GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

SURFLARI ERNEGATUA

Urautsiko espezieak: mixerablea

p028_f04_149x64.jpg

Txilen, Chiloe irlan izan nintzenean ezagutu nuen Darwin (ez pertsonalki noski). Sekulako hotza egiten zuen arrats batez jatetxe isolatu batean babes hartu eta han kontatu zizkidaten naturalista ingelesak irla hartan bizi zela idatzitakoak. Espezien jatorriaren eta selekzio naturalaren teoriak hunkitu ninduen. Ordura arte, gizakiok, Adan perfektuaren saihets erratu hartatik baino ez gentozela pentsatzen bainuen.

Zail egiten zait inguruan ditudanak nire espezie berekoak direla sinestea. Animalia arraroekin ere antzekotasunak izan ditzakegu, haien jatorri bera dugu; baina nire espeziekoak ikustean, benetan jatorri bera dugun galdetzen diot behin eta berriz neure buru handi honi.

Urautsian gero eta anitzagoa den fauna osatzen duten espezie guztiak deskribatzeko mila artikulu-zutabe beharko nituzke, baina bada bat, munduko urautsi guztietan aurki daitekeena: Mixerablea.

Mixerablea erraz ezagutuko duzu urautsian. Munduak bere inguruan bueltak ematen dituelakoan dago. Gainontzekoei sorbalda gainetik begiratzeko ohitura sanoa du. Sanoa, lepoa biratzean, noizbait hor bertan bihurrituko zaion esperantza ematen baitu.

Mixerablea surflari ona da, urte asko darama surf egiten. Ez du berezko dohainik, surf egiten eman dituen ordu pilagatik da ona, baina talentua du, ongi egiten du surf. Zerk bilakatzen du miserablea mixerable?

Mixerableak, urteetako esperientziari esker, beste askok baino olatu gehiago hartzeko gaitasuna izan arren, nahikoa ez, eta ozeanoko olatu guztiak berarentzat nahi ditu. Tabloiarekin aritzen da, olatuak askoz ere errazago har baititzake. Ez ditu tabloiko ariketak egiten, bere gustuko modalitatea taula txikia baita. Nahiago du olatu gehiago hartu, baina gutxiago gozatu.

Tabloian dabilenak, etikoki, besteei olatuak uzteko jarrera izan behar du, baina mixerableak dena berarentzat hartzen du, baita behar ez duena ere. Lehorreko marrazoak bezala, botere bila dabil.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo