Nazioarteko txaloen zain dagoen hiriak ez die herritarren beharrei erantzuten
Londresko Tottenham auzoko gizon baten heriotzak Ingalaterrako hiriburuko inguru horretan liskar gogorrak eragin zituen iragan igandean, eta atzo liskar horiek erraz zabaldu ziren hiriko beste auzune batzuetara. Izan ere, jazotako istilu larriak, iturri ofizialen arabera, gertakari isolatu batek, hots, aipatu heriotzak, eragin bazituen ere, honen guztiaren atzean ezkutatzen dena sakoneko arazoa da. Hain zuzen, askorentzat eredugarria den hirian, Londresen, oso baldintza kaskarretan bizi diren pertsonak asko eta asko direla. 29 urteko Mark Dugganen familiak liskarrak argudiatzeko bere izenik ez erabiltzeko eskatu du, baina irmoki exijitu du heriotzaren gaineko ikerketa sakon bat egin dadila. Finean, familiak dioen bezala, heriotza salagarri horrek istilu larri horiek zergatik gertatu diren azaltzeko balio ez badu ere, heriotza bera istiluak eragin dituen egoera latz horren ondorio bat da.
Londresko agintariak arduratuta daude, 2012ko Olinpiar Jokoei begira, liskarrek «publizitate» txarra egiten dietelako hiriari, baina arazoa hauxe da: Olinpiar Jokoak antolatzeko dirutza xahutzen ari diren bitartean, hiritarrak bizitza aurrera atera ezinik dabiltzala.