alderdikoen eskutik suziria jaurti baino minutu batzuk lehenago jaso zuten festetako zapia.

Aurten ere, UPNko zinegotzi batek bota du suziria. Badira ia bost urte Lizarrako txupinazoa botatzeko aukera UPNko kideek baino ez dutela.

«UPNko alkateak, Begoña Ganuzak, hautatzen du suziria nork botako duen. Lau urte darama alkatetzan, eta beti aukeratu du bere alderdiko norbait txupinazoa botatzeko», azaldu zuen Iñaki Astarriaga Bilduko zinegotziak.

«Ez gaude ados egiten duenarekin eta ez zaigu batere normala iruditzen, alderdi guztiek eduki behar dute festei hasiera emateko ohorea. Gainera, horrela izan da beti, Begoña Ganuza bera alkate izan arte», gaineratu zuen.

Beroari aurre egiteko, kukaña

Bitxia da zuriz eta gorriz jantzitako jendearen artean, bainujantzia eta zisne edota dortoka itxurako flotagailuak ikustea. Atzo egin zuen beroaren ondorioz, kukaña edo nasapuntakoak arrakasta itzela izan zuen.

Gazte asko hurbildu ziren, suziriaren ostean, Los Llanos zubira eta hamabi eta erdiak pasatxo hasi zen nasapuntako jokoa. Gazteak pausoz pauso saiatu ziren, enbor gainean, saria nork lortuko. Gutxi iritsi ziren amaieraraino, hala ere, uretara erori zirenak ez ziren tristetu. «Egiten duen beroarekin eskertzen da uretara erortzea, agian saria baino gehiago» azaldu zuen Amaiak uretatik irtetean.

IKURRINA

Lizarrako udaletxeko balkoian ikurrina izan da ikusgai suziria jaurti baino minutu batzuk lehenago, baita plazan ere. Lizarra ere euskalduna dela garbi utzi nahi izan dute lizarratarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo