GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Biktima guztien alde lan egiteko konpromisoa» nabarmendu du Urizarrek

Bilduk ETAk eragindako biktimen inguruan duen posizioa begipuntuan jarri dute gainerako alderdiek eta hedabide gehienek. Joxe Mari Kortari egindako omenaldian egon zen atzo Pello Urizar EAko agintaria, eta Bildu «biktima guztien alde lan egiteko konpromisoa duela» berretsi zuen.

p013_f02_097x112.jpg

GARA |

Lehen pausotzat jo zuen atzo EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek Bilduko ordezkariak 2000. urtean ETAren ekintza batean hildako Joxe Mari Korta enpresariaren omenez atzo Zumaian egin zuten ekitaldian egon izana. «Pauso bat da, datozen hilabeteotan aurrera egingo duen bide baten isla», adierazi zuen Urizarrek.

Nabarmendu zuenez, bera ez zen Bilduko ordezkari gisa joan atzo Zumaiara, EAko buru gisa baizik. «Oso garrantzitsua da horrelako ekitaldietan parte hartzea, iragana ez ahazteko», adierazi zien han bildutako kazetariei.

Hain zuzen, Gipuzkoako Aldundiko Giza Eskubideen zuzendari Marina Bidasoro izan zen Kortaren omenaldian Bilduren ordezkari gisa.

Bidasororekin batera, Gazteria eta Kultura diputatu Ikerne Badiola, Zumaiako Bilduko sei zinegotzi -Arritxu Gonzalez jarduneko alkatea barne- eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide Enrique Martinez ere izan ziren Kortaren omenaldian talde abertzalea ordezkatuz.

Askotan adierazi duten bezala, «Bilduk biktima guztienganako errespetuaren alde egiteko konpromisoa» hartua duela gogorarazi zuen beste behin Pello Urizarrek.

«Oraindik ibilbide luzea duen lana da hau», nabarmendu zuen Urizarrek. «Gai honetan Bilduk jasotzen dituen kritika asko ez dira zuzenak, beste alderdien erritmo edo egutegi bat ezarri nahi dutelako», gaineratu zuen. «Biktima guztien alde lan egiteko konpromisoa du Bilduk. Hori frogatuko dugu. Denborak arrazoia emango digu eta gaurkoa pauso bat da; datozen hilabeteotan areagotuko den ibilbidearen isla txikia da gaurkoa».

Hamaikagarren urteurrena

Adegi Gipuzkoako enpresaburu elkarteko presidente izandako Joxe Mari Korta 2000. urteko abuztuaren 8an ETAk egindako atentatu baten ondorioz hil zen Zumaiako industrialdean.

Atzoko ekitaldian haren alargunak eta bi semek parte hartu zuten. Lore sorta bat eskaini eta isilean egin zen kontzentrazio batean parte hartu zuten.

Kortaren senitartekoekin batera, Gipuzkoako hainbat enpresari eta politikari ere izan ziren ekitaldian. Horien ar- tean, Gipuzkoako EAJko buru Joseba Egibar, Gipuzkoako ahaldun nagusi izandako Roman Sudupe, Aintzane Ezenarro Aralarreko parlamentaria eta Pilar Elias PPko ordezkaria ziren.

Lakuako Gobernua ordezkatzen Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendari Maixabel Lasa izan zen Zumaian.

Politikariez gain, enpresariak ere izan ziren Zumaian: Adegiko presidenteorde Ramon Zenarruzabeitia, presidenteorde Jose Alberdi, idazkari nagusi ohi Jose Maria Ruiz Urtxegi eta Elkargiko buru Victoriano Susperregi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo