GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Gure parrandetako jagole miresgarriak

Iker BIZKARGUENAGA 

Insitutu garaian hasi nintzen txosnetan txandak egiten, beste lagun asko bezala. Oraindik gogoratzen dut lehena: garagardoak apar gehiegi zuela-eta sortutako ezinegona, txosna itxitakoan etxeko atarian dirua zenbatu genuen unea... Ordutik dozenaka txanda egingo nituen hamaika herritan; azkena, herenegun, Gasteizko txosnagune ikusgarrian. Hogeita hamar urteen muga pasa dugu jadanik, eta, horregatik, hanketan sumatzen ari nintzen karranpari kasu egin eta une batez oilasko paparra, hirugiharra, tomatea, gazta eta mahonesadun ogitartekoak egiteari utzi eta ur botilatxo bat hartuta, txosnaren kanpoaldera atera nintzen atseden hartzera. Eta orduan neure buruari galdetu nion une horretan bertan zenbat lagun egongo ote ziren Unibertsitate esparruko gune txukun horretan, txosnetan, lanean. Eta hausnarketan pixka bat sakonduz, udan zehar Euskal Herrian milaka lagunek ni orduan egiten ari nintzen gauza bera egingo dutela pentsatu nuen. Eta izugarria dela iruditu zitzaidan.

Izan ere, herri honetako jende mordo batek, gazteak asko, baina helduxeagoak beste batzuk -60 urtetik gorakoak solomo bokadiloak egiten ikusi ditut sanfaustotako egun handian-, jai ordu batzuk, ordu asko, lan egiteko erabiltzen dituzte, eta modu horretan, beste guztiek ondo pasatzea bermatzen dute. Batzuek esango dute lan hori musu-truk egiten dutela, baina asko da irabazten dutena. Herri honi irabaztarazten diotenaren adina. Jai eredu herrikoi baten alde ematen dituzte ordu horiek, eta, bide batez, gizarte eredu desberdin baten alde egiten dute lan. Gogor gainera, ez baita erraza gaueko hamarretan afaria irrikatzen duen jende uholdearen eskaerari erantzutea. Edo goizeko lauretan kristoren konbinatu pila eskatzen dizun kuadrillari txosnetan bloody mary-rik ez dagoela -bai, halakoak eskatzen dituzte- irribarre batekin azaltzea.

Txosnetan lan egiten duten horiek guztiak gure parrandetako jagoleak dira. Gaua ahaztezina izatea posible egiten dute, nekerik ez izaten laguntzen digute, gure kezka, tristezia eta algarak jasaten dituzte. Eta horregatik, miresgarriak dira. Miresgarriak sei orduz barraren atzean aritzen direnak, eta are gehiago egun osoan, egun guztiak, bertan ematen dituztenak. Beraiek gabe ez legoke jairik, ez behintzat herri honek maite duen bezalakorik. Horregatik lehen zutabetxo hau zuei, txosnetan lanean ari zareten guztioi, eskaini nahi dizuet. Mundialak zarete!

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo